Astearteak bezpera goxo baten zaporea izan du Tatxers taldeko Martin Ziriza (Iruñea, 1999) eta Jon Salinas Sali-rentzat (Iruñea, 1999). Baina akabo itxaronaldia. Gauerdia ailegatzearekin batera, kaleratu dute hirugarren lan luzea: Ezpatei disdira (Humo Internacional). Zazpi kantu bildu dituzte guztira —aurrez argitaratuak zituzten Etsaiak agurtzen eta Tokion aurrerapen kantuak—, eta, kideek diotenez, besteak beste, estudioko lanketa ordu askoren emaitza dira, «baita kapritxoren batena ere».
Edonola ere, nobedade bat baino gehiago bistaratu du lan berriak, taldearen osaeratik hasita: Iñigo Soria bateria joleak 2023ko abenduan eman zuen azken kontzertua Tatxersekin, eta Sergio Devesa zaldibartarra dabil orain Salinasekin (baxua eta ahotsa) eta Zirizarekin (gitarra eta ahotsa) jotzen. Azken biek aitortu dutenez, «hiru popzale» dira, orain ezin kabiturik direnak, kantak taularatzeko desiotan. «Nigatik balitz, lehenago ere hasi izango nintzen kanta berriak jotzen. Aurreratu dugu baten bat, baina, nigatik, igual denak», onartu du umoretsu Salinasek. Baina akabo itxaronaldia. Ostiralean Bilboko San Frantzisko auzoko Sarean gunean ariko dira. Biharamunean, irailaren 14an, Burlatako gaztetxean (Nafarroa), Egun Motelak kolektiboak antolatutako laugarren jaialdian.
Azken diskoa eman eta urte eta erdi eskasera eman duzue beste hau: Ezpatei disdira. Noiz hasi zineten kantuok kozinatzen?
JON SALINAS: Iazko irailean-edo. Niri, disko bat atera eta berehala hasten zaizkit beste ideia batzuk sortzen, eta joaten zaizkit sakelakoan pilatuz. Ez da izaten etenaldirik. Halere, berez, 2023ko irailean Sergio [Devesa] bateria jotzailearekin entseatzen hastean hasi ginen serio konposizioan.
MARTIN ZIRIZA: Zaharrak entseatu ordez, berriekin hasi ginen.
Hain zuzen, hirukotea izaten segitzen du Tatxersek, baina, bistan denez, ez zarete berberak: Iñigo Soriaren hutsunea betetzeko heldu da Sergio Devesa. Ezta Ilen, Worth It eta Unfix taldeetan ere aritzen da. Zer ekarri dio taldeari?
ZIRIZA: Batetik, Saliri eta bioi ekarri digu aurrez genituen asmo guztiekin aurrera egiteko indarra. Iruditzen zait lehen gehiago kostatzen zitzaigula erabaki batzuk hartzea, eta lagundu digu horretan. Musikalki ere, Sergio hasiera-hasieratik iruditu zitzaigun oso egokia guretzat; bagenekien berari ere gustatzen zaiola guk entzuten duguna. Gainera, Ezta Ilenen jotzeko duen modua ez zait iruditzen sobera-sobera desberdina Tatxerseko kanta batzuekin alderatuz gero.
SALINAS: Sergioren beste taldeak makarragoak dira Tatxers baino, baina bihotzez popzale bat da [barrez]. Hori bai: uste dut ekarri duela berea; adibidez, azkartasuna.
«Argi geneukan gitarren presentzia handitu nahi genuela, gorputz handiagoa izan zezaten, eta horretarako bikoiztu ditugu gitarra guztiak. Iruditzen zait asko eskertzen dela, bestela igual arinegi geldituko ziren eta»
MARTIN ZIRIZA Gitarra eta ahotsa
Argitaratu berri duzuen lanean soinua ez da, akaso, aurreko albumetan bezain gardena. Aurrez zenuten erabakia musika zikinagoa nahi zenutela sortu?
SALINAS: Nik uste dut disko hau poperoagoa dela, batez ere konposizio aldetik eta abesti gehienek duten egituragatik. Baina soinua zikinagoa da; sartu diogu distortsio gehiago, gitarrak beste modu batera landu ditugu… eta, gainera, ahotsak pixka bat altuago daude [irribarrez].
Ahotsak ozenago, jendeak hala eskatuta?
SALINAS: Bueno, askotan esan digute, eta azkenean egin dugu. Bestalde, abestiren batean ahotsei ere sartu diegu distortsioa; gehiago jolastu gara soinuarekin.
ZIRIZA: Nahiz eta hasieratik ez jakin diskoan zer nahi genuen zehazki, argi geneukan gitarren presentzia handitu nahi genuela, gorputz handiagoa izan zezaten, eta horretarako bikoiztu ditugu gitarra guztiak —bakoitzari anpli eta gitarra ezberdina sartuz—, eta horrek bai ematen diela zabaltasun handiagoa. Iruditzen zait asko eskertzen dela, bestela igual arinegi geldituko zirelako, behar adinako potentziarik gabe. Ahotsarenarekin batera, iruditzen zait hori dela aurreko diskoan hankamotz gelditu ziren gauzetako bat.
Autokritikak bultzatuak dira aldaketa horiek guztiak, orduan?
ZIRIZA: Bai, bai.
SALINAS: Niri aurreko diskoa asko gustatzen zait, bereziki oso gordina delako. Baina igual gordinegi gelditu zen, eta barruak zerbait osatuagoa eskatzen zigun orain. Ez dakit zein den hitza, zehazki; zerbait produzituagoa, igual? Horrelako zerbait.
Berako Atala estudioan (Nafarroa) grabatu duzue lan hau ere, Iñigo Irazokirekin. Zalantza edo buruhauste asko izan duzue pauso horretan?
SALINAS: Bai, bai. Buelta asko eman dizkiogu [eta buruarekin baietz Zirizak ere].
ZIRIZA: Eta horregatik luzatu da hainbeste grabaketa; nahasketa sekulako nahaspila izan da. Orain, halere, eta distantzia hartuz, izugarri eskertzen dut bertan egindakoa. Eta, kasu batzuetan, garaiz gelditu izana ere bai. Zeren igual bi egun gehiago eman, eta izorratuko nuen guztia, eta akabo.
BERRIAri emandako azken elkarrizketan, aitortu zenuten Tatxers diskoan bereziki frikeatu zenutela, bereziki esperimentatu. Itxuraz, halaxe aritu zarete orain ere, behintzat Gorramendi kantuan. Abestiaren hasieran, euria; bigarren minututik aurrera, instrumentala nagusi, eta ahots audio bat hondoan, ingelesezkoa. Prozesuak zenbat izan du jostetatik, oro har?
SALINAS: Abesti hori kapritxoa izan da. Gustatzen zaigu disko bakoitzean sartzea, behintzat, kanta berezi bat, eta hori estudioan bertan egin genuen.
ZIRIZA: Izatez, ez zen sartzekoa ere, baina azkenean bai. Bateria jotzen duena ez da Sergio, baizik eta Kaskezur taldekoa: Mikel Sanchez. Asko pozten naiz sartu izanaz; zeren susmoa dut abesti hori ez balego pentsatuko genukeela diskoak zerbait falta duela. Bestalde, oso aspaldi nuen buruan Gorramendiri buruzko zerbait egitea.
Gorramendi zer da, zehazki?
Gorramendi Baztango [Nafarroa] mendi bat da, Amaiur ondoan dagoena, eta estatubatuarrek base bat eraiki zuten haren gainean. Kantuan kontatzen dut base horretako militar bat Amaiurrera joaten denekoa; bakarrik sentitzen da, jendeak ez du begi onez ikusten eta, azkenean, amore eman eta Baztanera joaten da bizitzera. Aspaldi nuen istoriotxo hori buruan, idatzi gabe.
Baina kantuak berez etortzen dira, edo behar zaie etorrarazi?
ZIRIZA: Instrumentala probokatu egin behar da, hori seguru.
SALINAS: Nire kasuan, hitzak dira gehien probokatu behar ditudanak. Ez naiz oso fina hitzak egiten, eta idaztea oso ariketa kontzientea da niretzat, batez ere, musikaren mesedetarako idazten dudalako beti, eta ez aldrebes. Segitzen dut defendatzen: inoiz deus sakrifikatu behar izatekotan, hitzak sakrifikatuko ditut beti, baina sekula ez musika.
ZIRIZA: Baina hitzak etor daitezke edozein elkarrizketatatik, edo kalean ikusten duzun edozein gauzatatik.
SALINAS: Bai, hori bai. Gainera, hitzak ere gero eta gehiago lantzen ditugu.
«Segitzen dut defendatzen: inoiz deus sakrifikatu behar izatekotan, hitzak sakrifikatuko ditut beti, baina sekula ez musika»
JON SALINASBaxua eta ahotsa
Baikortasun izpi ugari da kanten hitzetan barreiatuta. Sentipena da mintzo zaretela munduaren laztasuna onartuz, baina, aldi berean, aitortuz badirela zoriontsu izateko bideak, eta, are, esanez zilegi dela horien bila alde egitea. Bizitzari begiratzeko modu baten aldarrikapena da hori?
ZIRIZA: Biznaga taldeak laster aterako du disko bat. Aurreratu dute zerbait, eta sareetan jarri dizkieten iruzkinetan behin eta berriz nabil irakurtzen jendea esaten ari zaiela gizarteak behar zituela kanta horiek, hitz horiek. Biznagakoek kritika sozial eta politiko oso handiak egiten dituzte, eta nik ere uste dut horrelakoak behar ditugula. Alegia, ulertzen dut ongi datorrela kasik ereserki bihurtuko diren abestiak egitea, jendea elkarri batzeko eta elkarrekin egiteko arazo batzuen kontra. Baina, hala ere, iruditzen zait —eta esango nuke taldeko guztiak gaudela ados— gauza politez aritzea edo behintzat itxaropenari bideak irekitzea ere badela positiboa. Pixka-pixka bat amestea ere komeni dela.
SALINAS: Gure desirez idaztea ere ongi dago. Bestalde, igual kontua da horrelakoak garela: ez garela pertsona tristeak.
Epikotasunari izkin egitea izan daiteke zuen beste joera bat? Aire hori dute zenbait esaldik: «Loretxea buruan neukalarik/ Joder! Semaforoa berriz gorri».
SALINAS: Bai, ezta? [Zirizari begiratu dio] Gure gaiak beti dira egunerokotasunari lotutakoak, arruntak eta xumeak. Ni hasten naiz esaldi batekin, eta lotzen dut beste konturen batekin, eta jarrai dezaket nire amatxik esan didan eta ilusioa egin didan esaldi batekin.
ZIRIZA: Semaforoarena graziosoa ere iruditu zitzaidan.
SALINAS: Eta nahi gabe irudia etortzen zaizu burura.
Diskoaren izenburuan ez ezik, armak behin eta berriz azaldu zaizkizue abestietan ere. Adibidez: «Tiro egin didaten horien/ bala denak gordeta dauzkat». Edo: «Daukadan armaz galdetu dit/ ea erabili dudan». Kontzienteki tematu zarete horretan?
SALINAS: Kontzientea izan den bakarra izenburuarena izan da, baina gustatzen zait baliabide bat dudanean hori errepikatzea. Uste dut ezpata hiruzpalau abestitan ateratzen dela. Halere, ez gara oso kontzeptualak.
Biok batera kantuan hau diozue: «Eta esadazu/ gerra berriendako/ arma zahar horiek/ ez dutela balio./ Eta esadazu/ pakea izateko/ nora joango garen/ armak zorroztera». Gerra berrientzako arma zaharkituen ideia estrapola liteke musikagintzara? Gaurko garaian badago lan molde zaharrekin segitzerik?
ZIRIZA: Salik hori idatzi zuenean, nik elkarrizketa bat irudikatzen nuen, zeinetan batek besteari esaten dion zergatik ahalegindu behar den mundua aldatzen. Halako mobida oso idealista bat. Edo, bestela, zerbait oso diferentea, guztiz materiala, norbait besteari esaten diona zergatik militatu behar duen gauzak aldatzeko. Baina, bai, estrapola liteke beste edozertara, eta, beraz, musikara. Loretxea-n ere esaten da zera: «Dena eraitsi eta berriz hasi/ betikotu ta itxaropena hil».
Eta zertan dago berritzeko premia?
ZIRIZA: Ba, musikaz ariko bagara, esan liteke badirela baliabide gehiago musika egiteko, ez direnak tradizionalak; adibidez, ez direnak zigilu diskografiko handi bati lotuak, zeren, gainera, horiek ez dira helduko zure bizitza salbatzera. Badira bide gehiago undergroundean edo kolektibo ezberdinetan.
Konposatzen ari zaretelarik, zenbateraino duzue buruan mezu politikoak txertatu nahia?
SALINAS: Nik batere ez. Beti saiatu naiz abesti guapoak egiten, eta nire mezu politikoa eta konpromisoa beti eraman dut musika inguratzen duen beste horretara: ikusiz non jo, norekin…
ZIRIZA: Nik antzeko ikusten dut. Halere, ez zait gustatzen guztiz alboratzea zuzen-zuzenean politikoak diren zenbait gauza, soilik horregatik. Gure kasuan, uste dut zeharka ere badagoela aritzea. Eta pena emango lidake ikusteak hori ere ez dugula egiten; zorionez, ez dut hori sentitzen orain.
Batzuetan, zuenean badago mezu politiko aski espliziturik; esaterako, klasearen auziari lotuak. Tokion abestian, adibidez: «Aurrean salaryman-a/ begietan bere frustrazioa».
SALINAS: Eta segur aski abesti guztietan egin liteke interpretazio politiko bat.
ZIRIZA: Politika egin daiteke modu sotilagoan ere, eta igual eraginkorragoa ere bada batzuetan.
Non jo erabakitzearen inportantzia aipatu duzue arestian, eta jakinekoa da kontzertu zirkuitu alternatiboetan jotzen duzuela sarri. Are, Iruñerrian kontzertu autogestionatuak antolatzen dituen Egun Motelak kolektiboan zabiltzate, eta, preseski, haren gerizpean aurkeztuko duzue diskoa larunbatean Burlatan (Nafarroa). Tatxersekin kontzertuak eman ahala ikusi zenituzten halakoak antolatzeko motiboak parez pare?
SALINAS: Ikusi dugu Iruñean dauden proiektu askok eta askok oso zail dutela hemen jotzeko. Badira taldeak igual ez lituzketenak beteko Zentral edo Totem, eta, beraz, ez dutenak non aritu. Kanpoko askori berdin gertatzen zaie, eta, orduan, ez dira pasatzen Iruñetik. Oso leku gutxi daude. Horrez gain, noski, zirkuitu alternatibo eta autogestionatu txikietan erlazioak askoz gertukoagoak dira.
ZIRIZA: Niri ilusio handia egiten dit Iruñean horrelako zerbait sortu izanak, eta uste dut egingo duela bere bidea. Indar mugatuak dauzkagu, baina asmo asko lortzeko gabiltza lanean.
Zer bidetan barna eta zer entzule klaseren artean nahi zenukete mugiarazi Ezpatei disdira?
SALINAS: Abendura arte hamabost bat kontzertu ditugu lotuak; denak Euskal Herrian, bat izan ezik —hori, Madrilen—. Eta amets bezala, esango nizuke ahalik urrunen joango nintzatekeela. Eman dezagun: Japoniara.