begona del teso
Eppur si muove

Zinema eta literatura, 'folie à deux'

2024ko urriaren 18a
05:05
Entzun

Kasualitate hutsa da. Baita artikulu honetarako lerroburu ideala eta abiapuntu ezin hobea ere. Sigrid Nunezen What Are You Going Through nobelaren gaztelaniazko bertsioaren azken-aurreko orrialdean bi protagonistak lotzen dituen sentimenduari izena eta izana ematerakoan folie à deux esamoldea darabil egileak. Psikiatria aldetik nahasmendu psikotiko partekatua esan nahi du, baina guk zentzu lirikoari (eromen puntu konpartituari, hots) helduko diogu beti…

Kasualitate hutsa diot berriro eta zinez, baina, lehenengo eta behin, karteldegian den eta nik biziki maite dudan Joker, Folie à deux filmean pentsarazi ninduen gozo eta bortizki. Eta bigarrenez, ziur naiz zinemaren eta literaturaren arteko harremanek betidanik eta betirako izan dutela eta izango dutela folie à deux horretatik zeozer. Sekula ez baita izango afera erraza, asunto xuabea, sujet gozo, inozo, errugabea.

Jende makina bati gertatu ohi zaion moduan, Sigrid Nunez autorea errenditu izan da Pedro Almodovarren ahalmenaren aurrean. Gauza bera suertatu zen Chavela Vargas emakume eta abeslari puska harekin; bere desiotara belaunikatu zen, amore emanda, plazerez zoratuz. Kontu bera zinemaren izarrik handienekin. Pedrok deituz gero, dena utzi eta ziztu bizian joko dute berarengana eskaintzen/eskatzen dizkien opari pozoinduak gogoz dastatuz. Ez ahaztu, Tilda Swintonek onartu egin zuela La voz humana desastre luxuzkoan parte hartzea. Ez ahaztu Ethan Hawkek eta Pedro Pascalek Yves Saint Laurent maison-ek ekoizturiko Extraña forma de vida iraupen ertaineko lanean esku hartzeko baiezkoa eman ziotela. Gogoratu beti Venezian merezia ez zuen Urrezko Lehoia bereganatu zuen The Room Next Door honen parte izateko erregua egin ziola nork eta Julianne Moorek.

«Gogoratu beti Venezian merezia ez zuen Urrezko Lehoia bereganatu zuen The Room Next Door honen parte izateko erregua egin ziola nork eta Julianne Moorek»

Berdin gertatu da The Friend nobelaren egile Sigrid Nunez idazlearekin. Almodovartarren El Deseo ekoiztetxeak What Are You Going Through horren eskubideak erosi nahi zituela entzun zuenean zoriontasunak eta urguiluak bete zioten bihotza. Almodovarrek bere liburua nahi zuen zinema bihurtu!!! Handik aurrera The Vulnerables-en sortzailearen gogoa eta sena xahutu/uxatu/ezabatu zituen Almodovarren indar ilun samarrak, planetako lau izkinetako fededunek goraipatu eta laudatzen duten ahalmen infernuzkoak. Ez bide zuen Sidgridek gidoia irakurri (onest jokatu zuen, egia esan, ez baitira literatura eta zinema kontu bera eta ez dute lengoaia bera erabiltzen) eta une bakar batean baino ez zuen filmaketa bisitatu. Diotenez, adeitsu erantzun zizkion Pedrori luzatzen zizkion dudak eta galderak. Besterik ez.

The room next door. Pedro Almodovar
Twilda Swinton eta Julianne Moore, Pedro Almodovarren The Room Next Door filmean.

Estreinatu zenean ikusi zuen emaitza. Eta gustatu. Eta bukaera aldatu izana ulertu eta onartu. Esanez pelikulan Almodovarrek jorratu ohi dituen eta liburuan ziren gai guztiek (zahartzea, gaixotasuna, herioa, galera, dolua) hortxe jarraitzen zutela, ageri bizian.

Ez zaio arrazoia falta Sigridi, baina paperak erraz asko jasaten duen hori astun samarra gertatzen zaio zeluloideari. Ez omen da eroso sentitu Pedro, eta bere herioaren jabe izan nahi duen emakume horren eta bidelagun izango duen bestearen arteko intimitatean eta kontakizuna plazara, liburu-dendara, gimnasiora eta komisariara eraman du mesfidati. Etxekalte. Ezbaitu funtzionatzen. Paperean, hitzez, jasangarria dena zeluloidean astuna bihurtzen baita… Folie à deux, bai….

…«Aitari buruzkoa da».
— «A.. gizon hori. Okerrera egin al du?»
— «Egunetik egunera (…) Orain badakizu zer esan behar dizudan».
— «Ezta okurritu ere. Benetan ari naiz. Ezta okurritu ere».

Lerro hauek leitzen dira Eider Rodriguezen Bihotz handiegia-ren lehenbiziko orrialdean. Antzeko parezido zerbait entzuten da Pilar Palomerok zinemarako egin duen Los destellos egokitzapenean. Oraingoan ere, zinemaren eta literaturaren, paperaren eta zeluloidearen folie à deux bat. Ankerragoa dirudi kontakizunak hasierako hainbat pasartetan. Samurragoa da pelikula orokorrean. Ipuina ipuin tristatu emozionatua da; pelikula, berriz, kamerarekin eta argiarekin onarturiko erronka, itzal eta bristaden artekoa. Benetan diotsuet, bai zinemarekiko bai liburuekiko harreman gureak beti izango dira folie à deux misteriotsua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.