Vanesa Fernandez. Zinebi jaialdiko zuzendaria

«Zinema egiten ari diren sortzaile berriei ahotsa eman behar zaie»

Aurten hasi da Fernandez gidari lanetan Bilboko Zinebi Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldian, zeina hastear baita. Aldaketak egin ditu jaialdiaren programazioan eta lantaldean.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2018ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Zuzendariaren azaletik biziko du aurten Vanesa Fernandez Guerrak (Durango, Bizkaia, 1980) Bilboko Zinebi Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldia. Festibalean aritu izan da aurrez, baina, urtarriletik, egitasmoaren gidaritza darama. «Ilusioz» heldu dio erronkari, eta aldaketak ere egin ditu programazioan. Bi ertz izan ditu hizpide: sortzaile berriei bultzada ematea, batetik, eta emakumeen ikusgaitasunean indar egitea, bestetik.

Jaialdi ausarta egin behar zelazenion kargua hartzearekin batera. Zein norabidetan?

Zinebi jaialdi espezializatua da, eta, film laburren, dokumentalen eta opera primen ingurukoa den heinean, uste dut mundu mailan egiten diren obra garaikideenak hona ekartzeko eginahalak egin behar ditugula. Programazioa norabide horretan indartu behar dugu, hori baita gure identitatea,eta baita bestelako jaialdietatik bereizten gaituen ezaugarria ere.

Aldaketak egin dituzu aurtengo programazioan?

Urtarrilean hartu nuen kargua, eta egin nuen lehen urratsa irudia berriztea izan zen, modernizatzea. Koldo Atxagaren eta Maite Leyunen laguntza izan dut, besteak beste, bide horretan. Esango dut: tokian tokiko artistekin elkarlanean jardutea oinarrizkoa da niretzat. Programazioaren ildoak ere berregituratu ditugu, eta lantaldean ere aldaketak egin ditugu. Opera primen nazioarteko lehiaketa, adibidez, duela hiru urte jarri zen martxan, eta nire helburuetako bat sail hori sendotzea da: orain arteko emaitzak oso onak izan dira, eta sortzaile gazteen lana indartzea oinarrizkoa da.

Hortaz, ahalik eta proposamen gehien jasotzeko saiakerak egingo dituzu.

Gaur egun, 4.000 film labur inguru jasotzen ditugu. Nik uste dut zuzendari on batek kanpora egin behar duela, bestelako jaialdi eta foroetara, ahalik eta lan gehien gurera erakartzeko. Azken finean, programaziorik onena eta garaikideena lortzea da gure helburu behinena.

Uste duzu oraindik ere film laburren esparrua ezezaguna dela?

Film laburren eremuan sormen handia dago, eta askatasunez jokatzeko aukera ematen du, gainera. Dauden lanak oso aberatsak dira, baina aitortza gehiago behar dute, argi eta garbi. Horregatik gara gako jaialdiak, zinema independentea zabaltzeko beharrezkoak garelako. Sortzaile berriei lekua egitea da gure helburu nagusietako bat, eta hori ez dugu inoiz ahaztu behar. Garrantzitsua da gogoratzea: zinema egiten ari diren sortzaile berriei ahotsa eta lekua eman behar zaie, eurak izango baitira etorkizuneko zuzendariak.

Euskal ekoizleen lanez ari zara?

Euskal zinemaren presentzia bermatzearen eta euskal sortzaileak babestearen alde egingo dut beti. Programazioan egiten dugun saiakera horrez gain, Dokumentalen Sorgunea jarri dugu martxan: garapenean edo produkzio fasean dauden dokumental luzeei laguntzeko egitasmo bat da.

Euskal Herriko zenbat lan jaso dituzue? Eta euskaraz egindako zenbat izango dira Sail Ofizialean?

Orotara, Euskal Herriko 72 film jaso ditugu, etaeuskaraz egindako film bakarra egongo da Sail Ofizialean. Egia da sortzaile euskaldun askok beste hizkuntza batzuetara jotzen dutela maiz. Nik uste dut euskal zinemak unibertsala izan behar duela eta nazioartean zabaltzea lortu behar dugula. Ondo dago bertako jaialdien babesa izatea, baina kanpora atera dadin bultzatu behar dugu, kalitatezko zinema egiten baita hemen.

Euskal Kulturaren Behatokiak 2016an egindako ikerketaren arabera, zuzendarien %30 baino ez dira emakumeak.

Zinemagintzaren industriari dagokionez, bai, nabarmenagoa da errealitate hori. Baina gure egoera berezia da, dokumentalen ekoizpenean eta animazioan emakume gehiago aritzen baitira: %40 inguru. Edonola ere, uste dut bestelako interpretazio bat egin behar dela. Ondo dago neurtzea jaialdiaren programazioetan zenbat andre ekoizle eta zuzendari dauden, baina ezin dugu ahaztu kameren atzean eta teknikari lanetan ere egon behar dutela.

Lantaldean ere aldaketak egin dituzu norabide horretan.

Zuzendari gisa, lantaldean dituzun profesionalak ere aintzat hartzea garrantzitsua dela deritzot: programazioan, komunikazioan eta abar ardurak nork dituen. Eta filmetan lantzen diren diskurtsoak ere ezin ditugu ahaztu. Ertz asko dituen eremua da. Ikusgaitasunaren gaia ere hor dago. Baina konplexuagoa da, akademiaren, unibertsitatearen eta hedabideen jarduna ere sartzen baita hor. Erreferenteak sortu behar dira, andrea beti egon izan baita hor, nahiz eta, gerora, letra larriz idatzi den historian gizonak agertu. Konplexua da, eta ertz guztiak hartu behar dira aintzat. Nolanahi ere, ni oso baikorra naiz.

60 urte bete ditu jaialdiak. Egonkortuta dagoela uste duzu?

Bai, jendeak badaki hemen proposamen ausartak ikusteko aukera dagoela, baita zirkuitu komertzialetik kanpoko lanak ere. Nik neure buruan hala irudikatzen dut Zinebi: munduari zabalik dagoen leiho erraldoi gisa. Sektorea ezezaguna den arren, denboraren poderioz garrantzia hartzen ari da gizartean; batez ere, jende gaztearen artean. Zinema kontsumitzeko modua asko aldatu da, eta badago hor publiko berri bat gurera lotzen ari dena; gaztea. Ikasten ari den jende asko etortzen zaigu azken urteetan, ikusten ere ikasten baita zuzendari izaten. Programazio zabala dugu, eta gustu guztientzako dago pentsatuta. Ez duzu oso zinemazalea izan behar gurera etortzeko.

Zer da zinema zuretzat?

Mundua erdi-ulertzeko edo interpretatzeko tresna bat da, eta etorkizuna eraldatzekoa. Alde horretatik, dokumentalak oso garrantzitsuak dira, aukera asko ematen baitute askatasunez jarduteko.

Nahikoa babes jasotzen du jaialdiak?

Bai. Erakunde publikoek babesten dute, eta uste dut Bilboko Udalaren aldetik ere jaialdiaren aldeko apustua egiten dela. Testuingurua ere garrantzitsua da, Bilbon zinemari lotutako ekitaldi asko egiten baitira: Bilbo Arten eta Azkuna zentroan, adibidez, proiekzioak egiten dira. Eta jaialdien aldetik ere eskaintza handia dago: Zinemakumeak gara, Fant, Animakom... Garrantzitsua da urte osoan gauzak egitea.

Donostiako Zinemaldiaren itzala du Zinebik?

Beti galdetzen duzue [irriak]. Baina ez, ez dugu Donostiako jaialdiaren itzalik, batak bestearekin zerikusirik ez duelako. Zinemagintzaren industriari dedikatutako jaialdirik garrantzitsuenetako bat da Donostiakoa, baina gu beste mota bateko jaialdia gara, guztiz ezberdina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.