Sail Ofiziala

‘Tardes de soledad’ filmak irabazi du Urrezko Maskorra

Laura Carreirak eta Pedro Martin-Calerok jaso dute zuzendari onenarentzako Zilarrezko Maskorra, ‘On Falling’ eta ‘El llanto’ filmengatik, hurrenez hurren. Patricia Lopez Arnaizek aktore onenarentzako saria jaso du ‘Los destellos’-en egindako lanagatik.

'Tardes de soledad' filmeko zuzendari Albert Serra, Urrezko Maskorra eskuetan duela, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
'Tardes de soledad' filmeko zuzendari Albert Serra, Urrezko Maskorra eskuetan duela, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde
2024ko irailaren 28a
22:20
Entzun

Polemikaz inguratuta iritsi zen Tardes de soledad filma jaialdira, erretiratzeko eskariak barne, eta Urrezko Maskorrarekin itzuli da etxera Albert Serra zinemagile katalana Donostiako 72. Zinemalditik. Zezen plaza batean kokatu ditu ikusleak zuzendariak, lehen lerroan kokatu ere, eta, plano hurbilen bidez, gordin erakutsi dizkie zezenaren agonia, toreroaren izerdia, bere taldekideen gorazarreak, eta odola. Jaialdiko sari nagusia hari ematea erabaki du aurtengo epaimahai ofizialak, eta sariak banatzeko eginiko ekitaldian, bere lantaldeari ez ezik, filmean agertzen diren toreatzaileei ere eskerrak eman dizkie Serrak, beren munduan sartzen uzteagatik: «Niretzat ohorea izan da haiengandik hain gertu egon ahal izatea. Haiei esker egin dugu filma, eta horregatik du beste film batzuetan aurkitu ezin den egiazkotasuna». Iaz, O corno filmagatik, sari bera eskuratu zuen Jaione Camborda zinemagile donostiarrak, eta epaimahaiburu izan da aurten; haren eskutik jaso du garaikurra Serrak.

Epaimahaiak filmari aitortu dio hainbat auziren gainean gogoeta eginarazteko aukera ematen diola publikoari, hala nola «sormen artistikoaren mugez, beldurraz, basakeriaz, tradizioaz eta maskulinitateaz». Zuzendariak, bere aldetik, «apur bat ausarta den autore zinema» aldarrikatu du, «edozein auziren sakonera jotzeko ausardia duena». 

Andres Roca Rey toreatzaile perutarra jarri du erdigunean zuzendariak bere lehen dokumentalean, eta, hari segika, hainbat zezenketatako irudiekin osatu du lana batez ere, nahiz eta badiren toreroa plazatik kanpo, kuadrillarekin nahiz janzten erakusten dituen sekuentziak ere. Estreinaldiaren aurretik, filma erretiratu zezala eskatu zion PACMA alderdi animalistak Zinemaldiari, baina halakorik ez zutela egingo erantzun zien Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak. Polemikak polemika, Sail Ofizialeko lehian lehen aldiz parte hartu, eta sari nagusia irabazi du zinemagileak.

Gaualdiko beste sari nagusietako bat, Zuzendaririk onenaren Zilarrezko Maskorra, ex aequo jaso dute beren lehen film luzearekin lehiatu diren bi zinemagilek: Laura Carreira portugaldarrak On Falling drama sozialagatik, eta Pedro Martin-Calero espainiarrak El llanto beldurrezkoagatik. Eskoziako biltegi batean lan errepikakor eta bakarti bat egiten duen emakume portugaldar bat du protagonista Carreiraren lanak, eta gizarte indibidualistari eta kapitalismoari kritika egiten dio. Martin-Caleroren filmean, presentzia baten mehatxupean bizi diren hiru emakume dira ardatza.

Jasotzeko merituak dituela uste duen lanari sari berezi bat emateko aukera ere badu epaimahai ofizialak, eta Gia Coppola zinemagile estatubatuarraren The Last Showgirl filmeko antzezle taldeari aitortza egitea erabaki du aurten. Coppolak eta Pamela Anderson aktore protagonistak jaso dute saria, eta gainerako antzezleak izan dituzte gogoan.

Interpretazioaren arloan, berriz, euskal aktore batentzat izan da aitortza nagusia, eta hunkituta jaso du garaikurra Patricia Lopez Arnaizek. Pilar Palomeroren Los destellos filmean egindako lana saritu dio epaimahaiak, eta jokatu duen pertsonaiaren atzean filmeko lantalde osoaren lana dagoela nabarmendu du, baina Palomerorena eskertu du bereziki. «Haren eskutik joan naiz, erabateko konfiantzaz; aktore zuzendari bikaina da, eta bere talentua goraipatu nahi dut». 

Taldeko aktorerik onena, berriz, Pierre Lottin izendatu du epaimahaiak, François Ozonek zuzendutako Quand vient l’automne filmean egindako interpretazioagatik. Film horri esker, Gidoi onenaren saria ere eraman dute Ozonek eta Philippe Piazzok. Argazki onenaren garaikurra Songri Piaorentzat izan da, Huo Xin txinatarrak zuzendutako Bound in Heaven lanagatik.

Cambordarekin batera, epaile lanetan aritu dira Leila Guerriero idazlea, Fran Kranz aktore eta zuzendaria, Christos Nikou eta Ulrich Seidl zinemagileak, eta Carole Scotta ekoizlea.

SARIAK

  • Filmik onenaren Urrezko Maskorra:Tardes de soledad (Albert Serra). 
  • Zuzendaririk onenaren Zilarrezko Maskorra: Laura Carreira (On Falling) eta Pedro Martin-Calero (El llanto).
  • Aktorerik onenaren Zilarrezko Maskorra: Patricia Lopez Arnaiz (Los destellos).
  • Taldeko aktorerik onenaren Zilarrezko Maskorra: Pierre Lottin (Quand vient l'automne).
  • Epaimahaiaren Sari Berezia:The Last Showgirl filmeko aktore taldea (Gia Coppola).
  • Gidoi onena: François Ozon eta Philippe Piazzo (Quand vient l'automne).
  • Argazki onena: Songri Piao (Bound in Heaven).
  • Kutxabank-Zuzendari Berriak saria:Bagger Drama (Piet Baumgartner).
  • Horizontes saria:El jockey (Luis Ortega).
  • Gazteriaren saria:Turn Me On (Michael Tyburski).
  • Donostia Hiria publikoaren saria:En fanfare (Emmanuel Courcol).
  • Donostia Hiria publikoaren saria Europako film onenaren saria:Daney anjir maabed (Mohammad Rasoulof).
  • Irizar saria:Chaplin / Espíritu gitano (Carmen Chaplin).
  • Zabaltegi-Tabakalera saria:Aprili (Dea Kulumbegaxvili).

Beste sailetako sariak

Sail Ofizialetik kanpo ere banatzen da saririk, eta horien artean dago Euskal Zinemaren Irizar saria. Aurten, Carmen Chaplinen Chaplin / Espíritu gitano dokumentalak eraman du aitortza nagusia, eta Pello Gutierrezen Erreplika euskarazkolanak, berriz, aipamen berezia jaso du. 

Zuzendari Berriak saria Piet Baumgartnerri ematea erabaki du sail horretako epaimahaiak, Bagger Drama filmagatik, eta aipamen berezia ere eman dio beste lan bati: Anton Alvarezen La guitarra flamenca de Yerai Cortés-i. Zabaltegi-Tabakalera saria, berriz, Dea Kulumbegaxvilientzat izan da, Aprili lanagatik, eta sail horretan Jessica Sarah Rinlanden Monólogo colectivo-k aipamen berezia jaso du. Horizontes Latinos ataleko aitortza Luis Ortegaren El Jockey-rentzat izan da.

Perlak ataleko saria, aldiz, ikusleek erabakitzen dute, eta aurtengoek Emmanuel Courcolen En fanfare filmari eman diote Donostia Hiria Publikoaren Saria. Atal berean, Mohammad Rasoulofen Daney anjir maabed / The Seed of the Sacred Fig izendatu dute Europako ekoizpen onena.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.