El agente topo (2020) eta La memoria infinita (2023) dokumental laudatuekin eman zuen ezagutzera bere burua Maite Alberdi zuzendari txiletarrak (Santiago, 1983). Oraingoan, ordea, fikziora egin du jauzi El lugar de la otra filmarekin, nahiz eta pelikulak kontatzen duen istorioak oinarri historikoak dituen. Hain zuzen ere, benetako gertaera bat baliatu du zuzendariak —Maria Carolina Geel idazleak bere maitalea hil zuen, 1955ean, Santiagoko hotel ezagun batean eta jende ugariren begien aurrean— emakumeak gizartean bete izan duen rolaren gainean gogoeta egiteko. Filma gaur goizean eman dute Kursaaleko auditoriumean, eta txaloz jaso dute ikusleek.
Alberdi bera filmeko ekoizleekin eta aktoreetako birekin (Elisa Zulueta eta Francisca Lewin) azaldu da gero prentsaren aurrean. Lewinek Geelen rola bete du, eta Zuluetak, berriz, kasua bere gain hartu zuen epailaren idazkariarena (Mercedes). Azken hori, kasuan murgilduz doan heinean, bere izateaz, autonomiaz eta gizartean nahiz etxeko egituran betetzen duen rolaz galderak egiten hasiko da, eta horrek eramango du Geelen etxera, bere bizilekuan ez duen espazioaren bila. Bere gela aurkitzera.
Netflix plataforma dago filmaren atzean, eta, Alberdik azaldu duenez, filmaren ideia proposatu ziotenean, zuzenean jo zuen Alicia Trabuccoren Las homicidas liburura. Lan horrek 1920ko eta 1970eko hamarkaden artean lau emakume txiletarrek egindako krimenak aztertzen ditu, eta han aurkitu zuen Geelen istorioa. Alde horretatik, filma egiteko prozesuan ikerketa lan handia egin behar izan duela azaldu du zinemagileak: «Film osoa artxiboetan, lekukotzatan eta agirietan dago oinarrituta».
Garai hartako gizartean oihartzun handia izan zuen hilketa hark, eta titulu sentsazionalistak nagusitu ziren komunikabideetan. «Jende guztiak eman zuen bere iritzia, baina inork ez zion Geeli berari galdetu ea zergatik hil zuen maitalea». Horrek berak eraman du Alberdi emakumeek 1950eko hamarkadan gizartean betetzen zuten rolaz gogoeta egitera: «Liburutik abiatzen den galdera garrantzitsu bat dago filmean, eta gaiztoa izateko eskubidearekin du zerikusia. Emakumeei, garai hartan, barkatu egiten zitzaien, zigortuz gero ikusgarritasuna ematen zitzaielako. Erotzat jotzen zituzten; esaten zuten arazo psikiatrikoak zituztelako hil zutela. Inork ez zuen entzun nahi zein arrazoi izan zituzten hiltzeko».
«Emakumeei, garai hartan, barkatu egiten zitzaien, zigortuz gero ikusgarritasuna ematen zitzaielako»
MAITE ALBERDIZinemagilea
Geeli hiru urteko espetxealdia ezarri zioten, baina beste idazle batek, Gabriela Mistralek, indultua eskatu zion Carlos Ibañez del Campo Txileko presidenteari, eta horrek onartu egin zuen. «Geelek berak ez zuen eskatu indultua; Mistralek egin zuen. Eta, gerora, Mistralek berak galdetu zionean ea zergatik hil zuen maitalea, hark ez zion erantzun ere egin».
Inork ikusten ez duena
Filmaren abiapuntua Maria Carolina Geelek eginiko hilketa bada ere, Mercedes bera da filmeko protagonista nagusia, eta haren begietatik segitzen du kasua ikusleak. Geel sartu duten zentrora joango da Mercedes, eta han «emakume aske bat» aurkituko du, «aske intelektualki nahiz espiritualki». Alberdi: «Niretzat hau ez da krimen bati buruzko film bat; gela bat norberarena bilatzeari buruzkoa baizik, denok behar dugun espazioa aurkitu eta defenditzeari buruzkoa».
Zuluetak azaldu du «zaila» egin zaiola Mercedesen rola prestatzea. «Inork ez du ikusten; ez da existitzen. Etxean hari esker jaten dute, eta epaitegian hari esker doa dena ondo. Baina inork ez du ikusten. Oso zaila da pertsonaia desagertu bat eraikitzea». Alberdiren begirada, «dokumentalgilearen begirada», goraipatu du Zuluetak. «Lagundu dit pertsonaia desagertu bat eraikitzen eta ulertzen nola begiratzen dion Mercedesek Carolinari».