Zehaztasun osoz gogoratzen ditu Maider Oleagak (Bilbo, 1976) aldaketa guztiak. Non zeuden ateak, non trenkadak; nolakoa zenklandestinitatean dozenaka haur jaso zituen espazio ezin txikiagoa; nola zen logela, are txikiagoa; mahaia nola zegoen jarrita... Donostian ikusi zuen lehenengo etxea hartu zuen alokairuan Oleagak, Parte Zaharrean, Fermin Calbeton kaleko 26. atarian, bigarren solairuan. Ez zekien etxe hura Elbira Zipitria Ira-rena izan zela (Zumaia, Gipuzkoa, 1906 - Donostia, 1982). Ez zekien nor zen ere. Orain, ordea, urtearen azkenetan hari buruzko Ira 26-2 pelikula bukatzeko itxaropena du.
Etxearen fatxadan jarritako plakaren bidez jakin zuen Oleagak lehenengo aldiz Zipitriaz. «Isilean sendo, bera bizi zen etxean eskola jarri eta ikastolei bidea zabaldu zien. Eskerrik asko».Han eta hemen titularren bat irakurri zuen hasieran, baina gutxi gehiago. Elbira Zipitria Googlen bilatu, eta ia emaitzarik ez. Haren inguruko liburu bat irakurtzen hasi eta, orduan bai, zur eta lur gelditu zen: «'Etxe honetan dena gertatu da', pentsatu nuen. 30 urtez etorri ziren umeak egunero, klandestinitatean...».
Dokumentazio prozesu «sakona» hasi zuen, orduan, Oleagak. Etxe horretan Zipitria bizi izanak bultzatu zuen hari buruz gehiago jakitera. «Ardura» eta «beharra» sentitu zituen, are gehiago, jendeak ez zuela ezagutzen jabetu zenean: «Irakasletza ikasitako jendea, Donostian, euskaltzaleak... Bere ingurukoek bai, baina, oro har, Donostian ez dute ezagutzen, eta, Euskal Herrian, are gutxiago». Harrituta zegoen, eta ez, aldi berean: «Emakumea zen, ezkutuan ibili behar izan zuen... Baina, hala ere, gizona balitz...».
Azken urteetan izan dira hari aitortza egiteko ekinaldiak. Hondar ale batzuk, ezerezaren erdian. «Kale bat eman diote, plaka bat, eraikin bat unibertsitatean... Ez dugu asko aurreratu —nahiz eta instituzioetan sartu den berdintasunaren auzia, eta baietz dirudien arren—. Lan gehiago egin behar da, askoz ere gehiago».
Plazan eta bigarren mailan
Oleagaren lanak badu, hein batean, aitortza egiteko helburua. Hark egindako lan eskerga gizarteari erakustekoa. Diru-bilketa kanpaina txiki bat ere egin zuen, helburu berarekin: «Filmatu bitartean hainbat ate jo genituen. Finantzaketa kolektiboa 6.000 euro zen, ez zen hainbeste: pelikula gizarteratzeko modu bat izan zen».
Baina nor zen Ira? Zergatik txunditu zuen hainbeste Oleaga? «Mitinak ematen zituen emakumea esparru publikoan ez zegoen garaian, militantea zen, euskal kulturaren defendatzaile [36ko] gerra baino lehen, euskara zabaltzera joaten zen herriz herri... Gero etorri zen gerra, erbestea...». Oleagak azaldu zuenez, Iraren inguruan beti zegoen jende intelektuala, euskal kulturaren alde egiten zuten pertsonak. «Lan, eta lan, eta lan, eta lan [egiten zuen]... 24 orduz». Plaza publikoan agertzeko prest egonda ere, ez zuen bere burua nabarmendu nahi izaten.
Esaterako, beneditarrekin hizketan jakin zuen Zipitriak asmatu zuela nor-nori-nork irakasteko taularen metodoa: «Euskarazko aditza irakasteko erdarazko metodologiak erabiltzen ziren. Irak taula bat sortu zuen haurrei erakusteko, baina ez zuen ezer utzi idatzita». Horrek, besteak beste, Zipitriaren beste ezaugarri bat erakusten du, Oleagaren esanetan: «Ez zuen beharrik esateko 'hau nik egin dut'. Beti pentsatu izan dut, nolakoa zen ikusita, oparirik onena horixe dela: [metodologia hori] berak asmatua dela ez jakitea»
Horregatik, Zipitriaren azken urteak nolakoak izan ziren jakiteak hunkitu egin zuen. «Azken hamabost urteak oso tristeak izan ziren, hemen [etxean] ezkutatu zen, deprimituta, tristatuta... Hori izan zen emozionalki bultzatu ninduena pelikula egitera». Bakartze horren arrazoiak bilatu ditu Oleagak, eta aurkitu ere aurkitu ditu: pelikulak, ordea, ez du halakorik erakutsiko, galdera batzuei tiraka Zipitria nor izan zen ezagutaraztea baitzuen xede. Hain zuzen, Donostiako Zinemaldiko Ikusmira Berriak programan parte hartu zuenean ireki zituen Zipitriaren etxeko leihoak, Oleagaren esanetan, eta filmarekin, pixka bat gehiago ireki ditu.
Iraren etxean, Parte Zaharrean eta Urgull mendian —astero egiten zuten irtenaldia hara— gertatzen dira filmeko eszena guztiak. Aktoreak ere baditu, eta Oleaga da horietako bat, kamera atzean egotea nahiago duen arren. Izan ere, filmaren bi oinarriak dira Zipitria eta Oleaga, eta harekin elkartasunez erabaki zuen parte hartzea: «Irari ez zitzaionez gustatzen bere izena aipatzea, itun bat egin nuen: 'Zure izena aipatuko dut, baina nirea ere bai'».
Lanak asko lagundu dio Oleagari. Haurra zenetik bizileku finkorik ez izateak identitateari buruzko hainbat galdera sortzen zizkion. «Maider honek, gaurkoak, ez ditu behar galdera horiek. Filmatzen hasi baino lehen bilatu nituen erantzunak».
Zipitriaren leihoak, irekiago
'Ira 26-2' pelikula amaitzeko azken txanpan dago Maider Oleaga zinemagilea. Elbira Zipitria zena du ardatz lanak, eta hark egindako ekarpenak ezagutaraztea du xede
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu