Zinema eta musika, elkarren akuilu

Musika ardatz duten dokumentalak eman, eta beste hainbat jarduera ere egingo dituzte Donostian, Dock of the Bay jaialdiaren barruan

Julen Aperribai.
Donostia
2016ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Hamargarren urteurrenaren atarian aurkeztu zuten, atzo goizean, Dock of the Bay, Donostiako Musika Dokumenalaren Zinemaldia. Urtetik urtera sendotzen ari da Dock of the Bay, eta gero eta eskaintza zabalagoa du, aurkezpenean hitza hartu zutenen arabera. Antolatzaileen esanek ez ezik, hala erakusten du egitarauak berak ere, film kopurua handitzeaz bat ekintza paraleloak ere ugaritu baitituzte. Urtarrilaren 7tik 14ra egingo dute, Donostian.

Hamabost film emango dituzte, hiru sailetan banatuta. Zortzi izango dira lehiaketara aurkeztutakoak, eta, tartean, Euskal Herrian ekoitzitako bat: Antxon Notario, Ainara Mentxaka, Ane Cerrato eta Javier Blancoren Sound of roots. 1980ko hamarkadan Euskal Herrian indarrez sartu ziren jamaikar doinuek gaur egun arte izan duten bilakaera jasotzen du lanak. Perfect Day sailean, berriz, nazioartean berriki egindako dokumentalak izango dira ikusgai, zazpi guztira. Aurten eta iaz ekoitziak dira guztiak, baina atzera begirakoak gehienak; bai, behintzat, protagonistei dagokienez. Halakoak dira Paint it Black saileko hirurak ere: Don Allan Pennebakerren Don't Look Back (1967), Tony Palmerren Bird On A Wire (1974) eta Jeff Steinen The Kids Are Alright (1979). Aspaldikoak izanagatik ere, zentzu berezia hartu dute lehen biek, Literaturaren azken Nobel saridun Bob Dylanen eta Leonard Cohen musikari berriki zenduaren ingurukoak baitira, hurrenez hurren. Azken hori aurkezten izango da Tony Palmer zuzendaria. The Kids Are Alright-en, The Who rock talde ezaguna biluzten du Jeff Steinek.

Filmen proiekzio hutsetik harago doa jaialdia, ordea. Hasieran baliabide urriak zituela eta, lehen urteetan nekez programa zezakeen bestelakorik, Donostia Kulturako Jose Miguel Beltranek gogora ekarri duenez, baina pixkanaka, «independentzia lortu», eta «nortasun propioa» eraikitzen jakin duela uste du. Ohiko moduan, ez dira faltako kontzertuak eta bestelako musika emankizunak. Hiriko musikazaleen topagune naturaletako batean izango da inaugurazio festa, Le Bukowskin,urtarrilaren 7an. Dabadaba aretoan eta Kutxa Kultur Kluba aretoan ere kontzertuak eta DJ saioak izango dira.

Jarrera kritikoa

Musika mugimenduak, taldeak, bakarlariak eta abarrak ikusleengana modu entretenigarri batean eramatea baino zerbait gehiago dago,dena dela, Dock of the Bay antolatzen dutenen buruan. Zinema dokumentalak, gainerako zinema generoek egiten duten bezala, ikusleengan kritikotasuna eta hausnarketa sustatu behar duela iritzita,Egiazoren Narratibak izeneko mintegia egingo dute urtarrilaren 12an, KM Kulturgunean. Zinema dokumentala aztertuko dute, genero musikalean arreta berezia jarriz, eta horrek ikuslearengan duen eragina aztertuko dute, oinarri jakin batetik abiatuta: «Dokumentatzeko, kontatzeko, iritzia emateko balio du zinema dokumentalak; baita jarrera kritikoa hartzeko ere, bai zinema modalitate horrekiko, bai ikusgarritasuna eta balioa hartzen duten narratiba eta lengoaiekiko ere». Zinemarekin eta ikus-entzunezkoekin lotura zuzena duten zuzendarien, programatzaileen, kritikarien eta teorikoen hitzaldiak izango dira, eta moderatzaile Fernando Golvano EHUko irakaslea izango duen mahainguru batekin amaituko da jardunaldia.

Hain zuzen ere, Donostiako kultur diputatu Denis Itxasok adierazi du zinemak, eta, bereziki, zinema dokumentalak «eztabaida kritikoak eta hausnarketa sustatzeko duen gaitasuna» interesatzen zaiola gehien udalari, «balio jakin batzuk» zabaltzen laguntzen baitute.Udalak diruz lagundutako mintegiak ez ezik, jaialdian ikusgai izango diren lanek horretan laguntzen dutela azaldu du Itxasok, eta iazko edizioan izan zen The Amazing Nina Simone dokumentala, Nina Simone abeslariaren ingurukoa, jarri du adibidetzat.

Jaialdiaren edukia goraipatzearekin batera, izan duen ibilbideagatik zoriondu egin ditu Itxasok antolatzaileak, eta Donostiako kultur agenda «estuan», Dock Of The Bayk bere lekua egin duela adierazi du. Aldi berean, «gutxiengo handi» baten interesetik jaiotako zinema jaialdi bat dela esan du, «hiriko kultura eskaintzako beste proposamen askotan maiz gertatzen den bezala».

Jaialdiaren zuzendari Eva Rivera, berriz, «oso pozik» agertu da, «iritsi jaren lekura iristeagatik». Hasi zirenean, oso ekimen xumea zela onartu arren, pixkanaka hazten joan dela nabarmendu du, harik eta 10.000 ikusle biltzeraino. Aurten, ikusle kopuru hori gainditzea espero dute.

Emanaldiak Trueba zinema aretoan izango dira astean zehar, eta Antzoki Zaharrean asteburuan. Azkena urtarrilaren 14an izango da, eta orduan emango dituzte sarituen izenak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.