Bizitzaz eta heriotzaz, azken hatsa ematera doanaren larritasunez eta beldurrez, zaintza aringarriez, eriaren borondateaz, entzutearen eta laguntzearen garrantziaz... Gogoeta mamitsuak eraman ditu pantailara Costa-Gavras zinemagileak Le dernier souffle filmean. Filosofo baten eta mediku baten arteko elkarrizketak daude filmaren ardatzean, eta Sail Ofizialeko lehian erakutsi du lana zinemagile beteranoak. Harrera beroa egin dio publikoak.
Fabrice Toussaint idazle eta filosofoa ospitalera joan da froga bat egitera. Augustin Masset doktorea ezagutuko du han, zaintza aringarrietan lan egiten duen medikua. Bere egunerokoan bizi izan dituen kasu ugari azalduko dizkio doktoreak idazleari, eta haietako batzuen lekuko ere izango da filosofoa. Hala, bataren esperientzien eta bestearen gogoeten artean egingo du aurrera kontakizunak. Denis Podalydesek jokatu du idazlearen rola filmean, eta Kad Meradek medikuarena. Marilyne Canto, Angela Molina eta Charlotte Rampling ere, besteak beste, aktore taldera bildu ditu zuzendariak.
Auziaren gaineko kezka aspaldikoa duela azaldu du 91 urteko zinemagileak. «Gaia pertsonalki interesatzen zitzaidalako egin dut filma. Adin batera iristen ari naiz zeinetan heriotzaren hodeiertza gero eta gertuago dudan, eta bada denbora bat galdera hori buruan dudana: Nolakoa da amaiera? Nola sentitzen da bat? Beldur eta izu artean bukatzen da dena, edo duintasunez hiltzen gara? Zer gertatuko da? Nola amaituko dugu bizitza? Gai honek kezkatzen nau».
Claude Gagner doktoreak idatzitako liburua irakurri zuen, eta interesgarria iruditu zitzaion. «Egiazko hainbat kasutan oinarritzen da, eta pentsatu nuen haiekin egin zitekeela zinema, pertsonaiak sortuz baina gertaerak traizionatu gabe. Azken batean, beste ezeren gainetik, zinema ikuskizuna da niretzat; ikuskizun horren emozioak sor ditzakegu ikusleen artean, eta emozio horiek gogoetak eragin ditzakete. Niretzat hori da zinema, eta plazer handiz ekin nion lanari».
«Ez dut heriotzaz hitz egitea maite; txikitatik beldur handia ematen digu heriotza hitzak. Nik bidaiari buruz hitz egiten dut, joateaz; hau bidaia bat da, eta noranzkoa bakoitzak duen itxaropenaren araberakoa da»
COSTA-GAVRASZine zuzendaria
Filma ontzen ari zela, gertukoek zeri buruzkoa zen galdetu eta haiei gaia aipatzen zienean, gehienek «katastrofe bat balitz bezala» begiratzen ziotela azaldu du zinemagileak. Baina gaiaz hitz egitea beharrezkoa dela uste du. «Ez dut heriotzaz hitz egitea maite; txikitatik beldur handia ematen digu heriotza hitzak. Nik bidaiari buruz hitz egiten dut, joateaz; hau bidaia bat da, eta noranzkoa bakoitzak duen itxaropenaren araberakoa da. Eta niretzat funtsezkoa zera da: duintasunez joatea, duina izatea guretzat eta hemen gelditzen direnentzat, gure atzetik izu arrasto bat ez uztea».
Egungo gizartean heriotzaz gutxi hitz egiten bada ere, ezin dela saihestu, hor dagoela gogorarazi du. «Horren aurka ezin dugu ezer egin, ez dago gure esku. Beraz, uste dut geure burua prestatu behar dugula; prestatu konbikzioz eta, agian, irribarre batekin ere bai, ezin saihestuzkoa baita. Hori da niretzat filmaren funtsa». Hain justu ere, filmean ez dira pertsonaiak hiltzen diren uneak agertzen, aurreko momentuak baizik.
Horregatik, lehenik eta behin gaiaz hitz egitearen beharra nabarmendu du, oraindik ere «tabu handi bat» dela iritzita. Eta, bestetik, berarentzat garrantzizkoena «azken momentu hori duina» izatea dela errepikatu du: «Azken momentu hori nahikoa duina izan behar da, gerora nostalgia mantendu ahal izateko bezain duina. Tristura sentitzea ezin da eragotzi, baina bereziki nostalgia sentitu behar da, maitasunaren luzapen bat baita».
Bide beretik, agintariei «ausardia» eskatu die duintasunez hiltzeko aukera horri bide emateko. «Puntu batera iritsita inork bizitzen jarraitu nahi ez badu, eta 'hil nahi dut, lagundu nazazue baldintzarik egokienetan hiltzen' esaten badu, estatuek eta politikariek ausardia izan beharko lukete horretarako leku egokiak izateko. Ez handik denbora batera zain egon ondoren injekzio bat emanez, ez, baizik eta eskatzen duenean». Haren hitzetan, «heriotza bidaia pertsonal bat da, eta baldintza onenetan egin behar da; egingarria da, gainera». Halaber, txarretsi du erlijio kristauak «sufritu beharra» dagoela zabaldu izana: «Sufritzea, minez erditzea... Baina zer behar dago horretarako? Bizitzaren alderik okerrena da hori». Edonola ere, heriotza duinerako eskubidea lortzea «denbora kontua» dela uste du.
«Bizitzari egindako kantua»
Behin gidoia idatzi zuenean, aktoreak bilatzea izan zuen hurrengo zeregina zinemagileak, eta, rol protagonistak erabakita, Rampling, Molina eta Canto joan ziren taldera batuz. «Denek segituan esan zioten baietz rol txiki horiek jokatzeari. Guztiek sinetsi dute beren pertsonaia, eta denek egin dute lan sutsuki». Filmean agertzen diren osasun langileak ez direla aktoreak zehaztu du.
Hunkituta mintzatu dira aktoreak filmaz eta Costa-Gavrasekin egindako lanaz. Ramplingen ustez, «bizitzari egindako kantu bat» ondu du zinemagileak, eta «harrapatu eta hunkitu» egin duela aitortu du: «Inork ez du tabu honi buruz hitz egin nahi, baina beharrezkoa da, eta film honek horretarako ate bat irekitzen du». Idazlearen emaztearen rola jokatu du Cantok lanean, eta bikotekideen arteko «lotura samurra eta errespetua» nabarmendu ditu berak —«Nire emaztearekin dudan bizitzan inspiratu naiz, neurri handi batean», azaldu du zuzendariak segidan—. Eta hunkituta mintzatu da Molina egokitu zaion lanaz: «Uste dut Costak pozik hiltzea bera irakatsi didala».
Zinemagile greziarrak hainbat film gogoangarri zuzendu ditu bere ibilbide luzean, hala nola Z (1969), Missing (1981) eta Music Box (1989), eta 2012an, Le capital filmarekin, Sail Ofizialeko lehian izan zen Zinemaldian. Halaber, Donostia saria eman zion jaialdiak 2019an, eta Adults in the Room haren filma erakutsi zuen ordukoan.