Pansy amorratuta bizi da. Haserre dago munduarekin, haserre ingurukoekin, eta zakar tratatzen ditu bai gertukoenak, bai bidean gurutzatzen zaion edonor: harekin nola hitz egin aspaldian ez dakien senarra, bere munduan murgilduta bizi den semea, supermerkatuko langilea, dentista, altzari dendako saltzailea... Baina zakartasun horrek mina ezkutatzen du, min sakona. Chantelle ahizpa bera ulertzen saiatuko da, baina hari ere ez zaio erraza egingo. Komunikaziorik ezak edo ezintasunak ardazten du Mike Leighen lan berria: Hard Truths. Umore ukituak dituen drama hori aurkeztu du zinemagile ingeles beteranoak Sail Ofizialeko lehiara.
Bere ibilbide luzean, aitortza jaso duten hainbat film ondu ditu Leighek; tartean, Naked (1993, zuzendari onenaren saria Cannesen), Vera Drake (2004, Urrezko Lehoia Venezian) eta Secrets & Lies (1996, Cannesko Urrezko Palma). Azken horretan protagonistaren rola jokatu zuen Marianne Jean-Baptiste aktoreak, eta, ia bi hamarkada geroago, berriro ere elkarrekin egin dute lan zuzendariak eta antzezleak, hark gorpuztu baitu Pansy. Gorpuztu, eta eraiki, Leighen hitzetan: «Halako aktore bikainik gabe ezin duzu halako lan bat egin. Filmean agertzen direnak antzezle zoragarriak dira; grina handiz egiten dute lan, ez dira nartzisistak, eta, gainera, oso onak dira kaleko pertsonen moduko pertsonaiak sortzen. Haiekin lan egitea gozamena izan da, abentura aberats eta sortzaile bat».
Antzerkigintzan ere ibilbide oparoa egina du Leighek, eta eskarmentu horrek badu eraginik antzezleekin lan egiteko duen moduan. Hain zuzen, Baptistek eta biek elkarrekin landu zuten Pansyren pertsonaia, aktoreak azaldu duenez: «Denbora asko eman genuen entseatzen. Pertsonaia hutsetik garatu genuen, eta geruzaz geruza sortu, pantailan ikusten dena lortu arte». Irri artean, Baptiste ez dela Pansy gogorarazi du zuzendariak, baina hura «zehaztasun kirurgiko batez» sortzea lortu duela goraipatu dio. Hainbeste urteren ostean Leighekin berriro lan egitea «bizikletan ibiltzea bezala» izan dela adierazi du aktoreak. «Opari bat izan da; ez dut berak bezala lan egiten duen inor ezagutzen. Aktoreak asko laguntzen ditu, eta oso-oso dibertigarria da. Oso modu interesgarri batean bultzatzen zaitu, erronka jotzen ari zaizula jabetu ere egin gabe». Michele Austin, David Webber, Ani Nelson, Sophia Brown eta Tuwaine Barrett aktoreek osatu dute antzezle taldea.
Auzi «unibertsalak» hizpide
Protagonistaren purrustadek publikoaren barreak eragin dituzte, baina, istorioak aurrera egin ahala, bestelako tonu bat hartzen du filmak, eta isiluneak nagusituz doaz. Leighek azaldu du ez dela bilatutako egitura bat izan: «Errealitate organiko bat sortu nahi izan dugu; beraz, hizketaldiak daude, isiluneak, etenak edo ekintzak, baina ez dugu nahita egin: errealitate jarraitu bat da».
«Nire zinemak giza kondizio unibertsalarekin du zerikusia; tristea eta dibertigarria da, bizitza halakoxea baita»
MIKE LEIGHZinemagilea
Horregatik uste du filma, bizitza bezala, tristea eta alaia dela aldi berean. «Nire zinemak giza kondizio unibertsalarekin du zerikusia; tristea eta dibertigarria da, bizitza halakoxea baita. Bizitza komedia bat da, erridikulua da; altxa dezala eskua hileta batean barre egin ez duenak». Protagonistak dituen arazoak eta kezkak ere «unibertsalak» direla nabarmendu du zinemagileak.