Bigas Luna zinema zuzendariaren azken borondateetako bat izan omen zen, hil aurretik esana, Jamón, jamón filmean parte hartu zuten aktoreak eta bere senideak elkartzea, elkarrekin dasta zezaten Huelvako (Espainia) mendietan zinemagilearen lagun batek egiten duen urdaiazpikoa. Baina bilkura ez da espero zuten bezala bukatu.
Donostiako Zinemaldiaren aitzakian antolatu zuten topaketa, eta gaur ziren elkartzekoak, Maria Cristina hoteleko Ibaia aretoan. Javier Bardem eta Penelope Cruz aktoreak agertzekoak ziren ekitaldira, eta baita Bigas Lunaren alaba Betty Luna ere. Baina aktoreak «bi minutu lehenago» jabetu dira ekitaldia publikoa izango zela, eta ez «intimoa».
Bardem joan da hitzordura, baina Cruz ez. «Hau segada bat da», esanez agertu da Bardem. Hedabide mordoxka bateko ordezkariak zeuden aretoan, eta kameretan eta grabagailuetan grabatu dute Bardemen haserrea. Aktoreek, izan ere, espero zuten lagunarteko topaketa bat izango zela, eta ez hedabideen aurreko agerraldi bat.
Ekitaldia antolatu duenari, hau da, Dehesa Maladua enpresako ordezkari Eduardo Donatori aurpegiratu dio halakorik hitzartu ez izana; gaineratu du ez zutela hedabideen aurrean agertzeko asmorik, eta Bigas Lunari eta haren senideei «errespetua erakusteagatik» azaldu dela, baina hegazkin bat hartu beharrean zirela, eta joan egin behar zutela; hala, «egin beharrekoa egin» eta lehenbailehen joan da. Betty Lunarekin argazkia egin, eta ospa egin du Bardemek.
«Hau errespetu falta bat da, bai jendearentzat eta bai omentzen ari garen horrentzat», esan dio Bardemek enpresako ordezkariari. «Espero genuen ekitaldi intimo bat izango zela benetan. Hala esan genuen».