EPPUR SI MUOVE

Zinematik atera orduko, zinema jada ez da zinema

La ermita filmeko fotograma bat. BERRIA.
begona del teso
2023ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Gaur hasiko da Bilbon Zinebi jaialdia. Indartsu, gogotsu eta bazterrak astintzeko prest hasi ere. Arratsaldeko irekiera festan, bere testuinguru sozial eta politikoekin harremanetan dauden antzerki proiektuen sorkuntzan oinarri hartzen duen La Dramatica Errante konpainiako kide Ane Pikaza eta egokitzapen onenari eskainitako Max antzerki saria jaso berri duen Maria Goirizelaia eszena ikertzailea izango dira zeremonia-maistrak, Jon Agirrezabalagak sortzen duen musika elektronikoak harturik.

Pelikulak ere izango dira, nola bestela? Lehenbiziko arratsalde horretan. Zazpi, izan ere. Haien artean, Kimuak katalogoaren babesarekin eta bultzadarekin Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen Isabel Hergueraren La mujer ilustrada. Izugarrizko muntaketa lana egin dute bertan Candela Carroceda Garcia-Bobadillak eta Gianmarco Serrak. Dakizuen bezala, Isabelek eta Gianmarcok jaso berri dute Euskal gidoigileen garaikurra El sueño de la sultana lanagatik.

Zazpi film gaur bertan. Esaterako, Catia Biskaiak eta Bruno Carnidek proposaturiko Memory of a Empty House, Portugal eta ekoizpen eta banaketa enpresa den Bilboko Mailukiren arteko lana ausarta.

Zazpi. Gustuz zoratuko litzateke Ivan Zulueta Besson hemen izango balitz. Hilik da Arrebato-ren egilea, baina zinemaminduok ederki dakigu zeluloideak hildakoak berpizten dituela. Omenduko dute Bilbon Donostiako Aloha gazteluan bizi zen Zulueta. Pantailara ekarriko bere etxeko lantxo guztiak (home movies deitutako horiek), non familia, lagunak, konplizeak agertzen diren.

Zinebi ez da bukatuko ,paperetan agertzen den bezala, gaur zortzi, baizik eta gaur bederatzi, hilaren 18an, Los Planetas musika taldeko buru J-k Ivanen artxibo filmikoaren zati bat musikatzeko proiektua aurkeztuko baitu, estreinakoz, Euskadin. Zuzenean, Arriaga antzokian, Srta. Trueno Negro, Miguel Martin, Roberto Escudero, Miguel Lopez eta Jaime Stinusen laguntzarekin, irudi surreal-pop-familiar, etxeko, bidaietako Super-8ko horiei doinua jarriz.

Zoratuko litzateke Ivan, jakin baleki. Zoratuko dira, seguru , bere hezurrak Donostiako Polloe hilerrian. Zoratu eta dantzan hasiko.

Bilduko dira Zazpi Kaleetan, baita harantzagoko izkinetan ere, zinema sortzen, ekoizten, banatzen, ikusten dabiltzan horiek. Berbetan jardungo dute, kexati batzuek, itxaropentsu besteek. Hurbilduko dira Azkuna zentrora eta beste leku askotara zinemaz, irudiz eta soinuz elikatzen diren horiek.

Batzuek zein besteek zinemak sorturiko ametsezko artefaktuari eutsiko diote, igualik, berdinik ez duen artefaktu horri. Donostian hezurretaraino izutu berri gaituzten pelikula hainbesteren kulpante den artefaktu horri helduta emango dute aste amaiezina.

Donostian, barrena genuen ala ez probatu behar izan dugu behin baino gehiagotan. Barrena, bai. Urdailekoa eta izpirituarena. Zenbait filmek gore estiloaz harago jo izan dute. Serio eta estiloz jo ere, benetako nazka sorrarazteraino. Gutxitan sumaturiko artegatasun tragikoa ere jasan izan dugu bederatzi egun irauten duen aste ikaragarrian. Zinema artefaktua ez balitz, sekula ez genukeen La mesita del comedor, Cuando acecha la maldad, La espera, Club Zero bezalako eskaintzetan sentitu izan duguna sentituko. Halako eta zelako erresumin izoztu hura. Bai buru, bai bihotz, bai erraietako erredura jelazko hori.

Zinebin zaudetela, Donostiako Beldurrezko Astean izan ginela, Paco Plazaren Hermana Muerte-ren bila Netflixen sartzen zaretela, edo Atera Filmsek bultzatu duen La Singla dokumentalerako sarrera erosten duzuela, ez zarete konturatuko, baina gauza bat esan behar dizuet: zinema gezurra da. Gezurrik ederrena eta benetakoena, baina gezurra. Horretaz konturatzea ez da noraezeko afera. Ezta, beharbada, komenigarria ere.

Alta, horren jakitun nahi izatera, egizue proba hau: atera zinematik zinema, eta artefaktu miresgarri horren erroteria guztia geratuko zaizue begi-bistan. Adibide bat jarriko dizuet: Carlota Peredaren La ermita-n, Nafarroan filmaturiko ikusi beharreko horretan, pasatako mendeetako izurriteetan kaleetan barna ibiltzen ziren medikuak agertzen dira beldurgarri, aurpegia txori mokoa ematen duen maskaraz babestuta, soingaineko beltz eta luze batez jantzita, Infernuaren eta Heriotzaren mezulari moduan, erresuma izandako lur horietan dautzan mamu oro esnaraziz. Medico della peste deitzen zieten Boccaccioren Italian.

Izugarriak ziren. Eta dira, oso. Are izugarriagoak pelikulan, Rita Noriega argazki zuzendariak propio sortutako argien artean.

Ba, gera zaitezte, otoi, irudi horrekin. Guk Viktoria Eugenian izan genituen maskara horiek eskuan, eta burua, lepoa, buztana, hegalak eta mokoa galdu zituen xoxo haren itxura aldrebesa bera zutela zin degizuet.

Zergatik? Pantailan ez zirelako. Kamera baten aurrean ez zirelako. Guk eskuan genituelako. Eta zinema ezin da eskuan eduki, baizik eta begi aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.