Alex Angulo aktorea (Erandio, Bizkaia, 1953), antzerkian, zineman eta telebistan aritutakoa, herenegun zendu zen, Fuenmayor herrian(Errioxa, Espainia), autoa errepidetik irtenda. Ezbeharra gertatu zenean, lanera zihoan Angulo, Gaizka Urresti zuzendari bilbotarraren Bendita calamidad filmean parte hartzera.
Irakasle ikasketak egin, eta urtebetez aritu zen Angulo lanbide horretan antzerkiaren munduan murgildu zen arte. 23 urterekin, Bilboko Karraka antzerki taldera batu, eta 20 urtez aritu zen Euskal Herrian zehar emanaldiak eskainiz. Bitarte horretan hasi zuen zinema ibilbideari; 1981ean estreinatu zen pantaila handian, Imanol Uribek zuzendutako Segoviako ihesa filmean parte hartuz.Horren ostean, Todo por la pasta (Enrique Urbizu, 1991), El rey pasmado (Imanol Uribe, 1991) film luzeetan eta Mirindas asesinas (Alex de la Iglesia, 1991) film laburrean hartu zuen parte. 1993. urtea izan zen, baina, Angulorentzat erabakigarria. Izan ere, urte horretan utzi zuen Karraka antzerki taldea, Alex de la Iglesiak zuzendutako Acción mutante (1993) lehen film luzean, Antonio Resinesekin eta Karra Elejalderekin batera lan egiteko. Geroztik, 60 filmetan hartu zuen parte Angulok, eta hiru aldiz izan zen Espainiako zinemagintzako Goya sarietarako izendatua: El gran Vázquez (Oscar Aibar, 2010), eta Muertos de risa (Alex De la Iglesia, 1999) filmekin gizonezko bigarren mailako aktore onenerako izendapena lortu zuen; El día de la bestia (Alex De la Iglesia, 1995) filmarekin, berriz,gizonezko aktore onenaren izendapena.
2010ean, Donostiako 58. Zinemaldian, euskal zinemagintzako artista baten ibilbidea saritzen duen Zinemira saria jaso zuen. Bere ibilbidearen hasikinak gogoratzearekin batera, talde lanaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen Angulok. «Historia bakoitzaren zati bat naizela uste dut, eta azken emaitza pertsona askoren lanaren ondorioa da», azaldu zuen Prest aldizkarian (107. zenbakian) urte bereko urrian eskainitako elkarrizketan.
Pantaila handia, baina, ez zen izan haren aktore lana ikusteko leihatila bakarra. Telebistako beharra ere gertutik ezagutu zuen aktore bizkaitarrak, eta hainbat telesail eta programatan parte hartu. Aquí no hay quien viva, El comisario, 7 vidas, Tirando a dar, Hermanos y detectives, 14 de abril: la república, Toledo, eta Gran reserva: el origen dira Angulok parte hartu zuen telesailetako batzuk. Euskal Telebistan ere ezaguna da aktorea. ETB1ek 1991 eta 1992 bitartean eskainitako Bertan Zoro umorezko telesail mutuan aritu izan zen, besteak beste, Ramon Agirre, Anjel Alkain eta Joseba Apaolaza aktoreekin batera; baita ETB2ko Con los pies en el agua eta Detrás del sirimiri programetan ere.
Hala ere, ia 100 kapitulu izan zituen Periodistas telesail arrakastatsuan egindako lanarekin lortu zuen ospe handien. Han egindako lanagatik saritu zuen aktorea Euskal Aktoreen Batasunak.
Urte honetan, berriz, Mikel Rueda bilbotarrak idatzi eta zuzendutako A escondidas, Ignacio Estaregui espainiarrak zuzendutako Justi&Cia ustelkeria politikoari buruzko filma eta Nacho Solanaren Namnala film laburrean aritu da lanean.
Angulok, baina, ez du lan egin ikus-entzunezkoetara bakarrik. 2013an, Mayda Zabala emaztearekin batera Studio 9 dantza eta antzerki eskola ireki zuen Bilboko Errekalde zumarkalean. Eskola horrekin, bere bi pasio nagusi bateratu zituen Angulok: irakaskuntzarena eta interpretazioarena.
Gorpua erraustu egingo dute gaur, Logroñon (Espainia), eta bihar Anguloren omenezko ekitaldia egingo dute Bilboko Campos antzokian, 19:00etan. Ekitaldi xumea izango dela iragarri dute.
HILBERRIA. Alex Angulo
Zinema, telebista eta antzerkia batuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu