itziar ugarte irizar
Ilunpeko oharrak

Paseo bete galdera

2024ko irailaren 28a
05:00
Entzun

Gaur banatuko dituzte Donostiako 72. Zinemaldiko sariak, eta epaileek zer epaituko duten pentsatzen egin dut azken itzulia.

«Originaltasuna» izango ote da? Istorio baten «indarra», islatzen duen munduaren «aberastasuna»? Orainarekiko konpromisoa? Jariotasuna? Konkrezioa? Efektiboa izatea eta ez efektista? Esanahiak zabaltzen dituzten irudien «poetikotasuna»? Ikusleari aurrerantzean bidea nondik zeharkatu behar duen ez esatea? Ezkutukoari erreparatzea? Existentzia kotidianoaren misterioaz ohartaraztea? Aurreikusteko moduko biderik ez hartzea? Sakon zulatzea?

Estimatuko ahal dituzte zalantzan oinarrituta egindako filmak? Ala ziurtasunak behar ditu garaiak?

Donostia dagoen moduan egonda —polizia gazte migranteak atxikitzen ikus daiteke eguna joan eta eguna etorri, espekulazioaren beldurrezko filma errealagoa da urtetik urtera…—, Maria Cristina hotelaren eta Viktoria Eugenia antzokiaren artean, modu izugarri samarrean zabaldu duten gizatasuna hitza baloratuko da, beharbada. Zer zentzutan, hala bada?

Bagoi zuri bat dirudien iragarkia da, eta gaztelaniaz dio: «Kontatzea merezi duten istorioen atzean ausardia dago, formularik ez». Eta, jakina, nola ez ba. Baina zeren arabera neurtu istorio baten «ausardia»? Ez ote hor ere amarru gorderen bat?

Zuzendari Berriak ataleko epaimahaian aritu den Jessica Kiang kritikari eta programatzaileak, adibidez, aurretik ikusi ez duen zerbait ikusi gura luke lehen urratsetan den zinemagile baten lanean. «Ez dut bilatzen perfektua edo muturreraino landua den ezer, benetakoa izan dadila baizik; muga batzuk zeharkatzeko aski ausarta den zerbait, autokonplazentziarik gabekoa».

Leyla Guerriero idazlea izan da Sail Ofizialeko epaimahaiko kideetako bat aurten, eta ñabardurak eskatu ditu hark, aurrez ezarritako eskemetan kabitzen ez diren kontakizunak. La llamada haren azken liburua da horren erakusle argia, Argentinako diktaduraren biktima oso eta deseroso baten istorioa kontatzen duena, Silvia Labayrurena. «Niri irakurtzeko edo ikusteko gehien gustatzen zaizkidan istorioak ñabardurak dituztenak dira, erredukzionistak ez direnak. Mundu guztiak dauka alde ez oso atsegin bat, alde ez oso sinpatiko bat. Izugarrikeriaren biktima izan den norbaitek ez du zertan santu bat izan, baina horrek ez du kentzen izugarrikeriaren biktima bat izan denik».

Iaz, galizieraz filmatutako O Corno filmarekin, Jaione Cambordak irabazi zuen Urrezko Maskorra Donostian —Kursaaleko besaulkien artean ikusi dute oharrak hartzen—, eta hura izan da Sail Ofizialeko epaimahaiburua aurten. Sarietan sariena lanean jarraitu ahal izatea dela esan izan du maiz, eta hark bezala beste hainbatek. Diz-diz handia baitago Urumearen alde bietan egunotan, baina ez al da lokatza are ikusgarriago?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.