Zigaren egoitza iraunkorra Kondestablean ez jartzea erabaki du Iruñeko Udalak

Ziga fundazioaren arabera, udalaren erabakia politikoa da, ez teknikoa. Belokik uste du Kondestablea ez dela museo bilakatzeko egokia

Ziga eta Paris (1912-1914) erakusketa, 2014an, Kondestablen. IÑIGO URIZ / ARP.
Naiara Elola.
Iruñea
2016ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Ia urtebete negoziatzen igaro ondoren, ez dute akordiorik lortu Ziga Fundazioak eta egungo Iruñeko Udalak. 2015eko apiril amaieran, UPNren esku zegoen udal gobernuarekin sinatu zuen fundazioak hitzarmena. Bertan, besteak beste, Javier Ziga artista iruindarraren lanak erakusteko egoitza iraunkorra Iruñeko Kondestablearen jauregian jartzea aurreikusten zen. Maider Beloki Kultura zinegotziak «arrazoi teknikoak» aipatu ditu hitzarmena bertan behera uzteko argudio gisa. Hala ere, Pello Fernandez Oiaregik, Ziga fundazioko idazkariak, gezurtatu egin du arrazoi hori. Izan ere, egoitza iraunkorra Kondestablearenean ez jartzea erabaki «politikoa» dela argi du, «Iruñeko Udalak ez diolako kalte egin nahi Baztango Udalari».

Egun, Javier Zigaren lanak, besteak beste, Baztango Museo Etnografikoan ikus daitezke, Elizondon, eta Nafarroako Museoan. Fundazioak 2008an sinatu zuen Baztango Udalarekin 2018ra arteko ituna. Horri esker ikus daitezke Museo Etnografikoan Zigaren artelanak. «UPNrekin sinatutako akordioa ikusi genuenean, berehala ohartu ginen hor amarru txiki bat zegoela, ez zelako aipatu ere egiten Baztango Udalarekin duten akordioarekin zer gertatuko zen», azaldu du Belokik. Gaineratu du Iruñeko Udalak ez duela inoiz beste administrazio baten interesen aurka egingo. Iruñeko Udalak bere asmoen berri Baztango Udalari emateko eskatu zion Ziga Fundazioari .

Fernandez Oiaregi ez dator bat. Haren iritziz, aurreko udal gobernuarekin sinatutako itunak ez du «inolaz ere» urratzen Baztangoarekin adostutakoa. Are gehiago, argitu du Elizondon etnografiarekin «lotuago» dauden lanak izango liratekeela erakusketa iraunkorra Kondestablearenean jartzea lortuz gero.

Hala ere, Kondestablearen jauregia, Belokiren aburuz, ez dago prestatua Zigaren lanak modu iraunkorrean erakusteko. «Kondestablea Civivox bat da, eta horiek ez dira museo txikiak. Iruditzen zait Zigaren erakusketak egin daitezkeela, baita harekin lotutako ekintzak ere. Baina ez dugu ikusten haren lanen egoitza iraunkor modura».

Urteak dira Ziga Fundazioak artistaren artelanak modu iraunkorrean erakutsiko dituen egoitza bat eskatzen duena. Fernandez Oiaregi: «UPNrekin hitzarmena sinatu genuenean, egoitzarik egokiena zein zen aztertzen aritu ginen. Kondestablea egina zegoenez eta ahalegin ekonomiko handia eskatzen ez zuenez, aukera ona izan zitekeela erabaki genuen». Baina Belokikritiko agertu da hitzarmen horrekin, eta salatu du hitzarmenean ez zela zehazten Kondestablea museo bilakatzeko inolako proiekturik. Hutsune horretaz jabetuta, jauregia museo nola bilakatu zitekeen azalduz, proiektu bat aurkezteko eskatu zioten Ziga Fundazioari. Proiektua iragan uztail amaieran aurkeztu zuten azkenean, eta horrek udalak erabakia hartzeko prozesua «asko luzatu» duela aitortu du Belokik.

Proiektuaren nondik norakoak jakinda, Belokik uste du Udalak ezin dituela bere gain hartu Zigari eskainitako espazio iraunkorrak eragingo lituzkeen gastuak. Izan ere, hiru enpresak egindako azterketen arabera, Kondestablea museo bilakatzeko 125.000 eta 300.000 euro artean beharko lirateke. Zenbateko horretan sartu gabe daude artelanak zaharberritzeko lanak, segurtasun zerbitzuak eta aretoa egunero irekitzeak eragiten dituen gastuak.

Espazio propioaren beharra

Iruñeko Udala eta Ziga Fundazioa bat datoz artista iruindarraren lanak erakusteko espazio propioa beharrezkoa dela. Belokik, gainera, artistaren bizitza nabarmendu du: «Javier Ziga artista abertzalea zen, eta iruindarra, gainera. Iruñeko Udaleko zinegotzia zela, espetxean sartu zuten. Guri udal gisa asko interesatzen zaigu bai haren bizitza, bai obra. Haren lana bilduko duen eremu bat nahi dugu». Helburu hori lortzeko, Nafarroako Gobernuaren, Iruñeko Udalaren, Ziga Fundazioaren eta Baztango Udalaren elkarlana eskatu du Maider Belokik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.