Oholtzara igotzea eta dantzatzea du maiteen. Dirdira egiten duten jantziak, makillajea, fokuak, dekoratuak. Hiru hamarkadaz, Las Vegasen ikuskizun bera egiten aritu da Shelly (Pamela Anderson). Azken showgirl-etako bat da, baina zaharkituta geratu da showa, eta adinean gora egin du berak ere. Bat-batean, ikuskizuna bertan behera utziko dutela esango diote, eta, argiak itzaltzean, bere bizitzarekin zer egin erabaki beharko du 57 urteko emakumeak. Baita bere alabarekiko harremana nola berreskuratu ere. Pamela Anderson aktorea protagonistaren rolean jarri du Gia Coppola zinemagile estatubatuarrak The Last Showgirl filmean, eta publikoaren txalo zaparrada luzea jaso dute biek Kursaalean, Sail Ofizialean lehian parte hartu duten filmen azkenaren emanaldian.
Ondotik, biek egindako agerraldian, Coppolak azaldu du betidanik nahi izan zuela Las Vegasen filmatu, eta hirian egiten zen ikuskizun bat bertan behera geratuko zela jakin zuenean, interesa piztu ziola horrek. «Dagoeneko jendeari askorik interesatzen ez zaion arte mota bat da, eta ni ere ez nengoen jabetua ekoizpen diseinuaren eta jantzien mailaz. Gainera, showgirl-ak sinbolo moduko bat dira Las Vegasen, eta jada ez da ia halakorik geratzen. Beraz, modu askotara sinbolikoa iruditu zitzaidan».
Zuzendariaren hitzetan, «amets amerikarraren metafora bat da» filma, «dena ez baita urre; jende askok dauka bizimodu hori». Halaber, iritzi dio artistentzat zaila dela amets baten bila abiatzea, bereziki emakumeen kasuan, eta asmo hori bertan behera noiz utzi erabakitzea ere bai, «errealitatearekin talka ere hor dagoelako eta beti ezin baita bizimodua horrela aurrera atera».
Protagonistaren rola Andersonek baino ezin zuela jokatu iruditu zitzaion zuzendariari. «Zerbaitek erakartzen ninduen harengandik, eta haren dokumentala ikusi nuenean, ziur jakin nuen berak interpretatu behar zuela Shelly». Hunkituta mintzatu da aktorea izandako harreraz eta filmean parte hartzeaz, zineman aritzea «dagoeneko ezinezkoa» izango zuela uste zuelako. «Sarritan izan ditut zalantzak neure buruarekin, eta besteek ere bai. Baina sekula ez da beranduegi. Nik ez nuen sekula pentsatuko halako aukera bat izango nuenik», azaldu du Andersonek.
Paralelismoak
Aktoreak adierazi du bere pertsonaia «oso gertukoa» sentitu zuela, eta bere bizitzako esperientziak baliatu zituela hura lantzeko, paralelismo ugari ikusi zituelako. «Nire ibilbidearen parte handi bat nire itxura fisikoaren menpe egon da, eta hori izan da neure buruarekin esperimentu hau egiteko arrazoietako bat. Geruzak kendu ditut, nor naizen gogoratu, uko egin diot besteek ni definitzeari, eta lanbide honetan aritzeko bizipozari eutsi diot».
Aurrez hainbat film labur eta bideoklip sinatu ditu Coppolak, baita bi film luze ere: Palo Alto (2013) eta Mainstream (2020). The Seven Faces of Jane film kolektiboan ere zuzendari gisa parte hartu zuen 2022an. Haren lan berria da Sail Ofizialeko lehiaren barruan proiektatu duten azkena. Bihar, lehiaz kanpo, John Crowleyren We Live In Time emango dute.