Ilara luzerik ez Kursaal kanpoan, auditoriuma aulki hutsez beteta, eta ikusleak une oro maskara jantzita. Ezohiko irudi horiekin ekin zion Donostiako Zinemaldiak 68. aldiari, atzo. Kursaaleko pantaila handian, ordea, beste edozein urtetako festibalekoak izan zitezkeen irudiak ageri ziren. Iaz grabatu zuen Woody Allenek Rifkin's Festival, Donostian, eta jaialdian girotutako komediarekin omenaldia egin nahi izan zien hiriari, Zinemaldiari eta zinemari berari. Lan horrek inauguratu du, lehiaz kanpo, aurtengo Sail Ofiziala.
New Yorken bizi den bikote batek Zinemaldian igarotako egunak kontatzen ditu zuzendari estatubatuarraren lanak. Emazteak (Gina Gershon) zuzendari frantses gazte baten (Louis Garrel) ordezkari lanak egin behar ditu, eta harreman bat hasiko du harekin. Senarrak (Wallace Shawn), berriz, Europako zinemaren zale sutsua denak, ez ditu gogoko ez zuzendari frantsesa, ez haren filmak, eta Donostian ezagutu duen mediku batekin (Elena Anaya) maiteminduko da. Allenen estiloari jarraikiz, harremanak, ametsak, beldurrak eta bizitzaren zentzuari buruzko galderak tartekatuko dira kontakizunean, Kontxako badia, Maria Cristina hotela eta hiriko parke eta kaleak agertoki nagusi direla, besteak beste. Eta, jaialdia atze-oihal gisa jarrita, maite duen zinemaren inguruko erreferentziaz josi du filma Allenek. Ugariak dira Luis Buñuel, Ingmar Bergman, Jean-Luc Godard, Federico Fellini, Orson Welles, François Truffaut eta beste hainbat zinemagileri egindako keinuak.
Pandemia dela eta, Allen ez da jaialdira etorri, eta, Shawnek bezala, New Yorketik bideokonferentzia bidez parte hartu zuen filma aurkezteko prentsaurrekoan; Gershon eta Anaya, berriz, Kursaalen izan ziren, Jaume Roures ekoizleak lagunduta. Iaz, filmaketa hastear zela egin zuen agerraldian esandakoa berretsiz, zuzendariak azaldu zuen hasieratik nahi izan zuela filma Donostian kokatu; hiria bera aukeratu zuela lehenik, eta ondoren eraiki zuela kontatu nahi zuen istorioa. «Zinemaldiaz idatzi nuen, nire filma finantzatuko zutenek nahi zutelako nik Espainian film bat egitea. Aurrez Bartzelonan eta Oviedon egona nintzen, eta, beste zein toki izan zitekeen pentsatzen jarrita, Zinemaldiaz eta hain ederra den hiriaz gogoratu nintzen. Hala, jaialdia oinarri hartuta sortu nuen argumentua». Gehitu zuen ez zitzaiola zaila izan gidoia idaztea, zinemagintzan hamarkadak eramateak mundu hori ongi ezagutzea ekarri baitio. Eta, lan komertzialak baino gehiago, film «bitxi eta berritzaileak» erakusten dituzten festibalak dituela gogoko.
Filmeko erreferentzia zinematografikoen harira, zinema mota hori iraganekoa ote den eta etorkizunik ba al duen galdetu zioten. «Ez dut arrazoirik ikusten egun edo etorkizunean autore zinema egiten duten sortzaileak ez egoteko. Europako zinemaren maisu haien lanak inspirazio iturri handia izan ziren zinema amerikarrarentzat. Film haiek klasikoak dira, literatur lan handiak bezala. Uste dut gaur egun ere zuzendari bikainak daudela, maisu haien kide izan litezkeenak, eta etorkizunean ere egongo direla».
«Postaletako» hiriez
Allenekin eginiko lanaz pozarren agertu zen filmeko aktore taldea. Gershon: «Aktoreen arteko harremana oso erraza izatea eragin zuen Woodyk, eta Donostian filmatzea amets bat izan zen». Berdintsu mintzatu ziren Shawn eta Anaya ere, eta filmean parte hartzea «opari» gisa definitu zuten.
Rouresek adierazi zuen Allenek hasieratik izan zuela argi Donostian kokatu nahi zuela filma, bere erreferentziez hitz egiteko «marko ideala» zelakoan. «Ez nator bat postalen kontuarekin», esan zuen, hirien promozioaren ideiari erreferentzia eginez. «Lekuetara joan eta postal turistikoak egiten ditugun ideia baztertu nahi nuke. Vicky Cristina Barcelona-k zentzu bat zuen Bartzelonan, eta Rifkin's-ek hemen, jaialdia baita azken 70 urteetako zinemaren oinarrien erreferentzia onenetakoa».
Filmaren aurkezpenaren harira, elkarretaratzea egin zuten atzo Kursaal parean, Bizilagunekin plataformak eta Ernaik deituta.
Donostiako 68. Zinemaldia. Sail Ofiziala
Zinemari omen eginez hasi da
Woody Allenen 'Rifkin's Festival' filmak inauguratu du Donostiako 68. Zinemaldia. Hiriari, jaialdiari eta zinemari gorazarre egiten die zuzendariak lehiaz kanpo erakutsi duen lanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu