Donostiako 72. Zinemaldia

Naia Laka: «Ez dakigu nora helduko den, baina infinitura begira ipini dugu euskal zinema»

Zinemiran lehiatuko da Naia Lakaren 'Zortzitik infinitura'. Benito Ansola zuzendari aitzindariaren ibilbidea osatuz, eta Miren Agur Meabe idazlea lagun duela, euskal zinemaren lorratzari jarraitu dio dokumentalak, etorkizunari begira jartzeko.

Naia Laka, Donostian. OLI ARTOLA
Naia Laka, Donostian. OLI ARTOLA
garbine ubeda goikoetxea
2024ko irailaren 25a
05:10
Entzun

Traola ekoiztetxeko bere kideen asmo zahar bati heldu zion Naia Laka Arrizubieta zuzendariak (Ispaster, Bizkaia, 1990) Zortzitik infinitura izango zenaren proiektua gauzatzen hasi zenean. Miren Agur Meabek berak Benito Ansolari egindako elkarrizketa bat izan zuen aurrekaria. Lan horrek euskal zinemaren hauspotzaile handienaren ibiliak dokumental batean kontatzeko grina piztu zien Traolako kideei, eta hari euskal zinemaren historia batzea bururatu zitzaion gero Lakari, kasik naturalki.

Miren Agur Meabek ondo irabazia du tokia, Benito Ansolaren elkarrizketatzaile gisa.

Biek aspalditik ezagutzen dute elkar, badute kontaktua eta harremana, eta, horregatik, pertsonarik aproposena iruditu zitzaigun Meabe, bai Ansolaren historia kontatzeko, bai eta, orokorrean ere, dokumentalaren gidaria izateko ere.

Elkarrizketa hautatu duzue dena josteko hari gisa. Ez da preseski formaturik errazena.

Hasieratik genekien ez zela erraza izango dokumentala elkarrizketa bidez kontatzea, baina beti izan dugu ideia hori, eta nik ere hasieratik ikusi nuen testigantzen bidea zela egokiena, bai On Benitoren bitartez bere historia kontatzeko, bai eta euskal zinemagintzaren bilakaera kontatzeko ere, protagonistei ahotsa emanda.

«Hasieratik genekien ez zela erraza izango dokumentala elkarrizketa bidez kontatzea, baina beti izan dugu ideia hori, eta nik ere hasieratik ikusi nuen testigantzen bidea zela egokiena»

NAIA LAKAZine zuzendaria

Eta bai, buruko min latzak izan ditut: elkarrizketa asko dira, eta horiek moldatzeko eta historia ondo kontatzeko puzzle hori lotzea zaila izan da, baina lortu da, eta emaitzagaz nahiko gustura gelditu gara. Elkarrizketetan kontatutako gauza asko kanpoan utzi behar izan ditugu, hori ere esan behar da, eta pena da betiere, baina pozik.

Elkarrizketak asko laburtu beharraz harago, pertsona jakinen bat sartu ezin izanaren penarik izan al duzu?

Bai. Gure planean egonagatik ere elkarrizketatu ezin izan ditugunak batzuk izan dira. Pena handia izan da, ezin izan delako gauzak haien ikuspegitik kontatu. Adibidez, Mirentxu Loiarte falta izan dugu: bere eraginagatik eta garai hartan emakumezko bakarrenetakoa zelako nahi genuen kontuan hartu, baina ezin izan zen. Baina badu presentzia, azkenean beste batzuen bitartez sartu baita.

Dokumentala Zinemira sailean sartzea lorpen handia dela esan izan duzu. Zergatik?

Berria eta gaztea naizen aldetik, eta gure ekoiztetxea ere txikia den aldetik, dokumentala oso proiektu potentea izan zen, izan dugun potenteena esango nuke, eta anbiziotsua gainera. Hori egiteko gai izatea bada sekulako lorpena guretzat. Zinemira, azkenean, Euskal Herrian lor liteken saririk handiena da dokumentaletan, euskaraz eginda gainera. Sorpresaz hartu nuen, eta oso pozik nago maila horretara heltzeagatik.

Omenaldi nabarmena egin diozue Lekeitiori.

Hala da. Lekeitio [Bizkaia] garrantzitsua izan da Benito Ansolaren bizitzan. Bertan jaio zen, alde zaharrean, eta bizitza erdia kanpoan pasatuta ere, oso kutuna izan zuen bere herria. 1977an itzuli zenez geroztik, lan handia egin du bertan. Horregatik, Lekeitiok presentzia edukitzea funtsezkoa eta saihetsezina izan da dokumentalean. Euskal Zinemaren Bilera ere bertan egiten da, eta euskarazko zineman garrantzi handia du Lekeitiok; elkarrizketatuek behin eta berriz aipatu izan dute hara joatea plazera izan dela beti. Eta Imanol Uribek Mikelen heriotza sortu zuenean Lekeitio izan zen kokagune nagusia. Beraz, bai, keinu asko egin dizkiogu Lekeitioko herriari. Eta Miren Agur Meabe ere lekeitiarra da.

Zenbat denbora eraman duzue grabaketa lanetan?

Ez da luze joan. Elkarrizketak-eta nahiko denbora laburrean egin genituen. Hain zuzen horregatik, zoramena sortu genuen aurreprodukzioan eta grabaketan. Luzeena postprodukzioa izan da. Lan handia hartu dugu edizioan, logistikan eta baimenak lortzen, baina elkarrizketa guztiak bi egunetan grabatu genituen, Lekeitioko zineman, hiru elkarrizketa izan ezik: Iratxe Fresnedarena EHUn grabatu genuen, Jose Luis Rebordinosena Zinemaldiko bere bulegoan, eta Moriartitarrena ere haien egoitzan.

Egia esanda, nahiko ezohikoa izan zen elkarrizketen grabaketa. Batzuk abenduko egun baten egin genituen, eta gainerakoak, urtarrileko beste egun batean.

«Lekeitiok presentzia edukitzea funtsezkoa eta saihetsezina izan da dokumentalean. Euskal Zinemaren Bilera ere bertan egiten da, eta elkarrizketatuek behin eta berriz aipatu izan dute hara joatea plazera izan dela beti»

NAIA LAKAZine zuzendaria
'Zortzitik infinitura'. Oso iradokitzailea. Zer esan nahi duzue?

Infinituaren ikurra zortzi bat da, etzanda. Hain justu, 8 kamera batekin grabatu zituen Benitok hasierako bere pelikulak. Super 8 ezagunagoa da, baina 8 kameragaz egin zituen. Hor dago jokoa. Zinemazale aktibo izandakoak 8 kamera batekin hasi zuen zinemagile ibilbidea. Eta infinituak norabidea erakusten du, euskarazko zinemaren etorkizun hori norantz joango den. Infinitua diot, oraindik sabaia jo ez duen zinema delako, eta hori gura dut pentsatu. Ez dakigu nora helduko den, baina infinitura begira ipini dugu euskal zinema.

Euskal zinema zer den definitzeko saio bat ere bada zuen filma, eta euskaraz egiteak izan dituen aurreiritziak eta zailtasunak ere agerian jarri dituzue. Euskal zinemaren loraldiaz mintzo da bat baino gehiago, baina aurten apenas den filmik euskaraz zinemaldian.

Kontraesan handia da, bai. Gure dokumentala sartu da, justuki, euskarak azken boladan presentziarik txikiena izan duen urtean. Ez ditut datuak ongi begiratu, baina badakit euskara motz gelditu dela, eta espero dut jendeak gure dokumentala ikusita kontzientzia pixka bat hartzea, eta datorren urteari begira euskaraz gehiago lortzea. Aurten gertatutakoaren arrazoiak ematen ez naiz ausartzen; ez dakit kasualitatea den edo beheratze baten ondorio, baina ez nuke horrela pentsatu nahiko.

'Zortzitik infinitura' dokumentalean Rebordinosek egin du horren azpimarra.

Rebordinosek «alerta» hitza aipatzen du, euskarazkoaren egoera azaltzeko. Ea alerta horrek balio duen kontzientzia eta hausnarketa pizteko eta aldaketa eragiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.