begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Zinemaldiak, harrera-lekuak arriskutan

2024ko martxoaren 1a
05:05
Entzun

Harrera-zentroa. Asylumterkunft. Centre d´accueil. Shelter Center. Centro de acogida. Centro di accoglienza. Aterpe, abegi izan behar duten leku ez-leku horiek maiz gertatzen dira eremu arriskutsuak, perilosoak, beren leinu, tribu, kolore, erlijio, larruazal, pentsamendu edo genero berekoak ez diren horiek biziki (hilki ote eta hobe?!) gorrotatzen dituzten horien helburu, jomuga, xede.

Zinemaldiak beti dira harrera-zentroak, bertaratzen diren pelikuletako ziento batek beste inon ez bailukete kabidarik. Hamaika izan daitezke hori frogatzen, egiaztatzen duten izenburuak. Hala nola Kritikarien Nazioarteko Federazioaren saria lortu berri duen Anna Cornudella zuzendari katalanaren The Human Hibernation hori, Berlinalen txalotua, aupatua.

Ederra bezain misteriotsua, hotzak eta naturak hartua. Hain handia hotza, ezen kamera zelatariaren aurrean behi iletsuen lerdea izoztu egiten den, anpoila ñimiño itxurazko estalaktita bilakatuz. Hain misterioak harrapatua, ezen, kameraren aurrean isolaturik, animaliek okupatutako geletako bakardadean mintzo diren gizakiek animalia horien krudelkeriaz eta intuizioaz jarduten duten, filosofo moduan. Hain paisaiaren eta kreaturen mende, ezen izoztean hil den behiaren begiak oraina eta biharkoa ikusten jarraitzen duen, eta Artur-Pol Campubri argazki zuzendariaren begi kristalezkoa alferrik baina brabo saiatzen den udaberri aurreratuaren berde bortitzak, klorofilaz gainezka dauden horiek, etxekotzen. Hain brutala, ezen, askotan, Knud Rasmussenen inuit herrien inguruko narrazio basak ekartzen dizkizun burura.

(ID_13651719) (/EZEZAGUNA) (;)
Anna Cornudella zuzendariaren The Human Hibernation filmaren irudi bat.

The Human Hibernation-en antzeko atrebentzia-balentria anitzek Berlinale bezalako Asylumterkunft harrera-zentro baten (milaren) beharra izango dute beti, mingarriak gertatuko baitzaizkie aire zabaleko, merkatu libreko beste aretoak.

Baina Centre d´Acueil askok nola, Zinemaldiek ere Artearen, Libertatearen, Iritzi Aniztasunaren kontra daudenen amorrua jasan behar izaten dute. Maiz. Maizegi.

Ez pentsa, inolaz ere, sare sozialen bitartez kirtenkeria ziento bat zabaltzen duten koldar anonimoez ari naizela soil-soilik. Ezta suak eta gorrotoak hartutako hacker-en inguruan ere, nahiz eta ezin ahaztu horietako batek edo hamaikak pasa den igandean Berlingo Panorama Saileko sareak bere egin zituztela, eta juduen kontrako mezuz eta irainez bete. Ez, goi mailako politikarien bilakaera kasik autoritarioaz ari natzaizue.

Zinemaldiak beti dira harrera-zentroak, bertaratzen diren pelikuletako ziento batek beste inon ez bailukete kabidarik. Hamaika izan daitezke hori frogatzen, egiaztatzen duten izenburuak

Izan ere, lehenengo abisua Cannesen bertan jaso genuen. Parerik gutxi duen Anatomie d´une chute-ren autore Justine Trietek hitz gogorrak esan zituen Urrezko Palma jasotzean. Nolabait eta nahita mezua bidali zien Frantziako kulturgintzaz arduratzen direnei, esanez aginteak gobernaturiko erakundeek zaindu, mimatu, bultzatu behar zituztela egileak, sortzaileak. Une egokiena zen zeremonia hura, egun haietan kulturaren sostengurako arau berriak ari zirelako eztabaidatzen parlamentuan. Alta, graziarik ez zioten egin Justineren hitzek Frantziako Kultura ministroari, Rima Absul Malak andreari, zeinak Eliseotik komunikatu bat bidali zuen Trieten kontra, maltzur azpimarratuz oraindino gure pantailetan dirauen pelikula nazioaren laguntzaz burutu zuela...

Berlinen antzeko zerbait gertatu berri da, gertatzen ari da oraindik. Itxiera galan, askotarikoak izan ziren Gazako sarraskia bertan behera uzteko aldarrikapenak. Gonbidatu, saridun, epaimahaikide ugari pegatinaz, soineko dotoreetan jositako petatxuz edo kotoizko kufijalepoko zuri-urdina jantzita agertokiratu ziren, Palestinaren alde zeudela adieraziz. Batzuek harago jo zuten, eta Alemaniako Gobernuari exijitu zioten Israeli armak saltzen uzteko, hitz gordinez.

Erneguak harturik erantzun izan dute Gobernuak berak eta hainbat hedabidetako editorek zein idazlek. Beren aburuz, Ekialde Hurbila sutan mantentzen duen gatazkaren parte bakar baten aldekoak izan ziren aldarrikapenak, agertokiratu zirenetako batek ere ez baitzuen aipatu urriaren 7ko Hamasen triskantza.

Oholtzan izan ziren denak (Vanessa Paradis, Xabier Erkizia, No Other Land dokumental sekulakoaren egile biak...) libre zirela beren adierazpenetan oihukatu dute aurtengo Berlinaleren kudeatzaileek. Beren aldetik, berriz, hilabeteak eman dituzte gizaki ororen eskubideak negoziaezinak direla gogoraraziz hainbat komunikatu eta erabaki politiko/filmikoren bitartez.

Hala ere, Scholz lehen ministroa bera furios da Berlinalerekiko. Eskuin muturreko hackerrak bezala. Hain dira zaurgarriak harrera-zentroak... Baita zeluloidea hartzen dutenak ere...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.