Ziklo bat eskainiko diote 'screwball comedy' zinema generoari

Gaurtik hasita, Donostiako Tabakaleran 24 film erakutsiko dituzte. Bi liburu argitaratu dituzte; Quim Casasek idatzitakoa euskarara itzuli dute

Clark Gable eta Claudette Colbert aktoreak, Frank Capraren It Happened One Night (1934) filmean. BERRIA.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Barreak eramango ditu Donostiako Tabakalerara Nosferatu zinema zikloak, aurten komediari eskaintzea erabaki baitute Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak. Baina zabala da komediaren eremua, eta genero espezifiko batean jarri dute arreta antolatzaileek: 1930-1940ko urteetako Hollywooden hainbat zinemagilek jorratu zuten screwball comedy deritzon ildoari. Orduko lanik sonatuenak eta hain ezagunak izan ez zirenak bildu dituzte zikloan, eta 24 proiekzio eskainiko dituzte gaur hasi eta ekainaren 14ra bitarte, asteazkenetan, Donostiako Tabakalerako zinema aretoan.

Izen handiko zinemagileen lanak aukeratu dituzte ziklorako, hala nola Howard Hawks, Ernst Lubitsch, Frank Capra, William Wyler, Preston Sturges, Leo McCarey eta George Cukorrenak. Baina askotariko izenak egoteko ahalegina ere egin dutela azaldu zuen Donostia Kulturako Josemi Beltranek aurkezpenean. «Tentazioa bazegoen, adibidez, Hawksen komedia guztiak jartzeko, baina beste zenbait egileren izenburuak ere hor egotea nahi genuen, baita halako ziklo batean ikusteko hain errazak ez diren lanak ere». Genero horren ezaugarri bat nabarmendu zuen Euskadiko Filmategiko Joxean Fernandezek: «Lehen zinema genero feminista» izan litekeela esan zuen, «emakumezkoen pertsonaiak indartsuak, aktiboak eta independenteak» baitira film horietan —besteak beste, Katherine Hepburn, Claudette Colbert eta Irene Dunnek jokatutakoak—, eta haien inguruan «jirabiraka» dabiltzanak, berriz, gizonezkoenak, —Cary Grant, James Stewart eta Gary Cooper nabarmendu ziren horietan, besteak beste—.

Ohi bezala, Nosferatu zikloaren programazioarekin batera, bildumarako ondutako bi liburu aurkeztu zituzten arduradunek eta egileek. Hamaika autorek ikuspuntu desberdinetatik aztertu dute generoa Screwball Comedy. Vivir para gozar (Screwball Comedy. Gozatzeko bizi) lan kolektiboan, Carlos F. Herederoren koordinaziopean. Haren esanetan, «1930-1940 urteetako komedia klasiko estatubatuarraren adar zehatz bat» osatzen du generoak. «Zaila da definitzen, baina bere ezaugarrien artean ditu ezentrikotasuna, protagonismo femeninoa, dimentsio ludiko eta transgresorea, elkarrizketa zorabiagarriak, egoerei buelta emateko gaitasuna eta irudimen handiz zentsurari izkin egitekoa, beste askoren artean». Adituaren irudiko, Depresio Handiaren garaiko AEBetako aldaketa soziologiko eta kulturalei erantzun zien zinemagintza eredu horrek, publikoaren gozamena eragitearekin batera.

Modernitaterik galdu gabe

Testuinguruari erantzuteko asmo horretan, generoak asmatu egin zuela uste du Quim Casasek ere, bilduman argitaratutako beste liburuaren egileak. Screwball Comedy. Hollywoodeko komediaren urrezko aroa idatzi du, eta Aritz Gorrotxategik euskarara ekarri. Casasen esanetan, «herrialdean gertatzen ari zena islatzeko asmo argia» izan zuten genero hori landu zuten zinemagileek. Eta estudioek ere egin zuten haren aldeko apustua. «Aro klasikoko Hollywoodeko estudio handiak ez ziren leloak, eta berehala jabetu ziren krisi garai hartan publikoak zinema ludiko bat eskatzen zuela baina, aldi berean, ez ziona bizkarra emango gertatzen ari zenari. Eta komedia beti izan da genero nahiko subertsiboa». Columbia estudioa, esaterako, porrot ekonomikotik salbatu zuen It Happened One Night filmak. «Ekoizleek automatikoki ikusi zuten eremu interesgarria zela artistikoki eta, batez ere, ekonomikoki».

Frank Caprak 1934an zuzendutako film hori jotzen da generoaren abiapuntutzat, eta II.Mundu Gerraren amaiera bitarte landu zen, gutxi gorabehera. Tarte horretan, hamaika zinemagileren lanak pantailaratu ziren, horien artean, generoaren gailurtzat jotzen den Bringing Up Baby (Howard Hawks, 1938). Casasen ustez, «Slapstick edo komedia mututik soinudun zinemarako trantsizioa ondoen egin zuen generoa izan zen», eta Leo McCarey zinemagileak ulertu zuen jauzi hori beste inork baino hobeto.

Adituaren ustez, arrasto handia utzi duen generoa izan da, eta duela ia 80 urte sortu arren, «beste genero batzuen aldean, ez du galdu orduan erakutsi zuen modernotasunik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.