Handienetako bat da bere laburrean. Film laburrei eta dokumentalei eskainitako bost zinema jaialdi bakarrik jotzen dira kategoria gorenekotzat mundu osoan, eta eskukada horretan dago Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia. Aurten 66. aldia izango du festibalak, baina, justu, mende erdia beteko du aurten aitortza hori lortu zuenetik, eta, horregatik, lorpen horren garrantzia azpimarratuz aurkeztu dute programazioa arduradunek. Guztira, 132 film proiektatuko dituzte, azaroaren 8tik 15era. Sail Ofizialean lehiatuko dira haietako hirurogei, eta bestelako proiekzio programa oparoa ere eskainiko du egitarauak. Guztira, 700.000 euroko aurrekontua izango dute horretarako, eta, Vanesa Fernandezen sei urteko zuzendaritzaren ostean, Joseba Lopezortegak zuzenduko duen lehen jaialdia ere izango da aurtengoa.
Sail Ofiziala
Guztira, 3.571 film ikusi ditu jaialdiko hautaketa batzordeak aurten, eta horietatik hirurogei lan apartatu dituzte Sail Ofizialerako. Film Laburren Nazioarteko lehiaketan proiektatuko dituzte gehienak. Haien artean dira, esaterako, Farahnaz Xarifi zuzendariaren My Stolen Planet lana —Irango emakumeen egoerari buruzkoa—, Iratxe Fresnedaren Errotatiba, Lorea Lyons eta Ane Ines Landetaren Azkena, eta Kamal Aljafari zinemagilearen Undr, Palestinari buruzkoa.
Horiez gainera, bederatzi film ere lehiatuko dira Zinebi First Film izeneko atalean. Bertan proiektatuko dute, adibidez, Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea etaAinhoa Andraka zinemagileek zuzendutako Itoiz udako sesioak izeneko dokumental luzea. Ehun minutu irauten du lanak, eta Juan Carlos Perez musikaria da haren protagonista nagusia. Etxean sekula argitaratu gabeko hainbat zinta topatu zituen Perezek, eta, haien bidez, taldearen lehen urteak izango ditu ardatz lanak. Erabateko estreinaldia izango da proiekzioa, eta Gijongo zinema jaialdian ere emango dute. Pelikula bi jaialdietan izango da lehian, bi erakundeen arteko elkarlanari esker.
7.000 euroko saria jasoko du Zinebiko Sari Nagusia jasoko duen lanak, eta 12.000 eurokoa Zinebi First Film ataleko film sarituak. Horrez gainera, beste hainbat sari ere banatuko dituzte, bai eta 15.000 euroko bi beka ere.
Beste proiekzioak
Lehiaketaz kanpo ere eskaintza oparoa izaten du urtero jaialdiak, eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Nazioarteko jaialdietan nabarmendutako dokumentalak biltzen ditu Beautiful Docs izeneko atalak, esaterako, eta aurten Alberto Serra zinemagilearen Tardes de soledad filma eskainiko du Zinebik. Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra jaso du aurten lanak, eta Bilboko jaialdia izango da hura berriz ikusteko lehen aukeretako bat. Michael Premoren Homegrown, Christine Angoten A family eta Pello Gutierrez Peñalbaren Erreplika lanak ere proiektatuko dituzte.
Bertoko Begiradak atalean hiru dokumental programatuko dituzte, hirurak ere Euskal Herrian ekoitzitakoak. Beñat Iturriozen Enarak da bat. Ernesto del Rioren Ese mundo que no te da nada da beste bat. Eta Jone ibarretxeren eta Nere Falaganen Esto no es Hollywood lana da hirugarrena. Horiez gainera, Euskal Herrian ekoiztutako 27 film labur ere emango dituzte.
Eta hainbat saio berezi ere izango dira, horiez guztiez gainera. Montxo Armendarizen Tasio filmaren aurrekaritzat jotzen den Nafarroako ikazkinak dokumentala ere proiektatuko dute, esaterako, irekiera galan. Horrez gainera, Imanol Uriberen Mikelen heriotza ere proiektatuko dute, lana estreinatu zenetik 40 urte betetzen diren aitzakian. Eusko Jaurlaritzak Kimuak proiektua martxan jarri zuela 25 urte direla ere gogoratuko dute, eta haren parte izandako hainbat film proiektatuko dituzte. Bai eta beste labur sorta nabarmen bat ere.
Ohorezko Mikeldiak
Ohorezko bi aipamen ere egingo ditu jaialdiak aurten. Laura Poitras zinemagile estatubatuarrarentzat izango da haietako bat. Irekiera galan emango diote Ohorezko Mikeldia zinemagileari, azaroaren 8an. «Justizia sozialarekin eta herritarren eskubide eta askatasunen defentsarekin duen konpromiso irmoagatik». Ezagun da, besteak beste, zinemagileak 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondorioei eskainitako dokumental trilogia. 2006an estreinatu zuen My Country, My Country izan zen lehen alea, The Oath bigarrena (2010), eta Citizenfour filma azkena. Besteak beste, film luze dokumentalik onenaren Oscar saria jaso zuen azken lan horri esker, eta Veneziako zinema jaialdiko Urrezko Lehoia ere eskuratu zuen 2022an, Nan Goldin argazkilariari eskainitako All The Beauty and the Bloodshed dokumentalari esker. Eta, hain zuzen, bi film saritu horiek proiektatuko ditu jaialdiak, zuzendaria bertan dela, Bilboko Guggenheim museoan, azaroaren 9an.
Jose Luis Alcaine argazki zuzendariak jasoko du aurtengo beste Ohorezko Mikeldia. «Argazkigintzaren bidez pertsonaien xehetasun emozionalak eta psikologikoak nabarmentzeko duen maisutasunagatik eta atmosfera iradokitzaileak sortzeko eta argia elementu narratibo bihurtzeko duen gaitasunagatik». Besteak beste, Pedro Almodovar eta lehen lerroko beste hainbat zinemagilerekin egin du lan Alcainek. Itxiera ekitaldian jasoko du saria, azaroaren 18an, eta Montxo Armendarizen Tasio pelikularen bertsio zaharberritua proiektatuko dute bertan. Izan ere, Alcaine aritu zen film hartan argazki zuzendari.
Aldaketak eta euskara
Ekainean hartu zuen jaialdiaren zuzendaritza Lopezortegak, eta iragarri du aldaketak «motelak» izango direla eta «errespetuz» egingo dituela. Baina izango dira batzuk, halere. Datorren urtean egingo diren bi aipatu ditu, esaterako. Jaialdiko zuzendariak aurreratu duenez, «behartuta», baina dataz aldatu beharko dute jaialdia hurrengoan. Hori batetik. Eta, bestetik, datorren urtetik aurrera jaialdian animazio filmei arreta handiagoa jartzea da zuzendariaren plana.
Azken sei urteetan Vanesa Fernandez izan da jaialdiko zuzendaria, baina EITBko Kultura eta Euskara zuzendariaren postua hartu zuen otsailean, eta ekainean jakinarazi zuten aurrerantzean Lopezortegak hartuko zuela postua. Fernandezen kasuan ez bezala, deialdi publikorik gabe egin zuten hautaketa. Edonola ere, Fernandezen sasoian bezala, hemendik aurrera ere jaialdiko film guztiak euskaraz azpidatzita egongo direla ziurtatu du Lopezortegak. «Hautu horren defentsa irmoa egiten dugu».
Sarrerak
Sarrerak salgai daude jada. Azkuna zentroan proiektatuko dituzten filmak ikusteko sarrerak 4,5 euroan egongo dira eskuragarri, eta izango da hamar emanalditarako bonuak erosteko aukera ere, 35 euroan. Langabeentzako, erretiratuentzako, ikasleentzako eta gazteentzako prezio bereziak ere izango dira.