«Bokazioan garaiarekin bat ez etortze baten emaitza». Hala irakur daiteke Ruth Orkinen (Boston, AEB, 1921-New York, 1985) obra, Anne Morin komisarioaren esanetan. Egin nahi zuena egin ezinetik eratorritako obra baten modura, edo, ezinak ezin, egin nahi zuena egiteko topatu zuen alternatibatzat, bestela. Zinemagilea izan nahi baitzuen Orkinek, baina argazkilari izaten baino ez baitzioten utzi. «Sinpleki, 1920-1930ko urteetako zinema gizonek egiten zutelako», Morinek. Testuinguru hertsi horrek, ordea, aparteko lan oparo bati ireki zizkion ateak, eta hori erakutsi nahi du Kutxa Kultur Arteguneak zabaldu duen erakusketak. Denboraren ilusioa izenpean, Orkini Europan eskaini zaion lehen bakarkako erakusketa da, eta azaroaren 6ra bitartean bisitatu ahalko da, Donostian.
Argazkilariaren alaba Mary Engel bertan zela aurkeztu dute erakusketa, eta aretora sartu, eta eskuineko horma handian ikusgai dagoen argazkiaren aurrean gelditu da hura. 1948koa da, gazte batzuk ageri dituena New Yorkeko Hudson ibaira jauzika. «Hau hemen ikustea bakarrik aski da niretzat», esan du, eskertuta amaren lana aitortzeko egindako tamaina honetako lehen egitasmoagatik. Berak du Orkinen ondarearen ardura, eta film bat ere badu egina haren inguruan —Ruth Orkin: Frames of Life (1996)—. Ane Abalde Kutxa fundazioko zuzendariak ere itzalpeko argazkilari baten lana argitara ekarri izana ospatu du, azken urteetan Berenice Abottekin, Vivian Maierrekin eta besterekin egin duten bezala Artegunean.
Kasu honetan, zinemarekiko loturak ezaugarritu du erakusketa berria, eta hori aletzen duten lau ardatzetan egituratu dute hartara: Begirada dinamikoa; Erdibitzea eta aldiberekotasuna; Sekuentziak; eta Storyboard eta fotonobela. Morin: «Orkinen obra fotografikoari buelta ematen badiogu, eta zinemaren ate txikitik sartzen bagara haren mundura, ikusiko dugu zinemaren mamuak alderik alde zeharkatzen duela bere obra osoa. Eta hori da liluragarria: ikustea Orkinek nola jarraitu zuen lengoaia bisual bat asmatzen, zinemaren ezaugarriak oinarri hartuta».
«Agertoki narratiboak»
Umetatik izan zuen zinema mundu hurbileko Orkinek. Mary Ruby zuen ama, zinema mutuko aktore entzutetsua, eta laster mugitu zen familia Los Angelesera, haren lanak bultzatuta. 10 urte zituen lehen kamera eskuetara heldu zitzaionean —erakusketan jarri duten Univex bat—.
Mezulari gisa lortu zuen lehen enplegua gero, fotokazetaritza ere ikasi zuen, eta 1940ko urteen hasieran heldu zen New Yorkera. «Ez kasualitatez», komisarioaren esanetan. «Depresio Handitik ateratzen ari zen orduan hiria, gailu optiko erraldoi bat zen, eta estimulu bisual horien guztien parte izango zen Orkin». Orduan hasi zen, halaber, hainbat aldizkaritan lehen argazkiak publikatzen, eta zinemarekiko grina argazkigintzara indarrez bideratzen. Ordukoak dira, bada, erakusketaren lehen ataleko hainbat irudi, garai hartarako ikuspuntu ezohikoetatik hartuak eta elementu mugikorrez beteak.
«Begiratu arropak», ohartarazi du komisarioak Erdibitzea eta aldiberekotasuna eremura iristean. «Berdintsuak dira beti». Bi andre bainujantzian, hiru neskatila soineko koadrodunen barruan... «Huskeria dirudi, baina ez al du ematen argazkikoak pertsona bera direla une ezberdinetan?». Formen errepikapenak eta bariazioak nabarmentzen dira, eta zinemak lortzen duen hori itxuratzen zuen horrela Orkinek: denboraren ilusioa. Kartetan ari diren hiru umeren argazkietan eskuen mugimendua sumatzeraino.
Goiko solairua gorde diote azken atalari, eta Orkinek une ezberdinetan eraiki zituen «agertoki narratiboak» gailentzen dira bertan; American Girl in Italy (1952) ezaguna, tartean. Bada beste atal aipagarri bat ere: 1939an, Orkinek Los Angelestik New Yorkera egindako bizikleta bidaia baten storyboard-a, argazki txikiz road-movie bat dokumentatzen duena.
Morris Engel senargaiarekin bi film ere egin zituen Orkinek: The Little Fugitive (1952) eta Lovers and Lollipops (1955). Lehena zinemaren historiako «mugarritzat» jo du Morinek, eta haren eta Orkinen irudien arteko antzekotasunez ohartarazi du. «Ez da kredituetan aipatuta agertzen, baina begi bistakoa da haren eskua pelikulan». Zenbait pasarte ikus daitezke erakusketan, eta osorik erakutsiko dute Tabakalerako zineman, urriaren 20an.