Donostiako 71. Zinemaldia

Zinemaldiak euskarazko azpidatziekin emango ditu Sail Ofizialeko film guztiak

Euskarazko hamalau lan programatu dituzte jaialdian; tartean, lau estreinaldi: Josu Martinezen 'Bizkarsoro' eta 'Mirande, film baterako zirriborroa'; Fermin Muguruzaren 'Bidasoa 2018-2023'; eta Bertha Gaztelumendiren eta Rosa Zufiaren 'Arnasa batean, emakume zinegileak'. Paco Sagarzazu aktoreak jasoko du Zinemira saria.

Euskal zinemaren aurkezpena, gaur goizean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Andoni Imaz
2023ko irailaren 1a
12:17
Entzun

Zuzendariz, aktorez eta ekoizlez bete-bete eginda zegoen atzo goizean Tabakalerako zinema aretoa: berrehundik gora lagun elkartu ziren Donostiako 71. Zinemaldian parte hartuko duen euskal zinema aurkezteko. Euskal Herriko hemeretzi film emango dituzte denera; tartean, nagusiki euskaraz egindako hamar lan, eta beste hizkuntza batzuen artean euskara ere baduten lau. Gainera, aurten, aurreneko aldiz, Donostiako Kursaal 1 aretoan programatutako Sail Ofizialeko film guztiak euskarazko azpidatziekin emango dituzte.

«Urrats handi bat» egingo dute hala, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariaren hitzetan. Ruth Perez de Anucita komunikazio arduradunak eta biek hitz egin zuten agerraldian. «Euskal zinemaren bilakaera, hein handi batean, euskararen garapenaren eskutik da», esan zuen Perez de Anucitak.

Sail Ofizialeko filmak jatorrizko hizkuntzan emango dituzte, eta hiru hizkuntzatan azpidatzi, behar izanez gero: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Sail Ofizialetik kanpo, 28 film emango dituzte euskarazko azpidatziekin; Zuzendari Berriak sailean lau, Zabaltegi-Tabakaleran 11, Perlak-en lau, Culinary Zineman bi, eta Hiroshi Teshigahararen atzera begirakoan zazpi.

«Borondatea baldin badago, posible da gauzak aldatzea. Segi dezagun bultzatzen, pantailak euskaraz eduki arte». Mezu hori zabaldu du Pantailak Euskaraz mugimenduak, Zinemaldiaren erabakia «txalotzeko». Iaz, elkarretaratze bat egin zuten jaialdiaren lehen egunean, eta, hain justu, hori zen eskakizun nagusia: emanaldietan euskara sustatzeko neurriak hartzea.

Euskarazko lau film estreinatuko dituzte Donostiako 71. Zinemaldian; erdiak, Josu Martinezenak. Ezaguna du jaialdia, Zinemira sailean aurkeztu baitzituen Sagarraren denbora (2010) eta Paperezko hegoak (2021). Aurten, bi film erakutsiko ditu sail berean: Bizkarsoro alegiazko herri batean kontaturiko bost istorio errealez osatuta dago; Mirande, film baterako zirriborroa —Zinemira saila bukatuko du— Jon Mirande idazlearen bizitzari eta lanari buruzko dokumental bat da.

Fermin Muguruza musikari eta zinemagileak Bidasoa 2018-2023 dokumentala aurkeztuko du, migratzaileek Europara iristeko egindako bidaia dramatikoaren kontakizun bat. Zinemaldian aurkeztu izan ditu bere aurreko lanak ere: Zabaltegin (Zuloak, 2012), Zinemiran (Black Is Beltza, 2018) eta Belodromoan (Black Is Beltza II: Ainhoa, 2022).

Horrez gain, Euskal Zinemaren Galan pantailaratuko dute Bertha Gaztelumendiren eta Rosa Zufiaren Arnasa batean, emakume zinegileak. Euskal Herriko emakumeek sortutako zinemaren ingurukoa da. Lau pelikula horiez gain, euskal zinemaren Irizar sarirako lehian izango da Isabel Hergueraren El sueño de la sultana animaziozko lana ere —Sail Ofizialean emango dute—.

Rebordinosek euskal zinemaren «nazioarteko arrakasta» nabarmendu du, Zinemaldian emango dituzten film batzuk atzerriko jaialdi garrantzitsuetan aurkeztu baitituzte lehenago. Horiek lehiaketatik kanpo proiektatuko dituzte, Zinemira sailean: Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas —saila abiatuko du—, Iratxe Fresnedaren Tetuan, Paul Urkijoren Irati, Silvia Munten Las buenas compañías, Amat Vallmajor del Pozoren Misión a Marte —Elias Kerejeta Zine Eskolako ikasle ohia da— eta Felix Viscarreten Una vida no tan simple.

Film horiez guztiez gain, EITB galan, ETBren euskarazko fikziozko telesail berria aurkeztuko dute: Itxaso. Surfaren munduan girotu dute istorioa. Antonio Diaz Huertak zuzendu du, eta Jon Plazaola, Nerea Mazo, Itziar Atienza, Jon Mendia eta Nerea Garmendia dira protagonistak.

Sagarzazuren bideari saria

Donostiako Zinemaldiak eta EPE eta Ibaia ekoizle elkarteek ematen dute Zinemira ohorezko saria,eta Paco Sagarzazu aktoreak (Donostia, 1940) jasoko du aurten. 1976an aritu zen lehenengoz zineman, Juanmi Gutierrezek Balantzatxoa antzezlana zinemara egokitu zuenean —euskaraz filmatutako haurrentzako lehen film luzea izan zen—. Herri Irratian esatari eta erredaktore zebilela, La fuga de Segovia (Imanol Uribe, 1981) filmeko castingera aurkeztu, eta preso baten rola eman zioten.

Ordutik, antzerkian eta zineman aritu da etengabe. Tasio (Montxo Armendariz, 1984), Ander eta Yul (Ana Diez, 1988), Aupa Etxebeste! (Asier Altuna, Telmo Esnal, 2005) eta Balada triste de trompeta (Alex de la Iglesia, 2010) filmetan lan egin du, besteak beste, baita hamaika film laburretan ere.

Zinemira sailaren barruan emango dute Kimuak katalogoko aurtengo hautaketa: zazpi film labur. «Laburrak ez dira soilik abiapuntua, joan-etorriko bideak baizik. Minutuek baino ez dituzte bereizten filmak eta istorioak», Perez de Anucitaren hitzetan. Izan ere, hautaketa horretan dago Herguera bera, La mujer ilustrada lanarekin, baita David Perez Sañudo ere, El rey de la semana-rekin —film proiektu bat prestatzen ari da Ikusmira Berriak egonaldi programan—.

Euskarazko filmak, Primeran plataforman

Unai Iparragirre ETBko zuzendaria ere izan da Donostiako prentsaurrekoan, eta Primeran izeneko streaming plataforma berriari buruz hitz egin du: «Hemezortzi hilabete luzez lanean gogor ibili eta gero, guretzat estrategikoa eta garrantzitsua den proiektu bat estreinatuko dugu. Hemendik aste pare batera jaioko da euskal eta euskarazko edukiei eskainitako streaming zerbitzurik handiena».

Plataforma horretan, Euskal Herriko ekoizpenak eta nazioartekoak jarriko dituzte eskura, euskaraz. Gainera, Donostiako Zinemaldian parte hartu duten euskal filmei eskainitako atal bat izango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.