Euskarazko zinemagintzak inoizko parte hartzerik handiena izango du aurten Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean, euskarazko bi film baitaude hautatuen artean: Urrezko Maskorra irabazteko lehiaketan bata, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak; lehiaketatik kanpo bestea, Pablo Maloren Lasa eta Zabala. Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak izan zen Zinemaldiko Sail Ofizialeko lehiaketan parte hartu zuen euskarazko lehen filma, 1989an, eta harrezkero ez da izan besterik. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Maialen Beloki Zuzendaritza Batzordeko kideak eman zuten albistea atzo, Madrilen, jaialdian parte hartuko duten «Espainian ekoitzitako filmak» aurkezteko emandako prentsaurrekoan. Agerraldi horretan Alex Anguloren heriotzagatik dolumina agertu zuen Rebordinosek, eta iragarri zuen Zinemaldiaren aurtengo ekitaldian gogoan izango dutela aktore zendu berria.
Garaño eta Goenagaren Loreak filmak hiru emakume ditu pertsonaia nagusi modura, eta haietako bakoitzak lore sorta batekin zerikusia duen istorio bat du. Loreek ahaztuta ziruditen sentimenduak piztuko dituzte hiru emakumeengan. Nagore Aranburu, Itziar Aizpuru, Itziar Ituño, Joxean Bengoetxea, Jox Berasategi, Mikel Laskurain, Joxe Ramon Soroiz eta Ane Gabarain daude aktoreen artean. Sei astez filmatu zuten Garañok eta Goenagak Loreak, iaz, Gipuzkoan (Oiartzun, Donostia, Zarautz, Zumarraga, Idiazabal eta Irun), Nafarroan (Bera) eta Bizkaian (Leioa).
Lasa eta Zabalaren kasuaz
Pablo Maloren Lasa eta Zabala filmak Joxi Lasa eta Joxean Zabala GALek 1983an bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazitako gazteen kasua du kontagai, sumarioan oinarrituta.Filmean, Iñigo eta Fede abokatuak hildakoak identifikatzeko lanean ahalegintzen dira, beren sinesmenak eta are beren biziak ere arriskuan jarriz horretarako. Cristian Merchanek jokatu du Joxi Zabalaren rola eta Jon Anzak Joxean Lasarena; Iñigo abokatuarena, berriz, Unax Ugaldek. Oriol Vila, Francesc Orella, Aitor Mazo, Pep Tosar eta Ricard Sales aktoreek ere parte hartu dute. Filmaketa lanak Baionan hasi ziren, aurtengo otsailean, eta gero Gipuzkoan jarraitu zituzten; Tolosan, Donostian eta Zumarragan, besteak beste.
Sail Ofizialean emango diren beste hiru film ere iragarri dituzte antolatzaileek: Alberto Rodriguezen La isla mínima eta Carlos Vermuten Magical Girl Urrezko Maskorra irabazteko lehian emango dituzte; eta Isaki Lacuestaren Murieron por encima de sus posibilidades, lehiaz kanpo.
Zinemaldiko Sail Ofizialean emango dituzte 'Loreak' eta 'Lasa eta Zabala'
Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren filma lehiaketan emango dute; Pablo Malorena, lehiaketatik kanpo.Duela 25 urte izan zen lehen aldiz euskarazko film bat lehian, eta geroztik ez da besterik izan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu