Zinemagileak

Jon Garaño eta Aitor Arregi: «Nahiko genuke pelikula honek eztabaida sustatzeko aukera ematea»

Enric Marcoren historia kontatu dute Garañok eta Arregik 'Marco, la verdad inventada' filmean. Gaur aurkeztuko dute lana, Perlak sailean, Belodromoan. Gezurraz, egiaz eta istorioak kontatzeko moduaz hausnartu nahi izan dute pelikulan.

Jon Garaño eta Aitor Arregi, Moriarti ekoiztetxeko bi kide. MAIALEN ANDRES / FOKU
Jon Garaño eta Aitor Arregi, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2024ko irailaren 28a
05:05
Entzun

Ez da jendaurrean erakutsiko duten lehen aldia, baina agian bada bereziena. Jon Garañok (Astigarraga, Gipuzkoa, 1974) eta Aitor Arregik (Oñati, Gipuzkoa, 1977) Marco, la verdad inventada filma Veneziako Zinemaldian estreinatu zuten, Orizzonti sailean, eta Zinemaldian egingo du bigarren geldialdia. Gaur proiektatuko dute, Belodromoan. Lagunak eta inguruko jendea bertan izango direla eta, «estreinaldi handi» moduko bat izango dela adierazi dute zuzendariek.

Filmak Enric Marcoren (Bartzelona, 1921-2022) historia kontatzen du. Bigarren Mundu Gerran nazien kontzentrazio esparru batean preso egon zela adierazi zuen 1976an, eta 30 bat urtez aritu zen bere bizitzako pasarte hura kontatzen. Holokaustoaren biktimen Espainiako elkarteko presidente izan zen, eta Kataluniako ikastetxeetan makina bat hitzaldi eman zituen bizitakoak haur eta nerabeei azaltzeko. 2005ean, ordea, Benito Bermejo historialariak hankaz gora jarri zuen Marcok 30 urtez behin eta berriz kontatutakoa, eta frogatu zuen Marco sekula ez zela kontzentrazio esparru batean egon.

2019an izan zineten azken aldiz Zinemaldian, ‘La trinchera infinita’-rekin. Denbora da; luzea egin zaizue?

AITOR ARREGI: Bai, 2019an izan zen. Balenciaga telesailarekin ere egotekoak ginen, baina bueno, gure erabakietatik kanpo dauden kontuengatik, Disneyk erabaki zuen azkenean estreinaldia beranduago izatea. 5 urte izan dira, baina niri ez zait luzea egin.

JON GARAÑO: Egia esanda, nik ere ez dut sentsazioa hainbeste denbora pasatu denik.

Hamaika buruhauste eman zizkizuen bai Enric Marcok, baita filmak berak ere. Hemezortzi urte behar izan dituzue proiektua gauzatzeko.

ARREGI: Hala da. Jorge Gil Munarriz gure lankideak kontatu zigun istorioa, eta bera egon zen Marcorekin kontaktuan pare bat urtez. Dokumental bat egiteko asmoa genuen. 2008an grabatzen hastear geundela, Alemaniara dokumentu batzuen bila joan behar zuela esan zigun. Handik itzuli zenean aitortu zigun beste produkzio talde batekin joan zela, beste dokumental bat grabatzeko —Ich bin Enric Marco dokumentala, oso ona— . Hor gelditu zen kontua. 2010ean, Zinemaldian, beste proiektu bat aurkezten ari ginela, Kursaalean, handik atera, eta errepidearen beste aldean emaztearekin ikusi genuen. Poltsa bat zeraman eskuan, eta bertan butifarra bat zeukan opari guretzat. Bere aurkezpen marka da hori. «Bakean gaude» bat zen, baina zerbait eskatzeko asmoz. Ez zen gustura geratu dokumentalarekin. Orduan, dokumentala eta fikzioa nahastuko zituen zerbait egitea pentsatu genuen, baina hori ere ez zen ondo atera. Ordurako jada indarra hartu zuen fikzio bat egiteko ideiak. Garai horretarako, 80 egunean [2010] eginda, Loreak [2014] egin bidean, indarra bagenuen pentsatzeko fikzioa egin genezakeela.

«Marcok bazekien hitz bat esanda edo hau horrela kontatuta jendea harrapatzen zuela. Hor bazegoen zerbait bete-betean interesatzen zitzaiguna, gure kontatzeko prozesuarekin lotzen zelako»

AITOR ARREGIZinemagilea
Noizbait pentsatu al zenuten amore ematea?

GARAÑO: Eman dizkigun komeriak baino gehiago, proiektu honetan sinesten jarraitzeko gogoa eman digu. Bazegoen zerbait istorioan guri interesatzen zitzaiguna; istorio hau kontatu behar genuen. Iruditzen zaigu oso pertsonaia konplexua dela, eta askorako eman digula. Egin dituen gauzetako asko oso gaizki daude, argi eta garbi. Guretzat oso gauza garrantzitsua dago hor: beste deportatu baten benetako identitatea lapurtu zuela, eta beste pertsona horren memoria desagerrarazi nahi zuela nolabait. Bestalde, aukera bat ematen zigun oso interesgarria egiten zaigun beste kontu batzuen inguruan hitz egiteko. Bat da gaur egun gezurra eta egia zein nahastuta dauden. Berak, bere gezurrak sinesgarriak egiteko, egiarekin nahasten zituen. Gauza interesgarri asko zituen Marcok. Nahiko genuke pelikula honek eztabaida sustatzeko aukera ematea.

ARREGI: Pentsatu nahi dugu ere storytelling-ari buruz ere hitz egiten duela —istorioak kontatzeko modua; nola kontatzen diren—. Zerbait kontatzen duzunean, entzuten zaituenarekin konfiantzazko akordio moduko bat daukazu. Askotan konfiantza hori ez da sortzen bakarrik kontatzen duenak txundidura sortzen duelako, entzuten duenak istorio on bat entzun nahi duelako baizik. Entretenigarria eta ongi kontatua. Marcok hori bazekien; bazekien hitz bat esanda edo hau horrela kontatuta jendea harrapatzen zuela. Hor bazegoen zerbait bete-betean interesatzen zitzaiguna, gure kontatzeko prozesuarekin lotzen zelako.

«Oso erreza da horrelako pertsona bat [Marco] epaitzea. Guk pentsatu genuen: pelikulak interesa izan dezan, guk ezin dugu epaitu, ezta zuritu ere»

JON GARAÑOZinemagilea
Morbosoa da Marcoren istorioa, batez ere gezurretan ari zela frogatu zutenean, baina, hala ere, zuek morbo eta kriminalizazio horretatik ihes egitea erabaki duzue. Erraza izan al da?

GARAÑO: Oso erraza da horrelako pertsona bat epaitzea. Guk pentsatu genuen: pelikulak interesa izan dezan, guk ezin dugu epaitu; ezta zuritu ere. Emozioa baldin badago pelikulan, ikusleak emozioa senti dezala ingurukoekin; deportatuekin adibidez, baina ez hainbeste harekin. Tonua topatzea oso garrantzitsua izan zen, baita zaila ere. Bere arriskuak zituen istorioak; jendeari zertan ari ginen kontatzean, aho zabalik geratzen ziren. Thriller moduko hori egiteak ere erakartzen gintuen; Marco harrapatuko duten edo ez jakiteak.

Eduard Fernandezek jokatu du Marcoren rola. Nolakoa izan da harekin lan egitea?

ARREGI: Klixe bat ematen du, baina guretzat opari bat izan da. Onenetako bat da gure ustez. Guk miresten genuen haren aurreko lana, eta haren izena atera zenean argi izan genuen. Kataluniakoa da, bere aurreko lanetan konplexutasun bat du, egin dituen pertsonaiak argi-ilunezkoak dira... zentzu guztia zuen harekin lan egiteak. Harekin lan egiten hasi ginenean, ikusi genuen oso ondo ulertu zuela pertsonaia, baina aldi berean ez zuen imitazio soil bat egin nahi: bere Enric Marco sortu nahi zuen, ez gure Enric Marco. Ezin hobeto ulertu zuen Jonek [Garaño] aipatu duen tonu oreka hori. Pertsonaia pikaroa dela esan genezake, batzuetan umore pixka bat ere ateratzen duena. Berak askotan esaten zigun: «Ez dezagun galdu umorea». Eskutik joan ginen une oro. Bai entseguetan, bai filmatzeko orduan, bai edizioan, sorpresak hartu ditugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.