Donostiako 72. Zinemaldia

Biltegiaren bakardadean

‘On Falling’ drama soziala aurkeztu du Laura Carreira zuzendari portugaldarrak Sail Ofizialeko lehiara. Gizarte indibidualistari eta kapitalismoari kritika egin dio bere lehen film luzean.

Laura Carreira zuzendaria —ezkerretik hasita bigarrena—, 'On Falling' filmeko aktoreekin, gaur, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Laura Carreira zuzendaria —ezkerretik hasita bigarrena—, 'On Falling' filmeko aktoreekin, gaur, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2024ko irailaren 24a
20:15
Entzun

Apaletik produktu bat hartu. Klik. Bi pauso eman, eta beste bat aukeratu. Klik. Eta beste bat. Klik. Eguneroko errepikakor eta bakarti horretan murgilduta dago Aurora. Eskoziako biltegi handi batean egiten du lan emakume portugaldarrak, baina izan zitekeen munduko beste edozein leku, eta izan zitekeen beste edozein herrialdetakoa bera. Atsedenaldietan, elkarrizketa hutsalez betetzen da jangela; eguraldiaz edo ikusi duten azken telesailaz bi hitz esaten dizkiote elkarri lankideek, edo sakelakoari lotzen diote begirada bestela. Eta antzera Aurora beste lau lagunekin partekatzen duen etxebizitzara iristen denean ere. Gizarte indibidualista eta kapitalistari kritika gordina egin dio Laura Carreira zinemagileak On Falling bere lehen lan luzean, eta Kursaaleko publikoaren txalo zaparrada eraman du aurkezpenean.

Zuzendariak azaldu du filmaren abiapuntuak bi iturri izan zituela. Alde batetik, azaldu du 18 urterekin izan zuen lehen lan esperientzia kaxkarraren oroitzapenak eragina izan zuela istorioa lantzen hasi zenean. Eta, beste alde bestetik, filmekoa bezalako biltegietako langileekin elkarrizketa ugari egin zituela. «Elkarrizketa horiek eragin handia izan zuten pelikulan, eta xehetasun asko atera nituen horietatik». Bolada batez Eskozian bizi izan zen Carreira, baina ez du apenas herrialdearen aztarnarik erakutsi pelikulan. «Garrantzitsua zen hori. Izan ere, protagonista bere etxean edo biltegian bizi da —hori da bere bigarren etxean—, eta hiriarekin duen deskonexioa agertu nahi nuen, beste munduaz aparte bizi den sentsazio hori».

Edonola ere, garrantzitsua iruditu zitzaion pertsonaiarekiko «adeitsua» izatea, sarritan halako gaiak lantzen dituzten filmak «ilunegiak» izaten direla eta inguruko pertsonaiak «errudun» ere egiten dituztela iritzita. «Kapitalismoaren indar guztia sentitu dezakezu, eta, aldi berean, zure inguruan lagundu nahi dizun jendea ere aurkituko. Baina hori ez dela nahikoa erakustea oso garrantzitsua zen niretzat. Auroraren pisukideak eta lankideak ere saiatuko dira laguntzen, baina beren bizimoduak ez die aukerarik ematen elkar ezagutzeko eta elkar zaintzeko, eta hortik sortzen dira arazoetako asko». 

Joana Santos antzezleak jokatu du protagonistaren rola filmean, eta hari jarraitzen dio kameran une oro. Isilik ematen du ia egun osoa, eta isiltasuna da nagusi filmean ere. Antzezleak azaldu du lehenik testua barneratzeko lan egin zuela, eta Eskoziara ere joan zela bolada batez bizitzera. Baina isiltasun hori ere abiapuntu garrantzitsua izan zela berarentzat pertsonaia eraikitzeko. «Eskozian nengoela hasi nintzen nire pertsonaian sakontzen. Bakarrik bizi izan nintzen apartamentu batean, Auroraren urrats berak egiten, eta isiltasun hori neureganatzen hasi nintzen, zeina oso garrantzitsua zen pertsonaia hau antzezteko». Zuzendariarekin eta beste aktoreekin egindako entseguetan, halaber, Auroraren hitz egiteko modua asko landu zutela gehitu du Santosek.

Idazketa prozesuko zalantzak

Elementu gutxirekin gai sakonak ukitzen ditu filmak. Horrek, bere lehen lan luzea izanik, gidoia idazten ari zela zalantza ugari sortu zizkiola aitortu du Carreirak. «Ez neukan modurik jakiteko gidoian zerk funtzionatuko zuen eta zerk ez; Aurora bere lana egiten ikusiko zuen jendeak, baina ez zen bere buruan egongo, eta ez genekien hainbat gai ulertuko ote ziren. Baina Joanaren interpretazioak gidoian ez zeuden gauza asko esaten ditu. Maite dut gauzak zeure kabuz deskubritzen zoazen zinema mota hori, baina oreka bat egon behar zuen».

Prekaritatea, alienazioa, zaurgarritasuna... Auzi horiek agertzen ditu filmak, baina zuzendariak gaineratu du ez zuela soilik egoera ekonomiko kaxkarrez hitz egingo zuen lan bat ondu nahi. «Ez nuen soilik erakutsi nahi zeinen txarra izan daitekeen lan bat, edo nolako zailtasunak bizi dituzten hainbatek hilabete amaierara heltzeko, zerbait existentzialagoa baizik: zein kostu duen horrela bizitzeak, horri heldu nahi nion».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.