Zinemak erakusgela hartu du

Jia Zhang-kek, Dea Kulumbegaxvilik, Isaki Lacuestak eta Lemohang Jeremiah Mosesek ikus-entzunezko instalazio bana jarri dute Tabakaleran, 'Vive le cinéma!' erakusketan

Maialen Beloki, Clara Montero, Dea Kulumbegaxvili, Isaki Lacuesta eta Lemohang Jeremiah Mosese, Donostiako Tabakalera kulturgunean. GORKA RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2022ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
«Lau zinemagile gonbidatu ditugu, zinema aretotik atera eta erakusgela hartzera». Tabakalerako kultur zuzendari Clara Monterok horrela azaldu du zer den Vive le cinéma! erakusketa: Jia Zhang-ke, Dea Kulumbegaxvili, Isaki Lacuesta eta Lemohang Jeremiah Mosese zuzendarien ikus-entzunezko lanak, ezohiko pantailetan. «Esperientzia sentsorial bat». Donostiako Tabakalerak eta Amsterdamgo Eye Filmmuseumek ekoitzi dute, Donostiako Zinemaldiaren laguntzarekin, eta 2023ko urtarrilaren 8ra arte egongo da zabalik.

Jiaren eta Moseseren lanak Amsterdamen erakutsi zituzten lehenago, baina Kulumbegaxvilik eta Lacuestak propio sortu dituzte berenak Tabakalerako erakusketarako. Zinemaldiarekin harreman estua dute biek: Kulumbegaxviliren Dasatskisi / Beginning jaialdian inoiz sari gehien lortu duen filma da, eta Lacuestak bi Urrezko Maskor irabazi ditu (Los pasos dobles, 2011; Entre dos aguas, 2018).

Itxura batean, lau instalazioek ez dute lotura garbirik elkarren artean. Begiradak biltzen ditu, Monteroren hitzetan; zinemagileen eta ikusleen begiradak. «Intimitateari eta giza kondizioari buruzkoak dira, ikuspegi kritiko, iradokitzaile eta aztoragarri batetik eginak. Esperimentatu egiten dute teknologiarekin, espazioarekin eta irudiarekin. Alde batera utzi dute ohiko narratiba, eta gertuago daude arte garaikidearen hizkuntzatik».

Monterorekin eta Zinemaldiko zuzendariorde Maialen Belokirekin batera, Kulumbegaxvili georgiarra, Lacuesta katalana eta Mosese lesothoarra Donostian izan dira erakusketa aurkezten; Jia txinatarrak ez du etortzerik izan, eta bideo baten bidez eman du bere instalazioaren berri.

Bost proiekziok osatzen dute Jiaren Close-Up lana (Lehen planoa). Lautan, hiri bateko trafikoaren irudiak ageri dira, zaintza kamerek hartuak; erdiko pantailan, berriz, gizon bat, lehen planoan. «Gaur egun, hiriak kameraz josita daude; horiek dira irudi sortzailerik handienak. Zabor irudiak dira, ordea. Norbanakoak ez du ez izaerarik, ez baliorik», azaldu du Jiak. Haren lanak erakusten du zinemagilea gai dela bere begiradaren bitartez pertsonengana iristeko eta galderak sorrarazteko: «Nor da gizon hori? Nora doa?».

Kulumbegaxvilik Tabakaleran egindako egonaldi batean sortu zuen Captives lana (Gatibu). Gortina beltz baten atzeko korridore iluna igarota, pantailan ageri den pertsonaiaren espazio intimoan sartzera gonbidatu du ikuslea. Zorua zapaltzean sortzen den soinuak giroa nahasten du; Nicolas Jaarrek lagundu dio. «Espazio fisikoan dagoen ikuslearen eta pantailaren beste aldeko presentziaren arteko begiratze ekintza aztertzen du obrak», kontatu du egileak.

Urdaitegian txanda hartzeko erabiltzen den makina horietako bat dago Lacuestaren Prohibimos en España instalazioaren ondoan (Debekatzen dugu Espainian). Ikusleek banaka sartu behar dute barrura. Lauki bat da, gelaren erdian: lau paretak ispiluak dira kanpotik, eta pantailak barrutik. Horietako batean, Espainian 1977az geroztik debekatu edo zentsuratu diren ideiak eta irudiak erakusten dira: «Ikusteko zer debekatzen dugun, zergatik, eta zer ondorio duen horrek», Lacuestaren hitzetan.

Irudiek ihes egiten diote ikusleari. Benetan, gainera: sentsore batzuek haren begirada atzematen dute, eta proiekzioa aldatu egiten da beste pantaila batera. «Ikusteko, sistema engainatu behar da, eta, beraz, erantzukide egin». Instalazioak badu soinuzko zati bat ere: «Abestuko duzu Espainian kanta ezin daitekeen zerbait?», galderari erantzun diote 26 musikarik; tartean, Fermin Muguruzak, La Basuk, Albert Plak eta Nacho Vegasek.

Bideosaiakera bana

Moseseren Bodies of Negroes. I Will Sculpture God, Grim and Benevolent instalazioa ondoko aretoan dago (Negroen gorputzak. Jainkoa zizelkatuko dut, goibel eta onbera). Sei proiekziok inguratzen dute gela, eta beste bat dago erdian, lurrean. Egileak alaba batzuk filmatu ditu hiltzear duten ama zaintzen. Haren gorputza garbitzen dute: «Pentsa liteke alabek amaren gorputza bizitzaz busti nahi dutela».

Gorputz guztiekin gorputz bat sortzea eta denbora guztiekin denbora bat sortzea, horra Moseseren asmo nagusia. «Iragana, oraina eta geroa batera existitzen dira, eta denbora gizakiaz gaindi ere existitzen da».

Sarreran, bideosaiakera bana jarri dute lau zinemagileetako bakoitzaren obrari buruz. Irati Gorostidik eta Maider Oleagaksortu dituzte Kulumbegaxviliri eta Lacuestari buruzkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.