Donostiako 72. Zinemaldia

Poetikoki mintzo den herriaren itzala

Maximiliano Schonfeld-ek 'Sombra Grande' dokumentala eta instalazioa ekarri ditu Donostiara. Argentinako Entre Rios eskualdeko hizkuntzen egoeraz mintzo da: alemanaren dialekto zahar bat hilzorian da, eta chana hizkuntza berpiztu egin da.

Maximiliano Schonfeld, 'Sombra Grande' dokumentalaren afixaren aurrean. G.U.
Maximiliano Schonfeld, 'Sombra Grande' dokumentalaren afixaren aurrean. G.U.
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko irailaren 26a
05:05
Entzun

Sombra Grande dokumentalerako, 2004ko gertaera harrigarri bat du abiapuntua Maximiliano Schonfeld zine zuzendari eta gidoilariak (Crespo, Argentina, 1982): Blas Omar Jaime agureak Argentinako Entre Rios eskualdeko natur zientzien museora jo zuen, eta azken chana hiztuna zela aitortu. Inork ez zion sinetsi, eta erotzat ere jo zuten, chana hizkuntza eta izen bereko herria ia hiru mende lehenago desagertu zirela uste baitzen. Kultura haren arrasto apurrak Damaso Larrañaga jesuitak jaso zituen, 1815ean, Uruguaiko hiru chanadunekin izandako harremanaren ondorio. 70 hitz batu zituen guztira.

Chana hizkuntzaren berpizte harrigarrian, Blas Omar Jaime bezain garrantzitsua da haren ama zena, Miguelina Yelon. Hura ada oyenden bat baitzen, chanaz esanda; hots, memoriaren zaindari bat, edo, nahi bada, herriaren jakituria eta hizkuntza transmitituko dituen arduradun bat. Ada oyenden delakoen langintza femeninoa zen inondik ere, emakumezkoek emakumezkoei erakutsitakoa, alegia; baita sekretupekoa ere, beti isilka eta gordeka egingo zutela erabaki baitzuten, errepresioa saihestearren.

Yelonek hiru alaba izan zituen, baina haurretan hil zitzaizkion hirurak, eta katea eten ez zedin, semeari pasatu zion erreleboa, Blas Omar Jaimeri. Hark ere ez zuen irakaslearen esana bete erabat. Azken hiztuna izan zitekeela ikusirik, isilpekoa ageriko bihurtzea erabaki baitzuen 2004an.

Museoko langileek ez, baina hizkuntzalariek sinetsi egin zioten Jaimeri, bereziki Jose Pedro Viegas Barriosek. Bien elkarlanaren ondorio da La lengua chaná: Patrimonio cultural de Entre Rios lana. 1.000 hitz inguru biltzeaz gain, bestelako azalpenak ere badakartza.

Liburu horren mamiak adina, Julian Bejarano idazlearen (Bogota, Kolonbia, 1988) poesiak inspiratu du zine zuzendaria. Hasteko eta behin, poetaren liburu baten izenburua du dokumentalak: Sombra Grande. Schonfeld: «Entre Rios eskualdeak ezaugarri bitxi bat du: poeta gehiegi du, eta denak funtsezkoak Argentinako literaturan». Poetak egin bezala, zinemagileak ere galdera egiten dio bere buruari, «ez ote duen horrek ikustekorik arbasoen erresonantziaren batekin, lurraldeko biztanleek poetikoki hitz egiten baitute».

Volgako alemanen oinordekoak

Chana herriaren espazio geografikoa Volgako alemanek hartu zuten gerora, eta beren artean alemanaren dialekto zahar bat egin dute naturalki. Komunitate horretako semea da, hain zuzen, Schonfeld bera, eta hizkuntza ez dakien arren, motibazio handia du: «Hizkuntzak ikasteko gaitasun eskasa dut, eta horrek hizkuntzen aldeko jakin-mina piztu izan dit». Transmisio faltaz, eta debekatua ere izan zelako, hilzorian da gaur egun Argentinako dialekto alemana: «Gure aitak, esate baterako, ezin izan zigun alemanez egin, Elizak gaztelaniaz egitera behartu zituelako denak».

Chanak eta alemanak lehian bezala ageri dira filmean: «Hizkuntza bat edo dialekto bat galtzen ari den tokian, hiltzat jotzen zen hizkuntza bat agertu da, eta apurka, bizimoduan sartuko da». Tentsio sinboliko hori gauzatzeko, Schonfeldek Volgako jatorria duten hainbat biztanleri jarraitu die beren egunerokoan, sei urtez gutxi gorabehera. Zazpi istorio dira guztira, eta hainbat gai azaleratzen ditu: jaiotza, ezkontza, heriotza, seme-alaben irrika, abereak.... Tartean, chana hizkuntza agertuz joango da, eta tokia hartzen hasiko da «presentzia espektral baten antzera».

«Hizkuntzak ikasteko gaitasun eskasa dut, eta horrek hizkuntzen aldeko jakin-mina piztu izan dit»

MAXIMILIANO SCHONFELD Zine zuzendaria

Kanpamentu moduko bat ere antolatuko dute biztanleek, Sebastian Gaboto kartografo eta esploratzailea (Venezia, 1484- Londres 1557) bertara iritsi eta chana herriaren gainbeherari hasiera eman aurreko bizimodua ulertzen saiatzeko.

Instalazioak, berriz, ilunpe batean sarrarazten du bisitaria, eta pantailetatik datorrena entzutera gonbidatzen. Bertan, irudi nagusi moduan, Blas Omar Jaimeren erretratu espektrala ageri da, «duela hilabete eskas egindakoa», Schonfeldek azaldu duenez. Hainbat hots eta kantu bat entzun litezke: «Chanatarrek lotarako kantuak abesten zizkieten beren umeei». Inguruko pantailetan Volgako alemanen ondorengoak ageri dira, chana herria bizi izandako tokian, hain zuzen, haien bizimodua imitatzen ariko balira bezala.

Argentinako egoera petrala

Schonfeldek Blas Omar Jaimeren egoera izan du gogoan:«Ez du deusik ere, ez jubilazio minimorik, ez ezer. Etengabe lagundu behar zaio, jateko eta bizitzeko lain ez duelako. Nor eta hizkuntza bat berreskuratu, eta The New York Times-en ateratakoa». Argentinako estatuari halako gauzak «bost axola» zaizkiola esan du, eta berreskurapen lanetan «azkar eta atsedenik hartu gabe» lan egin beharko dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.