Zinemako klixeak iraultzeko eleberria

Telesail baten gidoitik sortu du Mikel Alvarez Sarriegik 'Euskalia' bere lehen nobela. Zientzia fikzioa eta komedia nahasten dituen liburu horrek Augustin Zubikarai saria irabazi zuen duela urtebete

Mikel Alvarez Sarriegi, Euskalia liburuaren aurkezpenean, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
iraia vieira gil
2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun
«Intrusismoak bultzatu ninduenEuskalia idaztera», azaldu du Mikel Alvarez Sarriegi (Beasain, Gipuzkoa, 1982) zinemagile, gidoilari eta idazleak. Atzo aurkeztu zuen bere lehen eleberri hori Donostian, eta sorkuntzaren inguruko zalantzak argitu zituen bertan. «Telesail bat izateko jaio zen kontakizuna, baina frustrazioak paperera pasatzera behartu ninduen». Hamaika saiakera egin zituen istorioa bere ikus-entzunezko ibilbidearen parte izan zedin, baina zorterik ez zuen izan. «Idatzitakoa ez zen inora heltzen, eta nik ez nuen kaxoi batean gordeta geratzerik nahi».

Euskaldunen eskuetan dagoen 23. mendeko unibertsoan girotuta dago, zehazki, Sarriegiren nobela. Gerrak ez ezik, prestigioak ere eman die euskal biztanleei boterea eskuratzeko aukera, eta biztanleen zoriontasun eta ongizate maila inoiz baino handiagoa da haiei esker. Garai bateko espainiar kultura berreskuratu nahi dutenek, berriz, prestatuta daukate iraultza zapuzteko estrategia. Ildo horretatik abiatuz, hizkuntza minoritarioen auzia ekartzen du eleberriak gogora; autoreak berak aitortu duenez, galdera jakin batetik otu zitzaion istorioaren haria izan zitekeena. «Gure hizkuntza hegemonikoa izango balitz, nola jokatuko genuke?».

Herri irudikeria elikatuz

Gogoetarako bidea irekitzen duen liburua bada ere, gaiaren inguruko ondoriorik ez du ematen. Horrela uste du, behintzat, Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak. «Ez du txaparik botatzen, ez du hausnarketarik egiten, baina irakurleari pentsarazi egiten dio». Alvarezengan ikus-entzunezkoek izan duten eragina da horren arrazoi nagusia. Izan ere, eta autorearen arabera, «gidoigintzak ez dituen beste kode batzuei jarraitzen die literaturak». Hori izan da, hain zuzen, pertsonaien alde psikologikoa sakonki lantzeko eta horien barne pentsamenduak nahi bezala azalarazteko aukera eman diona.

Pertsonaia gehienek, gainera, esanahi propioa daukate. «Publikoak bereziki gustuko izan du Igone». Alvarezek genero ikuspegitik idatzi nahi izan du bere eleberria, eta, maskulinitatearen «desegituraketan» aurrera egiteko, emakumea den pertsonaia berezia sortu du. «Pertsonaia muturrekoa da oso, bai izaera aldetik eta bai itxura aldetik». Lodi irudikatu du idazleak, lodi eta boteretsu; herri irudikeria iraultzeko helburuz. «Ni ere lodia naiz, eta jende lodiz inguraturik nago», azaldu du. «Pertsonaia lodi bati buelta eman nahi nion».

Pertsonaien sinbologia, baina, ez da liburuko bakarra. Euskal Herriko lurralde guztiek garrantzi berezia hartzen dute kontakizunean: «Hegoaldean zentratzen gara gehienetan, baina Hegoaldearen zentratze horretan gipuzkozentrismo nahikoa ere badago». Hala, lurralde guztien barrena bidaiatzen duen istorioa da Euskalia; Iruñea, Sara (Lapurdi) eta Añana (Araba) dira horren kokalekuetako batzuk. Arrazoi nagusia? «Oso garrantzitsua da gure herri irudikeria elikatzea».

«Gure kondairak guk erabili behar ditugu», aldarria egin du idazleak, eta kanpoko eragina alde batera uzteko proposamena ere bota du. «Espainiara eta Frantziara begira egiten ditugu askotan gauzak, eta gure historia kanpokoek kontatzen dute azkenean». Zientzia fikzioari dagokionez, bereziki, hurrengo hausnarketa hau egin du: «Zergatik aparkatu behar dute beti Central Parken estralurtarrek?».

Hala ere, uste du eleberria ez dela zientzia fikzio hutsezkoa, eta genero horretako irakurleek hori bera iritzi diotela onartu du. «Genero desberdinetako nahasketa da». Abentura, komedia eta nobela beltzeko ezaugarriak ere baditu. «Marko irekiak dira, niretzat, generoak». Autorearengan eragina izan duten filmak kontuan hartuta —Matrix, Terminator eta Prometeus aipatu ditu, esaterako—, «Euskal Herrian berria den zerbait» sortu du Alvarezek, Mendigurenen ustetan.

Klixeak apurtzea izan da, hain zuzen, eleberriaren beste helburuetako bat. Horretarako, gustuko dituen pelikuletan agertzen diren bikoteen irudia irauli nahi izan du idazleak. «Askotan, film bat jarri eta badakigu bikotearekin zer gertatuko den». Ez zuen halakorik nahi bere nobelan. «Tranpak jarri nahi nizkion irakurleari. Zerbait gertatuko dela irudi, baina gero kontrakoa jazotzen da».

Aurrekontuak, gora

Eneritz Basurko Ondarroako Udaleko ordezkariak pozez hartu du Alvarezek egin duen lana, eta duela urtebete irabazi zuen Augustin Zubikarai beka horrelako proiektuak bultzatzeko «laguntza txiki bat» dela adierazi du. Alvarezek eta Mendigurenek, beren aldetik, jaso duten laguntza hori eskertu dute, «kontuan hartuta, gainera, erakunde asko kulturarako aurrekontua murrizten ari direla». Ondarroako Udalak, berriz, Augustin Zubikarai sariarenaurrekontua handitzea erabaki du.«Guretzat garrantzitsua den zerbait da», esan du Basurkok.

Aurtengo Zubikarai sariaren irabazlea Patxi Zubizarreta izan da Gau otsoa eleberri proiektuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.