«Zinemaldiaren ardura hartu genuenean, industriari ez zitzaion erreparatzen»

mikel lizarralde
Donostia
2023ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Zer aurrekontu duzue aurten?

Bederatzi milioi pasa izango ditugu, baina kontuan hartu behar da 500.000 euro inbertitzaileen topaguneak hartuko dituela. Bigarren urtea izango duen honetan hartu duen garrantziaz jabetzeko, Brad Pitten ekoiztetxetik lagun bat etorriko da, beste bat Spielbergen Amblin ekoiztetxetik, eta beste bat A24tik. Esanguratsua da, gurea zinema festibal txikia baita, ez baikara Cannes edo Venezia, ezta Berlin ere. Industrian hartzen ari garen garrantziaren seinale da.

Nola eragin du azken boladako prezio igoerak?

Hamabi urte daramatzat buru, eta denetik ikusia naiz. Krisiaren amaieran hasi ginen. Gauzak normalizatzen ari zirela ematen zuenean, pandemia heldu zen, eta gero, Ukrainako gerra, inflazioa... Aurten, iazko edizioaren antzeko zerbait egin ahal izateko, 380.000 euro gehiago behar izan ditugu. Sarrerak eta akreditazioak garestitu ditugu, eta sustatzaileen eskutik 200.000 euro inguru gehiago helduko dira. Nik neuk sei hilabete eman ditut diru bila. Politika egiten eta diru bila, oso zapuzgarria bada ere. Bizirik aterako gara, halere. Uste dut oso edizio ederra izango dela. Glamour amerikar gutxixeago agian? Tira, hori alde batera utzita, goiburu politak izango dira.

Zer balorazio egingo zenuke hamabi urte hauetaz?

Positiboa, jakina. Garai bakoitzak bere beharrak izan ditu, eta bakoitzak bere garapena. Zer egin dugu guk? Hiru gauzaz nago harro, eta lantalde osoaren meritua da. Hasteko eta behin, Zinemaldiak enpresa normal baten funtzionamendua du orain. Horrek lan prozesuak arrazionalizatzen lagundu digu, baita errentagarritasuna lortzen ere. Bestalde, industriari garrantzia eman zaio aurten. Zinemaldiaren ardura hartu genuenean, industriari ez zitzaion erreparatzen. Ez gara inoiz merkatu izango, baina heldu ginenean 500 akreditazio ematen ziren industrian, iaz 2.000 inguru ziren, eta aurten 2.200 baino gehiago eman ditugu. Hirugarrena, oso garrantzitsua, zinemaldia mundu guztiarentzat dela azpimarratzea.TabakalerakoEuskadiko Filmategiarekin, zinema eskolarekin, Tabakalerarekin berarekin eta Etxeparerekin batera egoteari esker, ez gara bederatzi eguneko festibal bat soilik.

62 urte beteko dituzu egunotan. Noiz arte jarraitzeko asmoa duzu?

Makina bat aldiz esana dut aurki joango naizela, luzatzen ari dela. Lagunek esaten didate gezurretan ari naizela, ez dagoela sinesterik, baina hartua dut erabakia, esan beharreko tokian esana dut, eta dagoeneko argitara emana da: zuzendaritzan jarraitzea nahi badute, aurrera, beste hiru urtez jarraituko dut. Atzetik helduko denak kolaboratzen jarrai dezadan nahiko balu, bikain, baina laugarren lerroan. Izan dadila gazteagoa, ideia berriak dituena. Hiru urte barru, 65 izango ditut, eta uzteko une egokia iruditzen zait. Baina lehenago joateko esanez gero, eskerrak eman eta hurrengoari zorte ona opatzea besterik ez dut. Hatzez hautatu ninduten, eta edonoiz gerta liteke amaitu dela esatea.

Baduzu erronkarik datozen urteetarako?

Industriaren gaia sendotzen ahaleginduko naiz. Inbertitzaileen topagunea indartu nahi nuke, ahaztu gabe funtsezkoa dela publikoaren zinemaldia izaten jarraitzeko esentziari eustea. Oraingo estrukturak ongi funtzionatzen du momentuz: ez dut uste aldaketa handirik egin beharko denik. Ikusiko dugu. Halako festibal handien erronka hauxe da: nola eman garrantzia kulturari eta zinemari, eta nola lagundu zinema den kultur espresioari, industria ere kontuan hartuta edo bazter utzi gabe. Oreka bilatu beharra dago alde artistikoaren eta industrialaren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.