Ziria maite zuen azeria

Joxe Agirre azpeitiarra hil da, eskolatu gabeko bertsolarien arrazako azkeneko erakusgarria. 83 urte zituen.Osasunez makal ibili arren, hilaren 6an lagunartean kantari aritu zen Oñatin

Joxe Agirre bertsolaria, Azpeitian, 2010eko urtarrilean BERRIAri emandako elkarrizketa batean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
2012ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
BECen jokatu zen 2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finala, eta Joxe Agirrek jantzi zion txapela Maialen Lujanbiori. Bertsotan egiteko aprobetxatu zuen aukera Agirrek, eta ale bat ez, lau bota zituen, bertsozaleek gogoz txalo egiten zioten bitartean. Kantatzea gustatzen zitzaiolako. 80 urte pasatxorekin ere sekulako ilusioa hartzen zuelako bertsotan aritzeko deitzen zioten bakoitzean. Eskolatu gabeko bertsolarien arrazako azken erakusgarria zen Agirre azpeitiarra; Joxe Lizaso, Manuel Lasarte edo Lazkao Txirekin kastakoa, besteak beste. Makalduta zebilen azkenaldian, eta atzo hil zen. 83 urte zituen, baina azkenekoz hilaren 6an abestu zuen, Oñatin, lagunartean. Joan da Izarraizko azeria, ziria maite zuen bertsolaria.

Azeria, begirada jolasti eta zorrotza zuelako. Eta Izarraizkoa, haren magalean dagoen Oranda baserrian jaio, hazi, hezi eta bizi izan zelako. Konturatu ez arren, han hasi zen bertsotan puntuka ziria sartzeko zuen abilidadea perfekzionatzen, artean sehaskako umea zenean aitona bertsozaleak kantatzen zizkion sortekin.

Agirreren aitonak ez zuen gogoko, ordea, bere bertsoak abestea. Ikaragarri lotsatia zen. Joxe, baina, gazterik hasi zen, lagun artean eta. Elkarri puntuak jartzen zizkioten jai gauetan-edo, etxerako bidean zihoazen bitartean. Tabernaren babesean ere gustura aritzen zen, Korralen, Etxe Zurin-eta, Joxe Lizaso eta inguruko bertsolarien konpainian. Xaxatzen zuten, joateko plazara bertsotara. Baina Agirrek ezetz esaten zien, «beldurragatik». Gero aitortu zuen saioen aurretik botaka-eta egiten zuelalehen saioetan, nerbioek jota.

Baina hasi zen pixkanaka inguruko auzoetan abesten; Madariagan, Martiten...Orandan ez zuten gogoko semearen jarduna, ordea. «Garai hartan bertsolariak fama txarra zuen, parrandazale edo golfoarena», esan zion Agirrek Uztarria aldizkariari, 2004ko maiatzean harekin izandako elkarrizketan. Eta iritsi zen 1959. urtea. Aginagako txapelketa irabazi zuen Agirrek, eta orduan hasi zen plazak egiten. Ez zuen etsi, gainera, hil zen bitartean. Bost belaunaldirekin kantatu zuen: Uztapide kutunarekin, bere garaikideekin, Egañarekin-eta — «ezagutu dugun onena», Agirreren ustez—, Iturriaga, Lujanbio, eta enparauekin, eta Colina edota Arzallusekin. «Oraingo gazteak ere jator askoak dira. Infernura bertara joan daiteke haiekin. Ikaragarri gustura nago gazte jendearekin», esaten zuen Agirrek. Izan ere, estilo jakin batekoa izanagatik, arraza batekoa, bere sasoiko bertsolarien jarduna aldarrikatu arren— «guk ere badugu bertsotarako gogoa!»—, oraingoak haiek baino hobeak zirela iruditzen zitzaion.

Sebastian Lizaso bera ere aritu izan da hainbat belaunalditako bertsolariekin oholtzan. Begiak zabaldu zituenetik ezagutzen zuen Agirre. «Gurasoen tabernan ibiltzen zen, Landetan». Bertsolari gisa zuzena, bizkorra eta zorrotza zela uste du. «Zuriari zuri, eta beltzari beltz. Ez zen bigarren arrazoiaren bila ibiltzen. Kalean ere berdin jokatzen zuen». Bazekien jendea eramaten, Lizasoren iritziz. «Oso atsegina» zen, eta estimatua horregatik. «Azeri begirada harekin erraz heltzen zen jendearengana». Baita umeengana ere: «Opariak egiten zizkien, paga eman...». Bertsoa eta baserria zituen afizio. «Ganadu ona» eduki ohi zuen. Orain bi urte kantatu zuen azkenekoz Agirrerekin. «Ondo ikusi nuen. Bertsoetarako mekanikari eusten zion».

Basa, artifiziorik gabekoa

Xabier Euzkitzerentzat bertsolari basa zen Agirre, «artifiziorik gabekoa». «Izugarri sorgina bertsotan. Inoiz ez zenekin nondik eraso egingo zizun». Estimu handitan zuen, «bai pertsonalki eta baita bertsolari gisa ere. Oso ondo moldatu izan gara beti». Urrategin ikusi zuen kantuan aurrenekoz, Lasarterekin batera. «Sei bat urte nituen, eta bi maisu ziren. Haien arteko dialektika ulertu ez arren, hura izan zen ni bertsolaritzarekin zaletzeko gakoa». Gero ia egunero ikusten zuen Agirre Sistiaga errekako harrobian lanean. «Ni Loiolako ikastolara joaten nintzen, eta beti oso present izan dut». Euzkitze plazetatik erretiratu zen, baina urtero kantatzen du Artadin, sanmigeletan. Agirre izan ohi zuen lagun. «Saioa bukatutakoan hurrengo urtean etorriko zen galdetutakoan, izugarrizko ilusioa hartzen zuen». Azeri begiak pizten zitzaizkion Agirreri. «Puntan aritu da bukaera arte». Baina joan da ziriaren azeria, arraza bateko azken bertsolaria. Hilaren 23an omenaldia egin behar zien Erniarraitz Elkarteakhari, Joxe Lizaso zenari eta Imanol Lazkanori. Ez da helduko. Hileta elizkizunak bihar izango dira, Azpeitiko parrokian (19:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.