Zilarrezko Euskadi sarien irabazleen izenak jakinarazi zituen atzo Liburu Denden Gipuzkoako Elkarteak. Euskarazko lanen kategorian, Yoseba Peñaren Hariak (Susa) liburuari egin diote aitortza liburu saltzaileek, «hiru emakumeren, hiru denbora-espazio desberdinetan, egunerokotasunaren berezitasunak hain modu naturalean azaleratzeagatik». Peñak eginiko dokumentazio lana nabarmendu dute, baita erabilitako idazkera «natural eta zehatza» ere, besteak beste. Gaztelerazko lanen kategorian, berriz, Katharina Winklerren Cárdeno adorno (Periferica) lana saritu du liburu saltzaileen gremioak. Hilaren 23an izango da Liburuaren Nazioarteko Eguna, eta horren harira jakinarazi dituzte saridunen izenak, eguna ospatzeko egingo dituzten ekitaldiekin batera.
Liburuaren Nazioarteko Egunaren karietara, urtero bezala, Liburu Azoka jarriko dute Gipuzkoa plazan. 09:30etik 21:00etara egongo dira zabalik salmahaiak, eta %10 merkeago erosi ahal izango dira liburuak horietan —liburu zozketak ere egingo dituzte—. Donostiako Liburutegi Zerbitzuak ere informazio gune bat izango du azokan.
Halaber, egunotan hainbat libururen aurkezpenak egingo dituzte hirian.
Zilarrezko Euskadi saria irabazi du Yoseba Peñak, 'Hariak' lanagatik
Liburu Denden Gipuzkoako Elkarteak egiten du aitortza. Gaztelerazko lanetatik, Katharina Winklerren 'Cárdeno adorno' saritu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu