Zabaltegi-Tabakalera

«Egon nahi dudan jendearekin egoteko modu bat da zinema niretzat»

Elias Kerejeta zine eskolatik eta Ikusmira Berriak egonalditik igaro ostean, 'Ulysses' bere lehenengo film luzea erakutsi du Zabaltegi-Tabakalera sailean Uwagawak. Odiseako etxerako itzulera gogoan hartuta, zerikusirik ez duten hiru egoera elkartu ditu.

Hikaru Uwagawa zinemagilea, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Hikaru Uwagawa zinemagilea, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
itziar ugarte irizar
Donostia
2024ko irailaren 28a
05:00
Entzun

«Egin ahala bere bidea bilatu duen» pelikula batekin itzuli da Donostiara Hikaru Uwagawa zinemagilea (Hiroshima, Japonia, 1996). Ulysses bere lehen film luzea erakutsi du Zinemaldian, Zabaltegi-Tabakalera sailaren barruan, eta, jaialdian lehen aldia badu ere, ondo ezagutzen du haren inguruko ekosistema, 2021ean Elias Kerejeta zine eskolako ikaslea izan baitzen, eta Ikusmira Berriak egonaldi programatik igaro baitzen iaz. Madrilen hasi, Donostian igarotako denboran garatu eta Japonian amaitu du Ulysses filma.

Zinemagintza ikasi nahi zuela aspaldi komentatu zuen etxean Uwagawak, baina, dioenez, gurasoek ez zuten oso argi ikusi, eta atzerriko ikasketak egin zituen aurrena unibertsitatean, espainiar kulturan eta artearen historian jarrita arreta. Minutu bateko ikus-entzunezko pieza bat egin behar izan zuen behin lan baterako, eta horrek zerbait aldatu zuen harengan, oharkabean: «iPhone batekin zinema egin nezakeela deskubritu nuen».

Ikasketa horiek bukatu, «zinema independentean» murgildu, eta, orduan bai, Madrilera egin zuen zinema ikastera. Ez zen espero bezala atera, ordea. «Zinema oso modu industrialean irakatsi ziguten, zer egin behar genuen eta zer ez. Esperientzia zaila izan zen niretzat, pandemia sasoia ere bazen, eta zinema egitearen plazera galtzen hasi nintzen». Jonas Trueba zinemagilea ezagutu zuen orduan. «Zinema modu esentzial batean erakutsi zidan, eta zinema egitearen gozamena partekatu zuen nirekin. Asko lagundu zidan».

Zinema ulertzeko modua aldatu ziola sentitzen du. «Une hartatik aurrera, lagunduta sentitzeko eta interesgarria iruditzen zitzaidan jende batengana gerturatzeko modu bat bihurtu zitzaidan zinema. Egon nahi dudan jendearekin egoteko modu bat da niretzat».

Hiru urratseko pelikula

Ulysses-en hiru egoera gurutzatu ditu Uwagawak: Errusiatik Madrilera heldutako ama-seme batzuena (Alevtina Tikhonova, Dimitri Tikhonov); Donostian elkartu diren gizon japoniar eta neska euskaldun batena (Izumi Ishii, Enaitz Zulaika,); eta hildakoen espirituei lotutako erritu bat ospatzera etxera itzuli den japoniar batena (Kazuko Hara).

Madrilen hartu zituen lehen irudiak, orduan oraindik jakin gabe zer bihurtuko ziren. Ama-semeen egunerokoarekin pieza dokumental bat egitea zen aurreneko ideia, baina «berehala aspertu», eta haiekin zituen elkarrizketa batzuk kamera aurrean berregiteko eskatu zien. Une hartan, Odisea irakurtzen ere ari zen zinemagilea —«aspalditik naiz Ulisesen oso zalea»—, eta Antzinako Greziako mitologiako pertsonaiak ikusten hasi zen haiengan. «Aletvina Penelope bat bezala ikusten hasi nintzen. Eta hor sortu zen proiektua».

Hortik etorri zitzaion pertsonaia berriekin beste egoera batzuk filmatzearen ideia ere. Eta horrekin heldu zen Donostiako zinema eskolara, proiektuaren hurrengo urratsa nola egin lantzera. «Hemen Enaitz ezagutu nuen, eta Odiseako beste pertsonaia bat iruditu zitzaidan. Harekin lanean hasi nintzen, eta Izumi deitu nuen: antzerkia ikasten ari zen eta bidaiatu nahi zuen lagun japoniar bat. Madrilgoaren aldean, diferente egin genuen lan: filmatuz gindoazen eszenak ikusten genituen, horien gainean eztabaidatu, eta erabaki zerk etorri behar zuen ondoren».

Hirugarren urratsa, azkenik, aurreko bi metodoen «bariazio» modura deskribatu du zinemagileak. «Nire amona filmatu nahi nuen. Lehenengo entsegu txiki bat egin nuen, hil berri zen bere senarrarentzat udako erritual bat egiten zuen bitartean, eta filmerako lan horren remake bat egin nuen, ni ere kamera aurrean agertuta. Asko inporta zitzaidan zinema modu zintzo batean egitea. Pelikula, hein batean, nahiko enkriptatua da, baina ez da nik aurretik hala nahi nuelako; egin ahala joan da bere bidea eginez, bere forma bilatuz».

Etxearen ebokazioa

Etxearen gaineko ideiak eta haren inguruko hizketaldiek lotzen dituzte hiru egoerak, eta hori zen Uwagawak hasieratik buruan izandako ideia, «Odisearen bertsio moduko bat» egitea. «Ulisesek bere etxea bilatzen du, baina bere etxea ja ez da existitzen. Denbora batez kanpoan zaudenean, etxearen irudi bat gordetzen duzu, baina itzultzen zarenean ohartzen zara irudi hori ja desagertu dela, eta etxea denbora horretan eraldatuz joan dela». Japoniatik kanpo igarotako lau urteetan berak hala bizi izan zuela aipatu du. «Ez nintzen denbora horretan guztian itzuli, eta deserrotze handia sentitu nuen».

Film nahiko isila da Ulysses, eta, gauza bakoitzei behar duen denbora eskainita, modu pausatuan egiten du aurrera. «Nire erritmoa ere halakoxea da», aitortu du Uwagawak. «Uste dut muntaketaren erritmoak asko islatzen duela pertsona bakoitzaren erritmoa». Hala ere, planoen iraupenak ezarri dezakeen erritmoa soilik ez, «planoen barruko erritmoa» kontuan hartzea ere inportantea izan da zuzendariarentzat. «Nire amona filmatzen deskubritu nituen gauzetako bat da hori. Ibiltzen denean, mugimendu arraro samar bat egiten du, eta ez nuen puskatu nahi berak gorputzean duen erritmo hori». Ez dio ardura inorentzat motelegia suertatzen bada. «Pelikula batek norbait logaletzeak badu zerbait magikoa; niri gustatzen zait. Beste pelikula batzuek buruko mina jartzen dute, eta hori bai dela txarra».

Donostiara heldu aurretik, Marseillan (Frantzia) erakutsi zuen Ulysses aurrenekoz, eta pozik agertu da jendaurrean erakutsi ostean jasotako erantzunekin. «Lehen aldiz izan nuen publiko bat nire pelikula bat ikusten, eta zure pelikula besteei erakustea zein esperientzia polita den jabetu naiz. Aldi berean, behin erakutsi eta gero, sentitzen dut pelikula ja ez dela gehiago nirea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.