2001eko martxoan, hainbat hilabete eman ondoren Ponferradako Udaleko (Espainia) ogasun sailean zuen zinegotzi postura agertu gabe, Nevenka Fernandezek komunikabideak deitu zituen bere herrira. Abokatua zuen ondoan, eta haren babesarekin kontatu zuen urtebetez Ismael Alvarez alkatearen (PPkoa) sexu jazarpena jasan zuela hala lanean nola handik kanpo. Hilabeteren buruan, salaketa jarri zuen epaitegietan, eta handik urtebetera iritsi zen epaia: Alvarezi zigorrik txikiena ezarri zioten sexu jazarpenagatik: 6.480 euroko isuna eta Fernandezi ordaindu beharreko 12.000 euroko kalte ordaina. Fernandezen salaketak oihartzun handia izan zuen komunikabideetan bere garaian, eta ez ziren gutxi izan haren sinesgarritasuna zalantzan jarri zuten kazetari ezagunak. Ponferradan bertan, areagotu egin ziren alkatearen aldeko babes agerraldiak, eta biktimak, azkenean, presio sozialak bultzatuta eta lanik aurkitzen ez zuela ikusita, Espainiatik alde egin behar izan zuen.
Kasua gertatu zenetik hogei urte baino gehiago igaro diren honetan, Iciar Bollain zinemagile espainiarrak Soy Nevenka aurkeztu du, gaur, Zinemaldiko Sail Ofizialean. Kursaaleko auditoriumean izandako emanaldian, ikusleek luze txalotu dute filma, eta esku zartekin hartu dute Bollain, ondoren izan den aurkezpenean. Zuzendariak ondoan izan ditu bi protagonista nagusiak, Mireia Oriol eta Urko Olazabal, eta baita filmaren ekoizleak ere, Juan Moreno eta Koldo Zuazua.
Hain zuzen ere, ekoizleek Nevenka Fernandezen kasua film batean kontatzeko proposatu ziotenean, Bollainek bere buruari galdetu zion ea egokia izango litzatekeen istorio hura gaur egun kontatzea. Izan ere, dokumental batean (Nevenka) eta Juan Jose Millasen liburu batean (Hay algo que no es como me dicen) jasota zegoen Fernandezen kontrako jazarpenaren lekukotza dagoeneko, baina zinemagileak garbi ikusi zuen aurrera egin behar zuela proiektuarekin: «Aukera ematen zuen ikusteko gaur egun non gauden». Bollainek Isa Campo izan du lagun gidoia idazteko orduan, eta azken horrek ere filmaren egokitasuna nabarmendu du: «Aurrera egin dugu, baina mekanismo sozial batzuk hor daude oraindik ere».
Filma askotariko ikuspuntuetatik planteatu zitekeen arren, Bollainek adierazi du jazarpenean jarri nahi izan dutela arreta. «Zentratu gintezkeen epaiketan, baina ez, jazarpena detaile guztiekin kontatu nahi genuen. Eta nahi genuen ikusleak biktima laguntzea bidaia osoan». Horri lotuta, Campok argudiatu du batzuetan biktimaren bertsioa zalantzan jartzen dela oraindik ere: «Beti dago biktimaren bertsioa osorik kontatzea oztopatzen duen arrakalaren bat, eta uste dut orain, gizartean, horrelako garai batean gaudela».
Alde horretatik, Bollainek «ekintza politiko» gisa definitu du Soy Nevenka, eta gogora ekarri du zer gertatu zen kasua ezagun egin zenean: «Herri osoa irten zen erasotzailea babestera. Eta guk uste dugu arreta erasotzaile horren gainean jarri behar dugula. Filmak badu esparru horretan laguntzeko asmoa ere. Oraindik hainbat Me Too daude ateratzeko: politikan, enpresa munduan... eta denok dakigu asko dagoela egiteko».
Gizonentzat
Proiektu berri hau Maixabel filmak izandako arrakasta handiaren ondoren iritsi zaio Bollaini, eta, orduko hartan bezala, Koldo Zuazua euskal ekoizlearekin eta Urko Olazabal aktorearekin egin du lan. «Urko Maixabel-en ezagutu nuen, eta, castingera iritsi zenean, banekien eman zezakeela hoztasun puntu hori. Baina gizon populista baten rolean ikusi behar nuen. Interpretazio zoragarriak eman dizkigute bi aktoreek», aipatu du, Olazabalen eta Oriolen lana goraipatu nahian.
Euskal aktoreak aitortu du psikologiako eskuliburuak irakurri behar izan dituela Ismael Alvarezen lekuan jartzeko, «jazartzaileen patroiak» ezagutzeko, eta gizonengan jarri du arreta: «Konturatu naiz gure egunerokoan min handia egin diezaiekegula emakumeei. Gure existentziak berak emakumeak kutsatzen ditu». Horri lotuta, filma emakumeentzat, baina batez ere gizonezkoentzat dela iritzi dio Olazabalek: «Guretzat, ikasketa bat da; gure jarrerari buruzko ondorioak atera behar ditugu gizonezkook».
Oriolek, berriz, adierazi du emakume ugarik bizi izan duten egoera bat islatzen duela filmak, eta «bi Nevenka» erakutsi, jazarpenaren aurrekoa eta ondorengoa: «Egoera beldurgarri horren ondoren, puskatu egiten da. Haren duintasun zentzuari eusten saiatu naiz».
Ezin Ponferradan filmatu
Ekoizleen asmoa zen pelikula Ponferradan bertan filmatzea, baina, azkenean, ezin izan dute hala egin. Bertara joan ziren, gutun bat bidali zuten udalera baimenak eskatzeko, baina «isiltasun administratiboa» besterik ez zuten jaso erantzun gisa, Zuazuak azaldu duenez. Nolanahi ere, hara joan eta gaia aipatzean, «isiltasun arraroak» sumatu zituzten. «Gerora, filmaren berri eman zenean, PSOEren galdera bati erantzunez, zinegotzi batek adierazi zuen ez zigutela baimenik eman filmak hiriko arkitekturari kalte egiteko arriskua zegoelako. Baina guri inoiz ez zitzaigun iritsi inolako jakinarazpenik».