Iazko ekainean izendatu zuten Manuel Asin (Zaragoza, Espainia, 1978) Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko jaialdiko zuzendari artistiko berria, lehiaketa publiko bidez. Atzo eman zioten hasiera berak gidaturiko lehen edizioari eta jaialdiaren ibilbideko hamaseigarren aldiari.
Asin gogotsu dago aurten elikaturiko programazio zabalarekin: izan ere, ehun bat filma proiektatuko dira, eta espero du «jende anitz» joatea saioetara, «zinemazaleetatik harago».
Nola aurreikusten duzu lehen esperientzia zuzendari gisa?
Betidanik egon naizela prestatzen erranen nuke. Ikaste prozesua esperientziaren arabera neurtzen da, prozesu nahiko motela baita. Ni neu egona naiz lanean antzeko bertze proiektu batzuetan, baina inoiz ez horrelako jaialdi batean, eta ezin naiz alaiago egon. Interes handia dut zineman, kulturan, artean eta sormenezko irudimenean. Jakin-minarekin aurreikusten dut, laburbilduz.
Aipatu duzu: proiektu anitzetan ibilia zara lanean. Zerk eraman zaitu Ikuspuntu jaialdiko zuzendari artistiko berria izatera?
Neurri batean, beti egon naiz harremanetan jaialdiarekin, lehenbiziko ediziotik. Ikusle gisa ere, lotura interesgarri bat ehundu nuen, dokumentalzalea bainaiz. Berehala, erreferentzia bihurtu zen jaialdia. Gogoan dut [Jorge]Oteizari buruzko pelikula bat ekoitzi nuela Oskar Alegriaren garaian, eta jaialdian programatu zutela. Bertzalde, Garbiñe Ortega azkeneko zuzendariak gonbidatu ninduen film baten inguruko kritika-solasaldi batera, eta gustura hartu nuen parte. Azken finean, Ikuspuntu eremu pertsonal eta profesionalean kokatzen da nire bizitzan.
Ehun bat filma emango dituzte60 saiotan. Zeintzuk dira edizio honetako erronka nagusiak?
Aurtengo eskaintza oso zabala da, eta, hain zuzen ere, hortxe dago koxka. Ikuspuntu jaialdia zorrotz samarra da proiektatzen diren filmekin, bilatzen baititugu proposamen berritzaileak, baina hausnarketa egin dugu honen inguruan. Argi dugu film hauek eta jaialdia bera denontzat nahi ditugula; izan ere, elitismo formetatik ihes egitea gustatuko litzaiguke, horiekin ere ez baikara identifikatzen. Bilaketa estetikoa eta irudimen lana sakonak izan arren film batean, badakigu mundu guztia hunki dezakeela. Aurreko aldietan, sorpresa atseginak izan genituen, jaialdira inoiz etorri ez ziren pertsonak biltzen ikusirik. Zinemarekiko sentsibilitatea ez dutenei ere egiten diegu gonbita. Denok hausnarketa egin dezakegu proposamen hauekin, jaialdia aitzakia onena da biltzeko.
Bide batez, egitasmo berri bat jarri dugu martxan aurten, publiko gaztearengana ireki nahi dugunez: Programatzaile gazteak x Ikuspuntu izena du, eta Al Bao A Qu elkartearekin elkarlanean egin dugu. Praktikan, gazte talde bat hainbat astez elkartuko da, Mercedes Alvarez eta Arturo Redin zinemagile, programatzaile eta irakasleek proposatutako zenbait film ikusteko. Ondoren, film horiei buruz hitz eginen dute, eta bat aukeratuko dute jaialdian proiektatzeko, beraiek aurkeztuta. Horrez gain, birpentsatu egin behar dugu dokumental formatua. Gogoeta tresna berriak garatzen ari gara, mundu garaikidea azaltzeko.
Gaur egungo testuinguru sozioekonomiko delikatuan, non kokatzen da zinemaren rola?
Kontzientzia hartzeko ahalegina egitera derrigortzen gaitu aktualitateak, zalantzarik gabe. Hauskortasunaz, gure gizartean gurutzatzen diren zailtasunez. Orain, gerla bat agerian dugunez, gure hausnarketa egin behar da puntu historiko batetik, baina, aldi berean, etorkizunari begira. Filmekiko zein artelanekiko harremanek lagundu diezagukete horretan. Ortzi muga berriak pentsatzeko orduan, irudimenak okupatzen duen espazioa beharrezkoa da. Zinema dokumentalak hartzen du leku berezi bat, baldintzatzen gaituzten mugak gainditzekobideak proiektatzea ahalbidetzen digulako. Gaur egun, mugahoriek lotuta daude krisi eta gatazkekin. Irudimena, bere osotasunean, komunikatzeko modu bat da, belaunaldi artean, iraganeko onena urrunetik ateratzeko aukera ematen digu. Garaiak berritzen ari badira ere, ondarea etorkizunarekin lotzeko tresna ederra da, eta hobetzekoa baita ere.
Amaia Santesteban zuzendari nafarrak erran du «kulturak dena hankaz gora jartzeko balio behar duela». Zer iritzi duzu?
Bai, ados nago. Kultura ausartu behar da jasotzera eta bueltan proiektatzera. Akaso bertzeesferetan konprometituagoak dauden mugak jorratzen ahal ditu.
Aurtengo programaziotik, baduzu film edo proiekzio kuttunen bat?
Topaketa ibaian zikloa bereziki gustatzen zait. Munduko ibaietatiko bidaia bat da, eta Egiptoko Nilotik abiatuko da. Film luze eta laburrek osatuko dituzte sei emanaldi, kontinente ezberdinetatik igaroko gara. Solasaldiak ere antolatuko dira, deskubritzeko zerumuga ezezagunagoak.
Arga ibaitik ere pasatuko da?
Arga beratik dator zikloa! Ortziralean bertan izanen da saioa, ibilaldi baten bidez. Onartu behar dut batzuetan zinemarekin bilatzen dugula urrutira joateko bidaia bat. Zenbait film ikusten ditugu eguneroko errealitatea ahantzi nahian, gure butakan egon arren. Eta, bat-batean, bizitzara itzultzen gara. Bortitz samarra da. Iruñean, hiria ibai horren bueltan artikulatzen da, eta egunero dugu ikusgai. Baina kasu honetan, hurbil dugun zerbait hobeki ezagutzea dugu xede; ez dugu zertan bidaia luze bat egin.
Zer espero duzu aurtengo jaialditik?
Oraintxe bertan, nahi dut jendea etortzea. Jaialdi ireki eta irisgarri bat antolatzen saiatu gara, guztiontzako izanen dena. Espero dut izanen ditugun eztabaidak eta elkarrizketak ñabarduraz eta kontrastez beteta egotea, baina baita kohesioa aurkitzea ere munduarekin, geroz eta hobeki elkarrekin bizitzeko asmoz. Horixe dugu xede, bai testuinguru honetan, baina orokorrean ere bai.
Manuel Asin. Ikuspuntu jaialdiko zuzendari artistikoa
«Zinema elitistarekin ez gara identifikatzen; ihes egin nahi diogu»
Hasi berri da Ikuspuntu zinema jaialdiaren XVI. edizioa, eta Manuel Asin zuzendari artistiko berriak baikor estreinatu du festibala. Ehun bat film izanen dira ikusgai Iruñerriko areto ugaritan, larunbatera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu