Donostiako Zinemaldiak euskaraz erakutsiko duen fikziozko film bakarra da Azken erromantikoak. Elebiduna da berez, eta Txani Rodriguez idazleak gaztelaniaz argitara emandako eleberri bat du oinarri, 2021ean Euskadi literatura saria jaso zuen hura bera, hain zuzen (Los últimos románticos, Seix Barral). Hizkuntzaz gainera, badira bestelako aldeak ere batetik bestera; adibide bat jartzearren, nobela Laudion (Bizkaia) kokatuta dago, eta filmean ageri den herria asmatua da. Lehen proiekzioan txalo zarta handia jaso du Sañudoren lanak.
Emaitzak gustura utzi al zaituzte?
DAVID PEREZ SAÑUDO: Ez dakigu zer gertatuko den, baina pozik gaude. Etxean aurkeztea berezia da, eta kasu honetan, Euskadi saria jaso duen liburu batekin etorrita, zer esanik ez.
Baina lehiaketa bat da. Beharrezkoak al dira?
PEREZ SAÑUDO: Lehiaketak agresiboak dira, ez zaizkit gustatzen, baina hemen gaude, eta berezia da; aukera potentea ematen du pelikula proiektatu dadin.
«Lehiaketak agresiboak dira, ez zaizkit gustatzen, baina hemen gaude, eta berezia da; aukera potentea ematen du pelikula proiektatu dadin»
DAVID LOPEZ SAÑUDOZuzendaria
MIREN GAZTAÑAGA: Lehia beti da sistematikoki hausnartu behar den gai bat. Galdetu ahal diogu geure buruari zergatik hautatzen dugun modu hori lanak erakusteko, ez ote dauden beste modu batzuk. Era berean, une honetan dagoena hau da, eta gu zoriontsu gaude hemen. Pelikula hemen erakustea gailentzen da, eta gozatzen ari gara Donostiako Zinemaldian egoteaz.
Istorio gogorra kontatzen du filmak, eta gai latz ugari ageri da: bakardadea, tratu txarra, heriotza bortitzak, lan liskarrak. Zer izan da zailena?
PEREZ SAÑUDO: Zailena nobela moldatzea izan da, hausnarketaz beteta baitago. Ikus-entzunezkoen gramatika desberdina da, eta hor dago gakoa. Hori izan da zailena, baina, bestalde, nobelaren atmosfera oso potentea da, eta, hain zuzen, horixe izan da erronka: genero nahasketa mantentzea, eta Iruneren barruko mundua fisikoki filmean jartzea.
Filmaren giroa eta gertaerak ere barne aldarte horretara zuzendu dituzue, esate baterako, amaierako sutea. Ahalegin berezia egin duzue efektuetan?
PEREZ SAÑUDO: Fikzioren eta errealitatearen muga aldatu egin dugu apur bat. Zer den errealitatea, zer den fikzioa, zer den egia... gauza horien gainean hausnartu dezan eskatzen zaio ikusleari.
GAZTAÑAGA: Egia da sinbologia bat ere badagoela, eta sute hori horren adibide da. Sostengatzen ez den zerbaitetara iristen ari da protagonista, eta, amaiera hori azpimarratzeko, dena kiskaliko da, ez da ezer geldituko. Era berean, beste zerbaiti emango zaio hasiera. Lengoaia sinbolikoa izan liteke, bai.
Irune oso pertsonaia konplexua da, nola moldatu zara bere larruan sartzeko?
GAZTAÑAGA: Aktorearentzat onena erronka da, bestela zer, ezta? Erronka aurrean edukitzeak motibatzen zaitu. Pertsonaia horrek hasieratik maitemindu nau, ekuazio bat nuen argitzeko, eta bidelagun paregabeak izan ditut langintza horretan. Iruneren mundua ulertzeak eskatu dit ahalegina, eta bere mundua eraikitzeak: isiltasun uneetan nola pentsatzen duen, non sostengatzen duen begirada.... Irunek, esate baterako, zure ileari begira jarri, eta grisen testurari jarriko lioke arreta, eta Miren ez litzateke horri begira ariko.
«Pertsonaia horrek hasieratik maitemindu nau, ekuazio bat nuen argitzeko, eta bidelagun paregabeak izan ditut langintza horretan»
MIREN GAZTAÑAGAAktorea
PEREZ SAÑUDO: Ez dut topikorik esan nahi, baina Mirenen lana itzela izan da. Itzela izan da bere konpromisoa, eta bere erakustaldia, fisikoki nahiz psikologikoki. Niretzat bikaina izan da haren lana.
Iruneren kasuak oso agerian jartzen du emakumeek, batez ere adin batetik gorakoek, bizi duten errealitatea. Mamografiaren gaiak toki handia hartu du.
GAZTAÑAGA: Mamografia erakusteko erabakiaz gogoeta handia egin genuen, eta erakusteko moduaz ere asko hausnartu genuen. Davidek interes handia zeukan horretan, nola egin ez erotizatzeko, edo beldurgarri ez agertzeko. Izan ere, beldurtzekoa den norberak erabakiko du, baina errealitate kliniko hori erakutsi nahi genuen, eta horren hoztasuna, arroztasuna; baita gordintasuna ere, baina azpimarratu gabe. Hausnarketa interesgarriak egin genituen horretan.
Oso kutsu gipuzkoarra du filmak.
PEREZ SAÑUDO: Fikziozko herri bat da, Artieta, ez da inoiz aipatzen, baina prozesua errazteko egin genuen. Egia da pertsonaia edo aktore bakoitzak duela bere hizkera, bere ahoskera. Oso zaila da logika bat sortzea eta mantentzea.
GAZTAÑAGA: Gorka Lazkano eduki dugu euskararen laguntzaile eta zaindari lanetan. Lanari koherentzia ematen aritu da, eta erabiltzen genuen euskara hurbila izatea bilatu du; hurbila, bai esan behar duenarentzat, bai eta entzuten duenarentzat ere.
Azken erromantikoak eta Zortzitik infinitura dokumentala dira Zinemaldian euskaraz proiektatuko diren bakarrak. Zer sentsazio sortzen dizue horrek?
PEREZ SAÑUDO: Gogorra da. Baina egoera aldatzen ari dela ere egia da, eta badago mugimendua. Halere, baikorra naiz horretan.
Dena den, Azken erromantikoak elebiduna da, errealitatea ere elebiduna delako. Niretzat garrantzitsua da maketoaren figura ere filmean. Fikziozko herri bat da, euskaraz egiten dute denek edo gehienek, baina batzuek gaztelaniaz egiten dute, eta nahasketa hori naturala da.
GAZTAÑAGA: Gainera, industrializazioak migrazio handia ekarri zuen, eta industrializazioan horren inplikatuta egon den herri batez ari gara. Errealitate hori islatu beharra zegoen.
Eva Nasarreren erritmoan egiten du dantza Irunek; denek ez dute jakingo nor zen hura. Dantza ikastaro bereziren bat egin duzu?
GAZTAÑAGA: Bai zera! [barreak]. Hori neure-neurea dut. Irunek Eva Nasarreren bideoetatik ateratzen ditu koreografiak, eta hori oso polita izan da.