Aldi hau kontatzeko lelopean, goitik behera berritu zen BERRIA 2023ko azaroan; jauzi digitala egin zuen, eta euskarri guztietako diseinuak berritu, egungo erronkei hobeto erantzungo zien komunikazio proiektu bat garatzeko xedearekin. Berrikuntza digitala abiapuntu hartuta, kazetaritzan sakontzeko aukera eskaini du, eta aktualitateari zabalago erreparatu: gai propioak landu ditu; Ezer ez eta festa podcasta sareratu du; Olinpiar Jokoen berri eman du; Feminizketak seriearen bidez irakurleak mundura begira jarri ditu feminismoaren ikuspegitik; Atef Abu Saifen Gazako egunerokoa argitaratu du Aleka bilduman, Jakin eta Elkarrekin batera; Urtzi Urkizuk ETBri buruz bildutako informazio, oroitzapen, iritzi eta proposamen sorta argitaratu du… Ikus-entzunezkoak ere baliatu ditu bide horretan, eta bereziki gertutik aztertu du euskarari, hezkuntzari eta kulturari lotutako aktualitatea.
Bide beretik, proiektuak bere independentziari eutsiz egin dezan aurrera, 2023an beste 3.000 BERRIAlagun lortzeko kanpaina gizarteratu zuen, eta ia helburuaren erdia lortu du. Nabarmentzekoa da 30 urte baino gutxiagoko irakurle asko egin direla BERRIAlagun, eta euskarazko egunkaria ekonomikoki babesteko urratsa egin dutela.
Urtebeteko bide emankor horrek ematen duen talaiatik helduko dio aurten Berriak Durangoko Azokari. Goienkaleko 45. eta 46. egongo da, nobedadeak hartuta eta euskaldun eta euskaltzaleekin topo egiteko asmoz. Eta Goienkaleko mahaietatik harago ere izango da edukirik. Gaur 11:00etan, Badok musika atariaren trebakuntza saioa egingo dute Amorantek eta Rafa Ruedak Ahotsenean, irakasleentzat. Eta larunbatean, 13:00etan, Gazako egunerokoa liburuaren aurkezpena egingo dute areto nagusian.
‘Feminizketak’, sarituta
Feminizketak seriea argitaratu zuen BERRIAk 2024ko ekainean, «feminismotik mundura begiratzeko», Maite Asensio BERRIAko kazetariaren eta hitzaurrearen egilearen esanetan. Silvia Federici, Sara Ahmed, Vandana Shiva, Rita Segato, Remedios Zafra eta Irantzu Varela feministei eginiko elkarrizketak bildu eta liburuxka bat osatu dute. Orain astebete irabazi du Rikardo Arregi saria Kazetaritza sailean.
Ikusi gehiago