Distira bereziarekin heldu da Pedro Almodovar aurten Donostiako Zinemaldira. Hilabete hasieran aurkeztu zuen La habitación de al lado bere film berriena Venezian, eta jaialdiko sari nagusia eskuratu zuen harekin, Urrezko Lehoia. Baina, hura aurkeztera ez ezik, Donostia sarietako bat jasotzera ere heldu da aurten zinemagile espainiarra, eta oso hiztun eta «emozio zurrunbilo baten erdian» agertu da hura jaso baino ordu gutxi lehenago prentsaren aurrean. «Atzo, hotelera heldu nintzenean, pentsatu nuen duela 44 urte lehen aldiz etorri nintzenetik izugarri aldatu dela mundua eta izugarri nire bizitza, eta, hala ere, hiri honek emozio sakonak pizten ditu oraindik nigan».
Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón (1980) pelikularekin izan zen aurrenekoz Zinemaldian Almodovar, eta, hasierako garaiak eta egungoak alderatzen jarrita, hainbeste maite izan duen gaueko bizitza nabarmendu du lehen gauza. «Atzo, gaueko hamabietan hoteleko nire logelan nengoen; duela urte batzuk, hori ezinezkoa izango zen: goizeko zortzietan hondartzan harrapatuko ninduten».
Lehen bezala orain, ordea, zinema egiteko «eszitazio egoeran» egon behar duela esan du zuzendariak —«ez dut baretasun sentsazioa ezagutzen»—, eta zorioneko sentitzen dela aitortu du, izan zezakeen talentuari ez diolako inoiz jaramonik egin, eta bai, aldiz, zinema egiteko izan duen gogo biziari: «Nire lekua ez zen onena zinemagilea izateko; ez neukan lagunik, ez neukan sosik, baina baneukan bokazio argi bat, ni neu baino indartsuagoa dena. Ibilbide bat osatu ahal izan dut, pelikula hobeagoekin eta txarragoekin, baina den-denak dira nireak, eta hori esan ahal izatea pribilegio bat da; zinemagile guztiek, zoritxarrez, ezin dute esan hori».
«Nire lekua ez zen onena zinemagilea izateko; ez neukan lagunik, ez neukan sosik, baina baneukan bokazio argi bat, ni neu baino indartsuagoa dena»
PEDRO ALMODOVARZinemagilea
Aitortu du, halaber, bere pelikulek eboluzio bat izan dutela, bai gaietan eta bai formalki, eta esan du 1990eko hamarkadak mugarri bat jarri zuela bere ibilbidean. «Aukeratu egin behar izan nuen: emozio indartsuak edo ordu asko bakarrik etxean sartuta egotea eskatzen duen lan diziplina bat; idazten jarraitu behar nuela erabaki nuen. Hasieran, emozio indartsuei uko egiteak zerbait antinaturala izan behar duela dirudi, baina gerora joan naiz jabetzen zenbait errutinatan ere badirela emozioak, eta horiei buruz hitz egiten dute nire azken pelikulek. Ez dira hasieran bezain barrokoak».
Azken filmean, zehazki, adiskidetasunaz eta norbere heriotzari buruz erabakitzeko eskubideaz hitz egin du, eta Tilda Swintonek (Martha) eta Julianne Moorek (Ingrid) jokatu dituzte protagonisten rolak. Almodovarren ingelesezko lehen filma da.
Andre bat eta mundu bat, biak hilzorian
Marthak eta Ingridek gaztetan ezagutu zuten elkar, aldizkari batean. Gerra kazetaritzatik jo zuen lehenak gero, eta literaturaren bidetik bigarrenak, eta, urteak elkar ikusi gabe egon ostean, topo egin dute berriro. Marthak, baina, sendatu ezin den minbizi bat dauka, eta hiltzen laguntzeko eskatuko dio Ingridi. «Azkenetan dagoen mundu batean azkenetan dagoen emakume bati buruzko pelikula bat da», azpimarratu du zuzendariak, eta filmean ardatz gisa ikusten duen keinua —«besoak irekitzea eta behar duenari laguntzea»— beste eremu batzuetara eramateko beharraz aritu da, hala nola immigrazioaren eta klima larrialdiaren gaineko eztabaidetara.
«Zinema elikagai-iturri modura ikusten du [Almodovarrek]. Amateur gisa izendatuko nuke nik, eta publikoak antzeman egiten duen presentzia bat ekartzen du horrek»
TILDA SWINTONAktorea
«Ultraeskuina eta neoliberalismo basatiena eskutik baldin badoaz —eta hala doaz—, gu guztion kalterako diren erabakiak hartuko dituzte», ohartarazi du. Egoera global horren inguruko kezka agerian, pelikulan landu nahi izan duen «enpatia» defendatu du. «Jakin dut heriotzaren inguruko pelikula asko daudela aurten Zinemaldian. Atzo, Costa Gavrasekin aritu nintzen komentatzen heriotza duin bat defendatzeak nola egiten duen talka erlijio guztiekin, eta badakigu Espainiako ultraeskuina behintzat zein ultrakatolikoa den. Norbera da bere bizitzaren jabe bakarra, eta hala izan behar du bere heriotzarena ere».
Amateurraren bandera
Pelikulan parte hartu duten hainbat aktorek lagundu dute zuzendaria agerraldian, eta tartean egon da Swinton ere —hark banatuko dio Donostia saria—. Bigarrenez aritu da Almodovarren pelikula batean aktorea, eta pasioz hitz egin du haren lan egiteko moduaren inguruan. «Gaztetasuna» goraipatu dio: «Harekin aritu naizen bi aldietan zinemagile hasiberri bat bezala sentitu dut lanean. Zinema elikagai-iturri modura ikusten du, eta ez da profesional bat. Amateur gisa izendatuko nuke nik; nik neuk ere eraman nahi dudan bandera bat da amateurrarena, eta publikoak antzeman egiten duen presentzia bat ekartzen du horrek».
Almodovarrek, berriz, «abenturaren ideia» nabarmendu du. «Pelikula baten esentzia abentura da, ziurgabetasuna. Nik ez dut inoiz izan egiten ari nintzen pelikula egiten jakitearen sentsazioa. Abentura berri bat hasten dudala sentitzen dut aldiro; ez da erretorika».
Garaian garaikoarekin lotuta segitzeko bere modua bat-batekotasunari eusten saiatzea dela ere esan du zuzendariak: «Beti saiatu naiz ahalik eta espontaneoena izaten. Zuzentasun politikoa indarrean dagoen mundu batean, sinpleki, espontaneoki jokatzen eta pentsatzen duzun hori esaten. Eta norbait iraindua sentitzen bada, ba, norbait iraindua sentitu da. Baina egin daitekeen onena hori da, norbera izaten saiatzea».