Ane Gabarain aktoreak Gure Zinema saria jaso du gaur goizean Kursaalean egindako ekitaldi batean, eta bertan zinemagintzako «langile guztiei» eskaini die saria. Hain zuzen ere, ikus-entzunezkoen industria osatzen duten lanbide guztiak banan-banan zerrendatu ditu aktoreak: «Hau talde lana da, nahiz eta batzuk soilik agertu pantaila aurrean».
Duela bi urte sortu zen Gure Zinema plataforma, hark ematen du izen bereko saria, eta iaz eman zuten aurrenekoz. Alauda Ruiz de Azua gidoilari eta zuzendariak jaso zuen ordukoan, eta Gabarain hautatu dute aurten. «Arrakastaz beteriko ibilbideagatik eta euskal kulturari, eta zehazki, ikus-entzunezkoen munduari egindako ekarpen handiagatik».
Elena Iruretaren eskutik
Hainbat eragile biltzen ditu saria eman duen plataformak, eta Ibaia eta Apika ekoizleen elkarteak eta EZAE zinema aretoen elkartea daude tartean, esaterako. Gabarain hunkitu egin da saria jasotzean, eta aitortu du ilusio berezia egin diola bere lankideek ematea. Gainera, zinemaren industria gero eta indartsuagoa dela azpimarratu du, eta zinemaren etorkizuna goretsiz amaitu du hizketaldia.
Elena Irureta lankide eta lagunak eman dio saria, eta Gabarainekiko maitasuna eta miresmena ere adierazi ditu. «Zuk denerako balio duzu», mintzatu zaio Irureta lagunari; «oso harro nago zutaz, eta hain ondo pasatzen dugu elkarrekin lan egiten dugunean...». Hain zuzen ere, Irureta aste honetan protagonista izan da Zinemaldian, hark ere sari bat jaso baitzuen asteartean, Zinemira saria.