Zinemaren perla ezezagunak

'Cortometrajes de Kimuak. Semillas del cine vasco' liburuan, EHUko hiru irakaslek hemezortzi zinemagileren lana bildu duteKimuak programaren hamabost urtetako film labur esanguratsuenak aztertu dituzte

Koldo Almadoz zuzendariaren Ahate pasa 2009ko film laburraren pasarte bat. - / BERRIA.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2014ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Film laburra zinemaren ahaide txikitzat hartu izan da askotan; proiektu ez-profesionalak sortzeko edo hasiberriek beren lana erakusteko sustapen plataforma moduan erabiltzeko egiten dira askotan, baina ez beti. Euskal Herriko hainbat zinemagileren lanek arrakasta lortu dute nazioartean, eta sariak irabazi dituzte zinema jaialdi garrantzitsuenetan. Horietako askok Kimuak programaren laguntzari esker egin dute aurrera; Borja Kobeaga, Nacho Vigalondo, Luiso Berdejo, Oskar Santos, Asier Altuna, Telmo Esnal, Koldo Almandoz eta Jose Mari Goenaga zuzendariek, besteak beste, Kimuakekin aireratu zituzten beren film laburrak. Hamabost urtean, zinema zuzendari gazteen laburrak ezagutzera ematen lagundu du programak, eta lan horien analisia egin duteAinhoa Fernandez de Arroiabe, Nekane Zubiaur eta Iñaki Lazkano EHUko irakasleek Cortometrajes de Kimuak. Semillas del cine vasco liburuan.

Gaztelaniaz idatzitako liburua da, Salamancako (Espainia) Comunicacion Social argitaletxeak kaleratutakoa. Kimuak programaren koordinatzaile Txema Muñozen esanetan, Eusko Ikaskuntzaren beka baten ondorioz sortu zen liburua egiteko proiektua, eta hasieran Euskadiko Filmategiak, Kimuaken antolatzaileak, argitaratu behar zuen lana. «Filmategiak ez zuen aurrekonturik lortu. Horregatik jo genuen Salamancara, han ere interesgarria iruditu zitzaielako film laburren inguruko analisia. Lau urte behar izan ditugu liburua osatzeko; lan mardula eta indartsua da, aurretik inork egin gabekoa, ez Euskal Herrian, ez Espainian ere».

Hiru irakasleei ez zaie erraza egin hamabost urtean parte hartu duten 109 film laburren artean sailkapena egitea. Horregatik,hautaketa egiteko, parametro batzuk kontuan hartu dituzte; sortzaileak ardatz hartuta, horiek gutxienez bi film eduki behar zituzten Kimuak programan. Hala, aukeratutako egileen lan esanguratsuenak aztertu dituzte, Fernandez de Arroiaberen arabera. «Orain arte, inork ez ditu film laburrak aztertu, eta horri ekin genionean benetako perlak aurkitu genituen, kalitate handiko lanak. Ehundik gora lan aztertu ditugu, estilo eta forma askotakoak, eta denak batzen zituena profesionaltasun handia zen».

Lau zatitan banatu dute liburua: lehenengo bietan, Kimuaken programa azaldu eta aukeratutako film laburren analisi akademikoa bildu dute; hirugarrenean, elkarrizketa sorta egin dute hautatutako zuzendari bakoitzarekin; eta amaieran, esanguratsuak iruditu zaizkien hainbat filmen azterketa gehitu dute. Eztabaida eta hausnarketa egiteko balio dute elkarrizketek, Fernandez de Arroiaberentzat: «Aztertutako zuzendari gehienek nazioartean ibilbide oparoa egin duten arren, hemen ez dira oso ezagunak; horregatik, garrantzitsua iruditu zaigu liburuan haien ikuspuntua jasotzea. Film laburren atzean profesional handiak daude, ez bakarrik zuzendarien artean, baita aktore, ekoizle, teknikari eta konpositoreen artean ere».

Sormen artistikoa aztertuz

Kimuak programa hasi zenean, film laburren aldeko apustua oso ahula zen, baina, gaur egun, serio hartzen den lana da, Muñozen esanetan. «Film laburrak orain ez dira ikusten amateurren lan moduan; profesional handiek egindako kalitateko lanak ere badira». Hamabost urtean genero askotako lanak bultzatu ditu Kimuak programak, eta horietan nabarmenak dira dokumental faltsuak eta animazio esperimentala, besteak beste.

Liburuaren helburua da Euskal Herriko zineman film laburrek izan duten garrantzia azpimarratzea, eta hiru irakasleek ez dute baztertu etorkizunean liburu berri bat argitaratzeko asmoa, haien esanetan, oraindik aztertuak izatea merezi duten film labur asko daudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.