'Zinemaldia 1953-2022' liburua argitaratu dute Nosferatu bilduman

Zinemaldiaren berezitasunei buruzko 30 artikulu jaso dituzte, Quim Casasen koordinaziopean

Joxean Fernandez, Quim Casas, Josemi Beltran eta Maialen Beloki, liburuaren aurkezpenean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiak 70 urte beteko dituela eta, jaialdian izandako filmez bete dira aurten Tabakalerako zinema pantailak, eta urteurreneko ekintzen barruan aurkeztu zuten atzo han bertan Nosferatu bildumako liburu berria, hemezortzigarrena: Zinemaldia 1953-2022. Singularidades del Festival de Donostia / San Sebastián (Donostiako Zinemaldiaren berezitasunak). Quim Casas koordinatzaileak azaldu duenez, lanaren helburua ez da jaialdiaren historia kontatzea, ezta haren bilakaera aztertzea ere; atalka hausnartu dute jaialdiaz, «mugarrika», haren berezitasunak nabarmentzeko asmoz.

Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak eta Zinemaldiak aurkeztu dute liburua. Maialen Beloki Zinemaldiko zuzendariordearen ustez, urteurrena jaialdiak bizi duen garaiaren isla da, beste eragile batzuekin ari direlako lanean une oro: «2021ean Urte Osoko Zinemaldiarekin hasitako bidearen berrespen bat da».

Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak adierazi duenez, «Zinemaldiaren iraganari eta orainari galderak egin behar zaizkio, jakiteko zergatik den hain garrantzitsua; etorkizuna pentsatzeko modu bat da». Liburuan ariketa «serioa eta sakona» egin dutela uste du.

Zinemaldia 1953-2022 liburuak hiru atal nagusi ditu: Ibilbideak, Aurkikuntzak eta Urrezko Maskorrak. Lehenengoan, jaialdiaren alde aipagarri batzuk nabarmendu dituzte, filmen hautaketei eta ildo estrategikoei dagozkienak. «Zinemaldian lanean hasi nintzenean, gauza batek harritu ninduen: ez zegoen hain agerian Tsai Ming-liang, Nicolas Winding Refn eta Olivier Assayasen gisako zinemagileek euren lehen filmak aurkeztu zituztela Zuzendari Berriak sailean; gerora erreferente bilakatu diren horiek», kontatu du Casasek. Ikasleen lanak biltzen dituen Nest sailarekin lotuta, haren ustez, jaialdiak zinemagile berriekin duen harremana da bere ezaugarri nagusietako bat, eta ez soilik bi sail horiengatik, baita Sail Ofizialean opera prima-k sartzeko ohituragatik ere; besteak beste, orain bi urte Urrezko Maskorra irabazi zuen Beginning filma.

Bazterrekoak argitara

Lehen atal horretan Zinemaldiak euskal zinemarekin duen harremanaz, Zinema Eraikitzen atalaz eta Latinoamerikako zinemekin duen «etengabeko elkarrizketaz» idatzi dute, baita dokumentalei buruz ere. «En construcción filmaren garaian, aitzindaria zen ez-fikziozko film batek fikziozkoekin batera parte hartzea Sail Ofizialean, bereizketarik gabe», esan du Casasek.

Atzera begirakoak dira bigarren ataleko gai nagusiak. «Gogoan dut ikusle nintzeneko atzera begirako bat, 1995ekoa, Mikio Naruseri eskainia. Urte hartako mugarri handietako bat izan zen. Atzerriko prentsa etorri zen filmak ikustera, ordura arte Naruse ez baitzen existitzen». Zinemaldiak «historiografiak bazterrean utzitako lanak» argitara ateratzeko egin duen lana nabarmendu nahi izan dute zati horretan. Naruseri buruz ez ezik, Dorothy Arzner eta Muriel Boxi zinemagileei buruz ere idatzi dute, baita AEBetako New Black Cinema mugimenduari buruz ere.

Azkenik, Urrezko Maskorra irabazi duten hogei film aukeratu, eta horietako bakoitzari buruzko testu bat idatzi dute. Testuen egileak Zinemaldiaren taldeko kideak eta Donostiako, Bartzelonako eta Madrilgo kritikariak dira, batez ere.

Urte amaieran, Nosferatu bildumak Donostiako Zinemaldiari buruzko beste liburu bat argitaratuko du, euskaraz, Katixa Agirrek idatzia. Horrek gehiago izango du «sormenetik», Harkaitz Canok iaz argitaratu zuen Kandelikara liburuaren antzera, Josemi Beltran Donostia Kulturako zinema arloko arduradunak azaldu duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.