Zientzia eta artea, elkarlanean

Artea eta zientzia uztartzen dituzten lau prototipo aurkeztu dituzte Tabakaleran. Artisten eta zientzia erakunde eta enpresen arteko lankidetzaren emaitza dira artelanak.

Tabakaleran, Maquinas de ingeni, jakintza bidegurutzean erakusketa
Laura MM eta BCBDk eginiko prototipoa, Tabakaleran. GORKA RUBIO / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2023ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

Lau prototipo aurkeztu dituzte Tabakaleran, Máquinas de ingenio, jakintzen bidegurutzean erakusketaren harira. Artea, gizartea, teknologia eta zientzia ditu ardatz erakusketak, eta CIRCEren babesarekin garatu dute proiektua. Lau artistaren eta Euskal Herriko lau erakunde eta enpresaren artean egindako arte eta zientzia lanak ikus daitezke Tabakalerako lehen solairuan. Bilduma bi zatitan banatuta dago; alde batetik, 2020 eta 2022 bitartean egindako lanak, eta, bestetik, orain aurkeztutako laurak, 2022 eta 2023 urteetan egindakoak.

Maria Ptqk erakusketako komisarioak nabarmendu du artelanen prozesuei «garrantzi handiagoa» eman behar zaiela, eta hori dela erakusketan prototipoak aurkezteko arrazoia. «Gaur egun pil-pilean ditugun zientzia eta teknologia gaiak uztartu dira prototipoetan, artearen eta zientziaren kontzeptuak elkarrekin baitoaz», azaldu du Ptqk-k. Robotika, neurozientzia, elikadura eta energiaren jasangarritasuna dira lau prototipoen oinarriak. Tabakalerako kultura zuzendariak, Clara Monterok, nabarmendu du zein garrantzitsua den gaur egun kultura: «Aurrerapen zientifikoak oso azkar gertatzen dira. Teknologia arloetako adituena ez ezik, oso garrantzitsua da artisten inplikazioa ere, aldaketa horien etorkizun berriak irudikatzeko; eta, era berean, oso garrantzitsua da kulturaren inplikazioa, aldaketak gure gizartean hedatzeko». Ptqk aldaketa teknologikoei buruz ere aritu da: «Aldaketa teknologiko handiak gertatu dira azken bi mendeetan, eta gizarte moduan aldaketa horiekin zer egin nahi dugun jakin behar dugu. Hausnarketa prozesu bat da, eta bide horretan lagungarri da artea».

Euskal Herriko lau erakunde eta enpresaren kolaborazioa «ezinbestekoa» izan da, Monteroren ustez. Prototipoen eraketan Basque Culinary Center, DIPC Donostia International Physics Center, BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Language eta Tekniker erakundeek parte hartu dute. Bestalde, aurkeztutako lanak lau emakume artistak egin dituzte: Marina Oterok, Laura MMk, Amaia Vicentek eta Elsa Yranzok. Prototipoak 2023ko martxotik aurrera garatu dituzte.

Prototipoak

Tabakalerako hegoaldeko aretora sartuz, lehendabiziko prototipoa Exografiak deiturikoa da. Amaia Vicente artistak sortu du, Tekniker enpresaren laguntzaz. Vicenteren proiektua robotikan oinarritzen da; zehazki, robotikaren eta gizakiaren arteko harremanetan. «Gaur egun ezagutzen dugun robotika kooperatiboa da; hau da, robotaren eta gizakiaren arteko elkarlanean oinarritzen da. Amaiak eginiko lana ikaragarria da, eta kooperatibismoaren adibide garbia», azaldu du Luis Uriartek, Tekniker enpresaren izenean. Vicentek «Frankesteinen alaba» moduan deskribatu lana, eta «kapitalismo zibernetikoaren» emaitza dela azaldu du. Exoeskeleto bat ikus daiteke, mugimendu jarraituan, eta atzekaldean proiekzio bat. Erakusketaren antolatzaileen arabera, prototipo horrekin makinaren eta organismoaren arteko mugak aztertu nahi izan dituzte garatzaileek, eta horiek zer eragin duten gorputzaren pertzepzioan.

Aurrerago, Laura MM eta BCBDren arteko elkarlanean egindako C: El punto justo del conflicto cognitivo lana dago: adimen artifiziala erabiliz egindako ume baten irudikapena da prototipoaren oinarria. Umeak, C izenekoak, artista izan nahi du. Artelan interaktiboa da, eta pantaila baten bidez Crekin jolasteko aukera dago. Jolasen bidez emandako erantzunetan oinarrituta, adimen artifizialak artelan bat sortuko du, eta, era berean, ikusleek emandako erantzunekin garatuz joango da Cren adimen artifiziala. «Gatazka kognitiboa da prototipoaren oinarri zientifikoa», azaldu du BCBLko Ana Fernandezek.

Elikaduraren harira egindako prototipo bat da hirugarrena. Elsa Yranzo artistak Sugar Detox Clinic lana aurkeztu du, BCC Basque Culinary Centerrekin lankidetzan. «Gastronomia ere artea da, eta hori betidanik izan dugu argi. Elikadurak eman dezakeen pertzepzioa aldatu nahi izan dugu proiektu honetan, azukreak ematen digun pertzepzioa gehienbat», esan du BCCeko Asier Aleak. Gaur egun gizarteak azukrearekin duen harremana hartu du hizpide Yranzok: «Azukrearen obsesioari aurre egiteko desintoxikazio klinika bat irudikatu nahi izan dugu. Ikuslea barruraino sartu ahalko da, eta, galdera azkar bati erantzunez, eskuragai dauden bost gominoletako bat jasoko du». Prozesuan Elena Romeo gastronomia zientzietako doktoreak eta Nahuel Pazos sukaldari ikertzaileak lagundu diote Yranzori.

Azkenik, DIPCk eta Marina Oterok sortutako Compost computacional prototipoa dago. «Datu biltegiratzeak gure ingurumenean zenbateko inpaktua duen aztertu dugu prozesu honetan, eta soluzio jasangarriak bilatu. Datu biltegiek energia eta ur asko kontsumitzen dute, eta, horri aurre egiteko formen bila aritu eta gero, Compost computacional izan da emaitza», esan du Oterok. Obrak konpost ontzi bat irudikatzen du, materia organikoz eta zizarez betea. Konpost ontzia DIPCk diseinaturiko simulazio batek isurtzen duen beroaz elikatzen da, eta, horrela, datu biltegi handien energia aprobetxatzeko irtenbide bat erakusten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.