Aste Santua da, eta Antonio jaioterrira bueltan da. Lagunak eta familia ditu han, Ecijan, Maria arreba eta Javier anaia bikia tartean. Umetatik, desgaitasun fisiko bat du Javierrek, eta laguntza premian da. Geratu ala Madrilen eraiki duen bizitzara itzuli erabaki beharko du Antoniok. Horixe zer kontatzen duen Sandra Romeroren Por donde pasa el silencio estreinako film luzeak (Zuzendari Berriak). Ecijakoa da bera ere (Sevilla, Espainia, 1993), eta umetatik ditu ezagunak Antonio, Maria eta Javier Araque anai-arrebak. Haien harremanean oinarrituta dago filma, eta badu aurrekari bat: zuzendariak 2020an egin zuen izen bereko film laburra —film labur onenaren Zilarrezko Biznaga saria jaso zuen Malagan—. Roberto Sorogoyenekin batera, Los nuevos años telesaila zuzentzen ere aritu da berriki.
Nondik dator istorio hau kontatzeko gogoa?
Familia harremanak asko interesatzen zaizkit. Eta pelikula hau horiek aztertzetik dator. Antonio eta ni 15 urte genituenetik gara lagunak, herri berekoak, Madrilera ikastera batera joandakoak. Ikasketak bukatzean, biok hasi ginen galdetzen zein leku betetzen genuen gure familietan, hainbeste denbora kanpoan egon eta gero. Iruditzen zait familia harremanen forma oso konkretua dela: hor gaude, aukeratu gabe, eta maitasun sakon batek lotzen gaitu elkarrengana. Gertatzen dena da maitasun horren mugen falta oso handia dela batzuetan.
Izen bereko film labur bat egin zenuen aurrena.
Bai. Film laburrean Antonioren itzuleraz idatzi nuen, nola berriz elkartzen den mutil laguna izandakoarekin. Anai-arrebak oso gutxi agertzen dira, baina Antonioren eta Jabierren arteko harremana ikusi nuenean ulertu nuen hortik zihoala benetan filmatu nahi nuena. Haien inguruan idaztea proposatu nien, eta hortik jaio zen pelikula.
«Filmeko emozioak errealak dira. Antoniok eta Jabierrek kopeta kopetaren kontra hitz egiten diotenean elkarri, elkarren hatsa arnasteko bezain hurbil, hor keinuetan badago zerbait soilik haiena dena»
Elkarrekin idatzi zenuten hortik aurrerakoa?
Zenbait urrats egon dira. Lehenengoa bakartiagoa izan zen. Egonaldi bat egin ahal izan nuen, Carla Simon tutore nuela, eta hor garatu nituen filmaren lehen bertsio batzuk, zeinak, modu batean, behaketen, irudimenaren eta esperientzia propioaren arteko nahasketa bat ziren, nahiz eta ni alaba bakarra naizen. Bigarren urratsean, haiek gehiago sartu ziren, eta asko-asko hitz egin genuen nik idatzitako eszenen inguruan. Eta azken urratsa izan zen gidoia hartu eta urte erdi bat Antoniorekin, Jabierrekin eta Mariarekin igarotzea, entseguak egiten. Horien arabera gidoia berridatziz joan ginen, nik gidoigile modura izan nezakeen distantzia ahalik eta gehiena txikitzeko, eurak izan zitezen euren pertsonaiak, nahiz eta fikzio asko dagoen. Ideia zen teknikak puskatzea, bai nireak eta bai aktore profesionalenak —Antonio, Mora Martinez, Nico Martinez, Emmanuel Medina...—, eta teknikak ematea ez profesionalei —Jabier, Maria eta herriko jendea—.
Anaia bikien arteko maitasun-tentsioak indar berezia du filmean. Nola landu zenuten hori?
Egia esan, ikaragarria da nola ireki ziren pelikularen mesedetan. Filmeko emozioak errealak dira. Antoniok eta Jabierrek kopeta kopetaren kontra hitz egiten diotenean elkarri, elkarren hatsa arnasteko bezain hurbil, hor keinuetan badago zerbait soilik haiena dena; halakoxeak dira bizitza errealean. Gero, noski, kontatzen diren gatazkek errealitate eta fikzio nahasketa bat dute; Jabierren gaixotasuna benetakoa da, eta, pelikula batek eskatzen duen eraikuntza guztiagatik, beti dago gezur handi bat. Baina, nolabait, niri interesatzen zitzaidana zen haiek emozionalki hor egon zitezela. Hizketaldi eta entsegu asko egin genituen, eta, horregatik, niretzat erronka handiena zen filmatzera heltzen ginenerako emozio horiek ez zitezela agortuta egon.
Pertsonaiek asko hitz egiten dute euren artean gertatzen denaz eta sentitzen dutenaz; kuriosoa da, berriz, isiltasunaren ideia nabarmendu duzula izenburuan.
Bai. Eta dudak izan nituen, ze oso pelikula zaratatsua da. Ni ohituta nago horretara, inor isiltzen ez den inguru horretatik nator, baina ez dakit bestela nola hartuko den hori. Hasieran, Aste Santuan egiten den Isiltasunaren Prozesioa ginen filmatzekoak, eta horregatik ere bazen izenburua. Gero, baina, Odolaren Prozesioarekin ordezkatzea erabaki nuen, alaiagoa iruditzen zitzaidalako, eta odolak familia senidetasuna ere ekartzen duelako. Dena den, uste dut filmeko isiltasuna ez dela isiltasun literal bat. Elkarri den-dena esaten badiote ere, elkar ez ulertze sakon bat dago oraindik hor. Zergatik hitz egiten dugu gauzez mila bider eta ez gara inora heltzen askotan? Zergatik itzultzen gara behin eta berriz horma beraren kontra jotzera? Uste dut isiltasun hori barruagotik doala, elkar ez ulertzetik igarotzen dela.
«Kamera aurrean dauden pertsonaia guztiak ulertzen saiatzea da niretzat gauza inportanteenetako bat [zuzentzen ari naizenean]»
Une batean, «inor ez da hor egon» esaten die Jabierrek anai-arrebei. Irudipena da filmak zabaltzen dituen galderetako bat hori dela, zer den «hor egotea». Ados zaude?
Bai, erabat. Eta erantzunik ez duen galdera bat da. Ze Maria egon hor dago, hor egon da, eta Antonio joan zen, baina orain hor dago, eta berdin-berdin da. Familiarekin, nik galdetzen dudana da zenbateraino egon daitekeen bat hor. Zer oreka topatu dezakeen pertsona batek horretarako. Jabierren eta Antonioren kasuan, iruditzen zait kodependentzia harreman bat dutela. Ikaragarri maite dute elkar, baina exijentzia handiko maitasun bat da, alde oso minkor bat duena. Zenbaitetan, hor egotea ez da posible. Nire ustez, pelikulan, biek topatzen dute modu bat elkar maitatzeko, baina hori ez dute modu berean ulertzen. Jabierri dagokionez, iruditzen zait beretzat inportanteak diren gauzetan Antonio integratzea hura maitatzeko modu bat dela. Jabierrek oso harreman arraroa du animaliekin, modu emozional batean oso harreman sakona dena, eta Antonio txakurkumeen erditzearen parte egitea, adibidez, maite duela esateko modu baten gisan ikusten dut nik. «Geratu zaitez!» oihukatzea baino sakonagoa, agian.
Lehen film luzea duzu hau. Zertan gustatzen zaizu arreta jartzea zuzentzen ari zarenean?
Kamera aurrean dauden pertsonaia guztiak ulertzen saiatzea da niretzat gauza inportanteenetako bat. Emozioen zintzotasuna elkarrekin topatzen saiatzea eta gutxitzea pelikula batek izan dezakeen alde artifiziosoa. Askotariko zinema maite dut, baina nire bilaketa hortik doala esango nuke.