Harreman baten akaberaren airea izan du Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren azken agerraldiak. Ezinbestean, nolabait. Festibalaren XIX. aldia ate joka da dagoeneko —otsailaren 24an hasiko da—, eta, hain zuzen, edizio honetakoa da Manuel Asin gaur egungo zuzendari artistikoaren ardurapean antolatuko den azken programazioa. 2021eko ekainetik du kargu hori Asinek, eta, ordutik ezarria zenez, aurtengo jaialdia bukatzearekin batera esanen dio agur. Haren hitzek bereziki izan dute despedida kutsua, baina anbizioa ere helarazi dute, nabarmen. Azaleratu duenez, zinema dokumentalak ematen dituen «aukera mugagabeak» bistaratu nahi izan ditu urteotan, eta horretarako gogoz zuzendu du edizio hau ere. «Eta zinema txikiaren alde; bitartekoetan apala baina publikoarekin zintzoa den zinemaren alde».
Aurten ere tantaka eman dituzte jaialdiaren egitarauari loturiko xehetasunak, baina, hasteko astebete falta delarik, dagoeneko badago aurtengo Ikuspuntu zenbait zifraren bitartez trazatzea: otsailaren 24tik martxoaren 1era bitarte, hirurogei film emanen dituzte, 70 saio programatu dituzte guztira, eta laurogei gonbidatu inguruk hartuko dute parte hitzaldi, tailer eta mahai inguruetan. Aurten, Iruñerriko zortzi tokitan antolatuko dituzte jarduerok: Baluarten, Golem zinemetan, Oteiza museoan, Kondestablearen jauregian, Mendillorriko Civivox aretoan, Ziudadelan, Nafarroako Filmotekan eta Txintxarri tabernan. Sarrera guztiak salgai dira dagoeneko.
60Ikuspuntun emanen dituzten filmak. Sei ataletan banatu dute programazioa: Sail Ofiziala, Fokuak, Lan, Kontaktuak, X Films eta Bitartekaritza programa. Hirurogei film emanen dituzte, baina horietako hamazazpi baizik ez dira lehiatuko sarietarako —Sail Ofizialean direnak, zehazki—. Hamabost herrialdetako lanak daude zerrenda horretan: Alemania, Argentina, Belgika, Euskal Herria, Herrialde Katalanak, Hego Korea, Kanada, Kolonbia, Espainia, Frantzia, Irlanda, Libano, Palestina, Txile eta Tunisia. Bost sari dira jokoan.
Asinen hitzetan, bi norabidetako «apustuek» ardazten dute, batik bat, Ikuspunturen aurtengo programazioa. Hain zuzen ere, «zinema txikiari» aitortza egitea izanik oinarrizko helburuetako bat, zuzendariak nabarmendu du, batetik, nazioarteko zinema zirkuituetan asko mugitu gabekoak diren artisten lanei egin nahi izan dietela tokia, «zuzendari gazte baina etorkizun handikoei», eta, bestetik, ahalegindu direla hainbat zuzendari beteranoren lanak ere bistaratzen, «merezitako aitortza jaso dezaten». Azken talde horren adibide da, esaterako, Pierre Louapre zuzendariaren La prunelle rouge filma. Asin: «Louapre da lanean tinko baina egurats gorrian aritu direnetako bat».
Aurrez jakinarazia zutenez, hamazazpi lan izanen dira Sail Ofizialean: hamar film luze eta zazpi film labur. Bost sari daude jokoan —film hoberenaren saria, zuzendari hoberenaren saria, film labur hoberenaren saria, publikoaren sari berezia eta gazteen sari berezia—, eta, gainera, antolatzaileek zehaztu dute epaimahaiak bi aipamen berezi ematen ahalko dituela aurten gehienez ere. Lehiakide diren film guztien artetik, Maddi Barber eta Marina Lameiro zinemagile nafarren Cambium lana da euskarazko hitzak dauzkan bakarra.
Garaian garaiko kezka eta galderei
Aurkezpenean, Asinek hainbat alditan nabarmendu du zinema dokumentalak unean uneko kezkei erantzuteko daukan ahalmena. Eta, iradoki duenez, hori bereziki uzten du agerian aurten antolatutako zikloetako batek ere: adimen artifizialari buruzko hiru saio eginen dituzte, egun banatan. Otsailaren 26an, Knit's Island filma emanen dute Filmotekan —eta solasaldia izanen da ondoren—; hilaren 28an, Guillem Serrahima Sola eta Ramon del Buey Cañas ikerlariek tailer bat emanen dute; eta martxoaren 1ean, festibalaren hondarrean, Estampa kolektiboaren Erresonantzia ereduak emanaldia izanen da Baluarten. Asinen esanetan, zorrotz eta «kritikotasunez» begiratuko diete adimen artifizialak zinemagintzan eta batez ere dokumentalgintzan izan dezakeen rolari.
Ohi denez, kontzertuak ere antolatu dituzte Ikuspunturen aitzakian. Artista hauen emanaldiek osatu dute aurtengo musika egitaraua: Olaia Inziarte, Rig3l, Juarez, Edu Errea, Dayanna, Leeharvey eta Goo!. Sarean argitaratuta daude horiei buruzko xehetasunak.