'CUERPOS CELESTES'
Laida Azkona nafarrak eta Txalo Toloza txiletarrak erregularki bisitatzen dute Euskal Herria —ez nahiko genukeen bezainbeste, hala ere—, eta oraingo honetan Cuerpos celestes (Gorputz zerutarrak) aurkeztu dute Iruñeko Gaiarre antzokian. Konpainiaren ezaugarriak dira performance oso aurreratuak plazaratzea, zintzotasun eta maila artistiko handian bilduta. Gainera, haietan ezinbestekotzat jotzen dute gure munduaren gaineko gogoetak txertatzea, ikuspegi antropologiko, historiko, sozioekonomiko eta politikotik.
Oraingo honetan lur arraroen eta mineral preziatuen kontua ekarri dute taulara, horrela frogatuz punta-puntako gaiek pizten dutela beren interesa. Zorionak, bikote: bete-betean asmatu duzue proposamen honekin ere, eta ez bakarrik auziaren gaurkotasunagatik. Lur arraroak eta mineral estrategikoak boladan egon daitezke, baina Azkona-Tolozatarrek beste dimentsio batzuetara eraman dute kontua, meteoritoen espazio-meatzaritza, Marteren balizko kolonizazioa, Ilargiaren eta kosmosaren pribatizazioa eta Lurretik kanpoko kolonietan emango genukeen bizimodua zorroztasun zientifikoarekin eta sakontasun filosofikoarekin aztertuz.
Xede horri begira prestatu duten dispositiboa sinplea bezain eraginkorra izan da. Atzealdean paratutako bi pantailetan irudi esanguratsuak, gaurko magnate amorratuen adierazpenak eta, besteak beste, Carl Sagan astronomo eta filosofoaren gogoeta sakonak ikusi ditugu. Eszenan, ordea, kamera bateko eta fokuetarako tripodeak egon dira eta oihal metalizatu pare batekin, flotatzen zuen zilarrezko asteroidearekin eta ke-lainoekin irudikatu da kanpo-espazioko desolazioa. Argiztapen lan miresgarriak, dramaturgia dinamiko baina lasaiak eta musika teknologiko bizigarriak egin dute beste guztia.
Marteko ustiapenaren protagonista Valentina K. Arteta delako bat izan da, eta haren bidez ezagutu dugu planeta gorriaren kolonizazioa eta geroko abandonua —interesgarriak, gero, kolonizazio kontzeptuari buruzko gogoetak—. Bide batez, Valentina izena hautatu dute Valentina Tereshkova sobietarraren omenez, hura izan zelako lehendabiziko emakume kosmonauta. Don’t forget, yankiok. Eta Arteta abizena ez da izan gure onomastikari egindako keinu bakarra, hango meatze-asentamendua Bergara deitu omen zelako eta planetatik bidalitako mezuek hogei minutu beharko luketelako Bermeo, Izaro edota Mundakarainoko joan-etorria egiteko.
Emanaldia gaztelaniaz izan denez, aipatzekoa da femeninoa erabili dutela zientzialariak eta kosmonautak izendatzean, eta, bestalde, noizean behin Tolozaren ahotan etorri direla umore txinparta finak zientzia eta fikzioaren arteko horretan, berak egin duelako hain serioa eta sakona zirudien gaiaren lurreratze filosofikoa.