Ondarea

Zirku erromatar bat aurkitu dute Iruña-Veleian

Arkikus enpresak egin du aurkikuntza, Arabako Foru Aldundiaren babesarekin. Azterlanaren arabera, 280 metro luze eta 72 metro zabal zituen egitura bat litzateke. Bihar emango dituzte hari buruzko xehetasunak.

Arkikus enpresak sareetan zabaldutako irudia. ARKIKUS
Arkikus enpresak sareetan zabaldutako irudia. ARKIKUS
Ainhoa Sarasola.
2024ko uztailaren 16a
16:49
Entzun

«Iruña-Veleian garatutako ikerketa-proiektu pilotu baten garrantzi handiko emaitzak argitaratzea». Izenburu horrekin egin du Arabako Foru Aldundiak biharko prentsa agerraldiaren iragarpena, biharko. Baina BERRIAri aldundiko iturriek baieztatu diotenez eta hainbat hedabidek aurreratu dutenez, erromatar garaiko zirku bat da bihar aurkeztuko duten garrantzi handiko emaitza hori.

Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitu ditu erromatar garaiko egitura horren aztarnak Arabako Arkikus enpresak, LiDAR kartografiari lotutako teknologiari eta drone bidez hartutako irudiei esker. Aurkikuntzaren inguruko xehetasunak Ana del Val Arabako Kultura diputatuak, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, Javier Fernandez Bordegarai Museo eta Arkeologia Zerbitzuko buruak eta Arkikus enpresako Javier eta Iker Ordoñok emango dituzte, Gasteizen, bihar goizean.

Gaur zabaldu diren informazioen arabera, 280 metro luze eta 72 metro zabal lituzkeen egitura baten aztarnak antzeman dituzte. Airetik hartutako irudiak ikusita ondorioztatu dute zirku erromatar bat izan zela, zeinak, tamainagatik, 5.000 ikusle inguru hartu ahal izango zituen bere garaian. Erromatar garaiko halako beste eraikuntzarik ez da aurkitu orain arte Euskal Herrian.

Arkikus enpresak honako bideoa zabaldu du sareetan:

Arkikusek zuzendu du ikerketa proiektua, Arabako Foru Aldundiaren babesarekin. Iruña-Veleiako aztarnategiaren 251 hektarearen gainazala ikuskatu dute, eta LiDAR teknologia, drone bidezko irudiak eta aireko argazki historiko nahiz garaikideak baliatu dituzte azterlanean. Orain, lan arkeologikoaren bidez baieztatu beharko dute aurkikuntza, baina irudietan ageri dena zirku erromatar bat litzatekeela zalantza gutxi dute arduradunek.

Ez hori bakarrik, erromatar garaiko beste hainbat eraikinen, kaleren eta bestelako azpiegituren aztarnak izan daitezkeenak ere ageri dira irudietan, oraindik azaleratu ez direnak, eta Iruña-Veleiak garai hartan izan zuen garrantziaren lekuko izango liratekeenak, aurkikuntzaren arduradunek Gasteizko SER irrati kateari azaldutakoaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.