Zilar ezteiak ospatzen ari da Goaz taldea Debako Antzerki Astearekin

'Kontxexi detektibea elurretan' taldearen 40. antzezlana estreinatu dute ospakizunen karietara

Erredakzioa
Donostia
2011ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Urtero-urtero, hutsik egin gabe, Antzerki Astea antolatu du Debako Goaz antzerki taldeak. 25. urtea dute aurtengoa, eta ohiturari jarraitzea erabaki dute zilarrezko ezteiak ospatzeko. Kontxexi detektibea elurretan antzezlana eskaini zuen taldeak herenegun; bere ibilbidean 40. obra da. Durangoko Karrika taldeak Hau ez da Kalkuta eta Ondarroako Tramana eta Brix taldeak Hau da paraderua lanak egin zituzten joan den asteburuan. Heldu den larunbatera bitarte, beste hainbat antzerki talde eta obra ikusteko aukera izango da Deban (Gipuzkoa).

Txiukiue izenburupean, duela 500 urteko Txinan kokatutako istorioa taularatuko du gaur Aizarnako Eskola Antzerkiak, 10:30ean eta 11:30ean. Korri, Brinko eta Salto pailazoak bihar arratsaldean iritsiko dira udalerrira Entresaka ikuskizunarekin, azken urteotako pasadizo umoretsuenak eskaintzeko. Etzi, berriz, Euskal Antzerkia hitzaldia emango du Eugenio Arozenak Mendata ikastetxean, hainbat argazkik lagunduta.

Ostiralean Ramon Agirre eta Inazio Tolosaren txanda izango da. Xentimorik gabe antzezlana eskainiko dute 22:30ean, Aldats pilotalekuan. Munduan zehar ibilitako bi artisten gorabeherak taularatuko dituzte, musikaz lagunduta.

Mahai ingurua larunbatean

Larunbatean, Antzerki Asteari amaiera emateko, Euskara jalgi hadi plazara izenburupean mahai ingurua antolatu dute herriko kultur elkartean. Eugenio Arozena, Txotxe Urrutia, Daniel Landart, Imanol Elias, Luis Haranburu Altuna eta Arantxa Ugarte ariko dira hizlari. Euskarazko antzerkia, antzerki eskolak eta beste hainbat gai jorratuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.