Euskal zinemaren kalitatearen aldarria egin du 'Tasio' filmak

Donostiako 72. Zinemaldiko Klasikoak saila inauguratu du 'Tasio' filmak. Lan horren zuzendari Montxo Armendarizek, hunkituta, filmaketan parte hartu zuten guztiak izan ditu gogoan; Euskadiko Filmategiko saria jaso du proiekzioaren aurretik.

'Tasio' filmeko aktoreak eta Montxo Armendariz zuzendaria, proiekzioaren aurretik. JON URBE / FOKU
'Tasio' filmeko aktoreak eta Montxo Armendariz zuzendaria, proiekzioaren aurretik. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2024ko irailaren 21a
20:30
Entzun

Tasio zaharberrituak maiatzean egin zuen benetako estreinaldia, Cannesko zinema jaialdian, baina Donostiakoak jakin-min handia piztu du, estreinaldiak adinakoa; besteak beste, Zinemaldian berean ikusi zuelako argia duela berrogei urte, eta orduko hartan eragindako lilurak eta jasotako sariek —tartean, Zilarrezko Maskorra— Euskal Herriko zinemaren zedarri bihurtu zutelako filma.

Montxo Armendariz zinema zuzendariaren opera primak Anastasio Otxoa Ruiz (Zuñiga, Nafarroa, 1916-Valderrota mendia, 1989) ikazkin eta ehiztariaren bizitza eraman zuen fikziora 1984an, eta harekin batera, hainbat balio nabarmendu zituen, dokumentu etnografiko eta antropologikotzat ere jo zitekeen lan hartan: natura, iraupeneko ehiza, ofizio zaharrak, adiskidantza, herri txikien balioa, norberaren senari jarraitzeak duen garrantzia.

Armendarizek berak esana da «isileko askatasuna, arauen eta konbentzioen kontra ezkutatzen den askatasuna» dela filmaren funtsa. Beste hainbat balio ere gehitu zaizkio geroztik, batik bat urteotako gertaeren, aldaketen eta egoeraren ondorio; nagusiki ekologikoak —ingurumena zaindu beharra, basoaren garrantzia—, baina baita humanoagoak ere: esaterako, belaunaldien arteko transmisioaren garrantzia.

Gazteei begira

Tasio zaharberritzeko asmoa Euskadiko Filmategian ernaldu zen. «Film horri, hain garrantzitsua izanik, beste bizialdi bat eman nahi genion», azaldu du Joxean Fernandez zuzendariak. Ez du ikustekorik, baina, duela berrogei urte batu zituen ikus-entzuleen nostalgiarekin. Dokumentua behar bezala jasotzeko eta teknika berrietara egokitzeko baino gehiago, helburu jakin bat betetzeko jarri zen martxan Filmategiko lantaldea: filma berriro pantaila handietara itzul zedin, eta, batik bat, «gazteengana hel zedin, harrapa zitzan». Hain zuzen ere, hori litzateke «politena», Fernandezentzat.

Zinemaldira heldu baino lehen izan dituen proiekzioak gogoan, buruan zerabilten «pokerra» bete dela azaldu du Filmategiko zuzendariak: «Cannesera joan da, pelikulak erakusteko leihorik onenera hain justu; gero, Bolognako II Cinema Ritrovato jaialdira, eta Donostiakoaren ostean, Lyongo Lumiere zinema jaialdira joango da». 2025ean, bestalde, Euskal Herrian ez ezik, Frantzian barrena ere ibiliko da, hango banatzaile batek proiekzio eskubideak erosi baititu. Fernandez pozik agertu da: «Orain logikoa iruditzen baldin bazaigu ere, lorpen hori ez zen batere agerikoa. Oso harro gaude».

«Pelikula oso hemengoa da, baina era berean oso unibertsala, horregatik ulertzen da hain ongi atzerrian, emango zaizkion interpretazioak toki batetik bestera aldatuko badira ere»

JOXEAN FERNANDEZEuskadiko Filmategiko zuzendaria

Filma proiektatu den toki guztietan zirrara eragin duela azaldu du, gainera: «Cannesen esan ziguten Marcel Bagnolen tankera hartzen ziotela; Italian, Ermano Olmirena hartu zioten, eta beste zenbaitek azpimarratu digute Akira Kurosawaren edota Taviani anaien Padre padrone-ren usaina dariola». Fernandezek badu azalpenik horretarako: «Pelikula oso hemengoa da, baina era berean oso unibertsala, horregatik ulertzen da hain ongi atzerrian, emango zaizkion interpretazioak toki batetik bestera aldatuko badira ere».

Tasio Nafarroako Ameskoa eta Lana bailaretan grabatu zuten, Urbasa mendilerroaren magalean. Montxo Armendariz zuzendariaren esanetara, Patxi Bisquert, Amaia Lasa eta Paco Sagarzazu aktoreak aritu ziren, besteak beste. Elias Kerejeta ekoizleak bere gain hartu baino lehen, hainbat ezezko jaso zituen proiektuak.

«Tasio nire lehen film luzea izan zen. Zinema estudiatu gabekoa nintzen, eta grabaketan beldurtuta nengoen, eta oso urduri, gainera»

MONTXO ARMENDARIZZuzendaria
(ID_14273904) (/@FOKU) 2024-09-21, Donostia. 72
Montxo Armendariz, Euskadiko filmategiko ikurra eskuetan duela. JON URBE / FOKU

Pribilegioa

Montxo Armendarizek hitz apalak eskaini ditu Donostiako Zinemaldian, txalo zaparrada luzea jaso ostean eta filma proiektatu aurretik: «Tasio nire lehen film luzea izan zen. Zinema estudiatu gabekoa nintzen, eta grabaketan beldurtuta nengoen, eta oso urduri, gainera».

Duela berrogei urte batutako lantalde tekniko eta artistikoari eskaini dio bere eskerrik beroena: «Tasio honaino iritsi izanaren meriturik handiena haiena da: haien profesionaltasunik gabe ez zatekeen gauza bera izango». Grabatzen aritu ziren herrixketako biztanleen ekarpena ere «ordainezina» izan zela aipatu du, batez ere «eguraldiak laguntzen ez zuenean edo animaliek arazoak sortzen zituztenean, eta askotan gertatzen zen halakoren bat».

Berrogei urteren buruan Donostiako Zinemaldira berriz etortzea «pribilegioa» dela ere aitortu du, eta, halaber, «oso berezia eta hunkigarria» dela nabarmendu, filmaketan parte hartu zuten guztien izenean. Bere xerarik handiena, berriz, «jada ez dauden horiei» eskaini die, bereziki Elias Kerejetari eta Anastasio Otxoari, bizitza errealeko Tasio zenari.

Aldarri baten forma hartu dute Armendarizen azken hitzek: «Amaituko ahal dira gerra guztiak eta genozidio guztiak, behingoz bakean bizi ahal izan gaitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.