Cate Blanchett aurten heldu da lehenengoz Donostiako Zinemaldira, baina ez edonola: aurtengo kartel ofizialeko protagonista eta 72. aldiko Donostia saridunetako bat baita. Jaialdiaren arabera, «zinematografia garaikideko interprete garrantzitsuenetako bat da» aktore australiarra, eta haren filmografia zabala da horren erakusgarri argiena. Martin Scorsese (The Aviator), David Fincher (The Curious Case of Benjamin Button), Alejandro G. Iñarritu (Babel), Woody Allen (Blue Jasmine), Todd Field (Carol), eta beste hamaika zuzendari entzutetsurekin egin du lan, eta filmez film osatu duen bide horrek bera ere harritzen duela onartu du Donostia saria jaso aurreko prentsaurrekoan: «Egin duzun lana estimatzen dutenean, sariek sakoneko esanahi bat dute. Ez ditut arinkeriaz hartzen; harritu egiten naute, baita nik zineman ibilbide bat egin izanak ere. Antzerkia izan da nire maitasun benetakoa; han, zuzen-zuzenean gertatzen da dena; zineman, ezin da jakin zenbat begi parek ikusi duten zure lana».
«Zure lana estimatzen dutenean, sariek sakoneko esanahi bat dute. Ez ditut arinkeriaz hartzen»
CATE BLANCHETTAktorea
Ororen gainetik, aktore lanaren inguruan aritu da Blanchett (Ivanhoe, Australia, 1969): zeren arabera onartzen duen lan berri bakoitza —«senak eramaten nau, erregaia balitz bezala»—, zer arrasto utzi dioten jokatutako pertsonaia askotarikoek. «Hori modu inkontzientean gertatzen da», adierazi du. «Onartzen duzun pertsonaia bakoitza aurretik onartutakoaren antidoto moduko bat da, eta, zenbaitetan, heltzen zaizkizun lan eskaintzek ustekabean harrapatzen zaituzte, zugan ikusi dutelako zuk zerorrek ikusi ezin dezakezun zerbait».
Duela bi urte, Fielden zuzendaritzapean filmatutako Tar filma jarri du horren adibidetzat. Orkestra zuzendari baten rola jokatu zuen hartan Blanchettek, eta hura lantzea «mendi ikaragarri bat igotzea» izan zela kontatu du. «Nik ez nekien mendi hori nola igo; benetan larri nengoen. Urteen poderioz, baina, beldur hori emozio bihurtzen ikasi dut. Nahiago nuke geopolitikan ere hori gertatuko balitz».
«Onartutako pertsonaia bakoitza aurretik onartutakoaren antidoto bat da; ustekabean harrapatzen zaituzte»
CATE BLANCHETTAktorea
Galdetuta zer pertsonaia jokatzen gozatu duen gehien, antzerkira itzuli da aktorea, eta bere egin du berriki Clarice Linspector idazle brasildarrari irakurritako ideia bat: «Hark esaten du sinpleak diruditen gauzek prestakuntza handia behar dutela, eta ados nago. Soiltasunak esfortzu itzela eskatzen du».
Merkelen larruan
Saria jasotzeaz gain, Guy Maddin eta Evan eta Galen Johnson anaien zuzendaritzapean egindako Rumours filma aurkeztu du aktoreak Zinemaldian. G7koen bilera bat dauka abiapuntutzat filmak, eta Alemaniako kantzilerraren rola jokatzen du Blanchettek —Angela Merkel gogora ekartzen duen pertsonaia—. Ezusteko bideetatik garatzen den satira politiko bat da, eta aurten estreinatu den Blanchetten beste lanetako bat beste muturrean dago: Alfonso Cuaronek zuzendutako Dislaimer telesaila. Bi kasuetan, baina, pertsonaia «bigarren mailakoa» iruditu zitzaiola azaldu du aktoreak, eta gehiago interesatu zaizkiola bi proiektuek proposatzen duten «ariketa formala»: «Cuaronek zinemaren zentzu erritmikoa jendearen etxera eramateko modua bilatu du; eta Maddin eta Johnson anaiek, berriz, zinema desmuntatu eta berriz muntatu dute, antzerkitik ere zerbait baduen film batean».
2004ko Coffee & Cigarettes-en ostean, Jim Jarmuschekin lan egin du berriro Blanchettek, duela gutxi —Father, Mather, Sister, Brother deituko den filmean—, eta zinema independentearen inguruan galdetu diote horren aitzakian. Zinema jaialdiek halako filmentzat duten zeresana azpimarratu du aktoreak: «Lehen bezala gaur, Jimentzat oso da zaila film bat egitea. Akaso, filma egiteko dirua lortu bai, baina gero film horiek ez dira ikusten. Sormen ikuspegitik, ez da txarra hor sartzea, baina gero banaketa oso zaila izaten da. Horregatik, zinemaldien zeregina benetan garrantzitsua da halako filmentzat, kontzientziazio moduko bat eragiten dutelako».
Nazioarteko aktore ospetsuenetako bat izateaz gain, ekoizpenaren munduan ere aritzen da Blanchett. Dirty Films ekoiztetxearen sortzaileetako bat da, besteak beste, eta Blanchettek berak ekoitziak dira haren azken urteetako zenbait lan, hala nola Carol (2015), Apples (Christos Nikou, 2020) eta Tar (2022).
«Ez naiz damutzen»
Maiatzean, Cannesko jaialdian, Blanchett Palestinako banderaren koloreak zituen soineko batekin agertu zen alfonbra gorrian, eta espero izatekoa zen hark sortutako polemikaren inguruan ere galdetuko ziotela Donostian. Hala erantzun du: «Ezin naiz biluzik agertu. Soineko hori eraman nuen: ez naiz damutzen. Giza eskubideen urraketa asko gertatzen dira, badugu haien berri, baina ezin ditugu ukitu ere egin. Mundua oso konplikatua da, eta protestarako eskubidea oso garrantzitsua da, ikuspuntu guztiak entzun ahal izatea. Hala ere, zauri asko daude nik alfonbra gorrian zerbait jantzita edo hemen zerbaiten aldeko adierazpenak eginda konpondu ezin direnak».
Klima larrialdiaren inguruan, bestalde, aktoreak azpimarratu du zinemaren industriak «modu jasangarriago batean lan egiteko» urratsak egin beharko lituzkeela —«klima hondamendia hor dago, baina aldaketak oso mantso egiten ditugu»—; eta Carol filmean jokatutako rola gogoan —aktorearen interpretazio ikonikoenetako bat—, LGTBI komunitatearen ikusgaitasunari dagokionez «poliki baina aurrera» egin izana txalotu du. «Berdin gertatzen da inklusibitatearekin. Edozertaz ari garela ere, ez da aldaketarik egongo dena homogeneoa baldin bada».