Asier ETA biok ez da euskal gatazkari buruzko dokumentala, bere zentzurik hertsienean. Ez dauka bost hamarkadako oinazearen azalpen zehatza egiteko asmorik, baina Amaia eta Aitor Merino (Donostia, 1970 eta 1972, hurrenez hurren) anai-arreba eta zuzendarien esanetan, erakusten duten bi lagun minen arteko harremanarekin, «behintzat», galderak sorrarazi nahi dituzte jendearengan.
Lagunetako bat, Asier Aranguren iruindarra, ETAko kidea izan zen, eta ia hamar urte igaro zituen espetxean. Beste protagonistak, Aitor Merinok berak, ordea, inoiz ez du lagun hurkoaren ikuspegi ideologikoarekin bat egin, beti adiskidetasunari eutsi izan dioten arren. Madrilera joan zen bizitzera gaztetan, han jarraitzen du lanean, eta gatazkari eta Arangurenekin duen harremanari buruz azalpenak ematen ibili behar izan du. Hortaz, batez ere hango bere lagunentzako eta Espainiako zein handik kanpoko jendearentzako film bat egitea erabaki zuen. «Bihotzarekin» kontatu du bere egia. «Datu historikoak izan daitezke eztabaidagarriak. Baina bizipenak? Bakoitzarenak zintzo kontatuz gero, nork esan dezake egia ez direnik, eztabaidagarriak direla?», bota du Aitorrek.
Filmaren ideia Amaiarena izan zen. Bazekien Aranguren espetxetik ateratzekotan zela —2010eko uztailaren 3an irten zen—, eta «zerbait» egitea proposatu zion anaiari. Hasieran, soilik Arangurenen irudiekin egitea zeukaten pentsatuta. «Baina denbora pasatuta, lehen muntatze lana egindakoan, ikusi nuen asko eragiten zidala istorioak, eta Asier eta nire arteko adiskidetasunari buruz hitz egin behar genuela», adierazi du Aitorrek. Gatazkaren erdian harrapatutako laguntasunaz. «Izan ere, gatazka sartu zen haien arteko adiskidetasunean», gehitu du Amaiak.
Arangurenek begi onez hartu zuen asmoa. Aitorren ustez, «oso eskuzabala» izan da. «Jendearen begietara helduko zela jakin arren, utzi zigun bere intimitatean sartzen. Eta batzuetan gogorrak dira erretratuak...».
Ez dakite Espainian zein harrera izango duen filmak. Aitorren iritziz, batzuek ez dute ez gatazkaz ez haren ondorioez ezer entzun nahi. «Badago, ordea, beste jende bat, aurrera egin nahi duena», nabarmendu du Amaiak. Anaiaren ustez, gainera, jendea konturatuko da inoiz ezin izan dutela ETAko baten iritzia aditu. «Aditu, besterik gabe. Jendeari, orokorrean, bai alderdi humanoa eta baita politikoa ere ezagutzeko eskubidea ukatu zaio, nahita. Gure itxaropena da Asier eta nire arteko harremanaren bidez ohikoa ez den hari bati tira egitea». Badakite Euskal Herriko ikusle «askori» ez diotela ezer berririk eskainiko, «ez behintzat politikoki».
Dena den, ez dute inor konbentzitu nahi, Amaiaren esanetan. «Erantzunak emateko baino gehiago, galdera berriak sorrarazteko osatu dugu filma. 'Niri hau gertatu zait eta galdera hauek bururatu zaizkit. Zuri?'. Bestela, dena da zuria edo beltza, edo nirekin edo nire kontra». Eta ondoko galdera planteatzen du Aitorrek pelikulan: «Arrazionalismoa kariñoaren, estimuaren gainetik al dago?». Hona erantzuna: «Aukera pertsonal bat da, baina niretzako, eduki ditzakegun ezberdintasunen gainetik daude maitasuna, errespetua eta leialtasuna».
Hain justu, zintzo jokatu dutelako ere daude harro. «Eta bueno, horrelako zerbait egiteko ofizioa dugula erakutsi dugulako!», Amaiaren oharra, umorez. Bide batez: gatazka baten barruan girotutako istorioa kontatzen badu ere, filma ez da iluna. «Gure artean beti ari gara txantxetan, eta kameraren aurrean ezin naiz egon tontoarena egin gabe», Asierren aitorpena. Uste dute, gainera, umorerik gabe «oso aspergarria» izango zela.
Donostiako 61. Zinemaldia. Zinemira
«Zintzotasunez kontatuz gero, bizipenak ez dira eztabaidagarriak»
Etakide baten eta haren ideologiarekin bat ez datorren lagun minaren istorioa du ardatz, 'Asier ETA biok' dokumentalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu