Aitor Oñederra. Animadebako zuzendaria

«Zinemaldia izan ordez animazio festibala izateko bidean gara»

Zuzendariak adierazi du jaialdia «trantsizio» egoeran dagoela gaur egun. Zinemaldiaren mugak zabaldu nahi dituzte, animazioarekin lotura izan dezaketen beste gai batzuei ere lekua egiteko: bideojokoei, esaterako.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
aitor biain
2023ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Hamaseigarrenez egingo dute aurten animaziozko filmen Animadeba jaialdia. Atzo egin zuten estreinako saioa, Donostiako San Telmo museoan, baina gaur emango diote hasiera ofizialki zinemaldiari Deban (Gipuzkoa). Bertan ikusi ahalko diren 80 film labur nahiz luzeen maila azpimarratu du Aitor Oñederra jaialdiaren zuzendariak (Deba, 1983).

Jaialdia Debatik kanpora atera duzue aurten; Donostian egin duzue lehen saioa, San Telmo museoan. Jaialdia handitzen ari den seinale da hori?

Duela bi urte hasi ginen San Telmo museoarekin kolaboratzen, eta orduz gero elkarrekin ari gara lan egiten: prentsaurrekoak han egiten ditugu, esaterako, eta iaz Euskal Herriko animazioaren 50. urteurrena ere ospatu genuen saio batekin. Aurten erabaki dugu Zuzendari Berriak EHU sailarekin hastea jaialdia, eta museoan egitea lehen saioa. Kolaborazio horrek aukera ematen digu leiho bat zabaltzeko Euskal Herrira; oihartzun handiagoa ematen dio jaialdiari, eta kokatu ere egiten gaitu.

Pandemia ostean nazioarteko zinemagile gehiago erakartzea jarri zenuten helburu gisa. Lortu duzue?

Ari gara, bai. Aurten, sail nagusian nazioarteko bost zinemagile izango ditugu, eta Bukaresteko Animest nazioarteko zinemaldiko antolatzaileak ere gonbidatu ditugu; Ligia Soare programatzailea etorriko da. Bestalde, izar handi bat ere izango dugu: Signe Baumane. Bera izango da aurtengo ohorezko gonbidatua. Bi egunez baizik ez da egongo, Torontora joan behar baitu bere film berria aurkeztera. Hala ere, Animadebaren historian inoiz izan dugun gonbidaturik garrantzitsuena da.

Garrantzitsua da halako egile entzutetsuak jaialdira erakartzea?

Bai, oso garrantzitsua da. Horrek ematen digu oihartzuna. Gero eta zailago egiten zaigu film luzeen estreinaldiak ekartzea, Donostiako Zinemaldiarekin eta Sitgesekin batera egiten baita gurea. Nazioarteko adituak gonbidatzea, beraz, ikusleak jaialdira erakartzeko beste modu bat da guretzat.

Orotara 80 film baino gehiago ikusi ahalko dira. Zer balorazio egiten diozu aukeraketari?

Uste dut oso aukeraketa ona egin dugula. Debako hamabost herritarrek osatzen dute hautatzaile batzordea; ez dute loturarik artearen munduarekin, baina gustatzen zaie. Urtero aldatuz joaten dira, gainera. Eta uste dut emaitza oso-oso ona izan dela. Teknika ezberdinez egindako filmak izango ditugu, eta sail guztietan oreka bat lortu dugu animazio industrialaren eta independentearen artean.

Lehian egongo direnez gain, bestelako filmak ere izango dira ikusgai: laburrak, luzeak...

Lehiatuko direnak 22 film labur izango dira: hamar Sail Nagusian, eta hamabi Zuzendari Berriak sailean. Baina, horiez gain, Panorama saila ere badago. Beste jaialdi batzuetan sarituak izan diren filmak ikusi ahalko dira bertan. Konturatu gara antzeko gaiak dituztela denek; beraz, erabaki dugu gau tematiko bat sortzea, berrikuntza gisara: Creepy Night [Beldurrezko gaua] deitu diogu. Izan ere, iruditu zitzaigun saila baztertuta geratu ohi zela urtero, jende gutxi erakartzen zuela. Eta bertan ikus daitezkeen filmak oso onak dira. Beraz, buelta bat eman diogu, eta kontzertu bana sartu dugu filmen emanaldien artean. Festa bat sortu nahi dugu ostiral gauean, jendea horiek ikustera ere animatu dadin eta ez soilik lehian daudenak.

Aldaketa betikotu egingo duzue, beraz?

Sailak jarraituko du Panorama izenarekin, baina uste dut hemendik aurrera horrela egingo dugula: zerbait tematikoa sortzen saiatuko gara. Aurkezten diren filmen arabera aukeratuko dugu gaia. Baina uste dut bide ona dela gai bat topatzearena. Ikusiko dugu nola funtzionatzen duen.

Kasu Azterketak izeneko saila estreinatu zuen iaz, eta aurten ere heldu diozue horri.

Kasu Azterketak saila aurten ez da lehiaketa izango oraindik, baina asmoa da hurrengo urtetik aurrera lehiazko bihurtzea. Proiektuen aurkezpenak egin eta finantzaketa lortzeko egileen artean lehia bat egotea da gure asmoa. Halere, aurten aldaketa bat izango du sailak: atal bat izango du bideojokoen ingurukoa. Izan ere, trantsizio puntu batean gaude Animadeban: zinemaldia izan ordez animazio festibala izateko bidean gara.

Zer esan nahi du horrek?

Ez dela bakarrik zinema jaialdi bat izango: beste jarduera batzuk ere izango ditugu. Zinemaldia izate hutsak ate batzuk ixten dizkigu, finantzaketa lortzeko orduan-eta, eta hori gainditzeko modu bat da. Lehen ere izan ditugu tailerrak, adituekin ikastaroak, baina ikusgarritasun txikiagoa izan dute beti. Orain sail bat sortuko dugu horientzat. Laguntzak eskuratzeko, kolaborazioak lortzeko, erraztasunak emango dizkigula uste dugu; ate berriak irekiko dizkigu, eta ez bakarrik zinema industriarenak.

Zergatik bideojokoak?

Teknologia berriak, bideojokoak, adimen artifiziala, errealitate areagotua... Gai horiek beti landu ditugu Animadeban. Zeharo lotuta daude animazioarekin. Euskal Herrian hazten ari den sektore bat da, eta oso espazio gutxi eskaintzan zaiela uste dugu. Gainera, ikusi dugu interesa badagoela zinemaren industrian; hemen ere badaude zinearen eta bideojokoen sorkuntzari lotutako eskolak. Horregatik egin nahi izan diogu lekua. Leiho txiki bat izango da gurea, baina onuragarria izango da bi aldeentzat. Asmoa da gaiaren inguruan tailerrak antolatzea. Animadeba Lab sortu dugu horretarako. Adituak etorriko dira animazioarekin lotura duten punta-puntako softwareak zeintzuk diren erakustera.

Informazio gehiagonahi izanez gero,jo webgune honetara:

www.animadeba.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.